Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 158. zenbakia

Mundiala, prostituzinoa eta Suedia


Sentsibilizauriko herrialdea

Aitatzekoa da Suediako eretxi publikoarentzat prostituzinoarena nahiko gai eztabaidagarria izan dala, 'sexua erostea' orain dala zazpi urte garalazo ebelako. Ganera, gaur egun prostitutea ez da zigortzen, baina bai, ostera, sexuaren truke pagetan dauen kontsumitzailea. Alemanian, barriz, prostituzinoa legezkoa da eta, Europako ganerako herrialderik gehienetan lez, teorian zigortzen dana andrazkoen trafikoa da.

Gorago esan dan lez, Suedian prostituzinoa ez-legezkoa da. Hori dala eta, Borgström-en eretxiz, mundialera joan ezean, herrialdeak argi eta garbi itxiko dau zeintzuk diran euren printzipioak. Baina, dan-danak ez datoz bat. Lars-Aake Lagrell Suediako Futbol Federazinoko burua harri eta zur agertu da eta Borgström populista hutsa dala adierazo. 'Alemaniagaz egiten doguzan salerosketak be bertan behera itxi behar doguz? Merkataritzako hartu-emon guztiak eten behar doguz?' adierazo eban Lagrell-ek.

Kontuak kontu, eztabaidea piztuta dago. Alemaniako komunikabideen ustez, atzean dagoanak ez dauka zerikusirik mundialagaz, ezpada Iparraldeko herrialde honetan irailean izango diran hauteskundeakaz. Dana dala, Europako Iparraldean zabaltzen diran eztabaidek zer pentsau handia emon behar leuskiguz, munduko bazter honetako herritarren printzipioak noraino ailegetan diran ikusteko; Europako hego-sartalde honetan, zoritxarrez, holako eztabaida publikoak pentsauezinak dira.

Begiluzea

Futbol mundialaren inguruan andrazkoen trafikoaren kontra egiten diran ahalegin guztiak gitxi izango ei dira. Orain dala gitxi Suedian sortutako eztabaida batek, ostera, liskar handia sortu eragin dau.

Inork ez daki zehatz zenbat emakume izango diran Alemanian futbol mundialean barrena ogibiderik zaharrenetariko batean jarduteko, ez eta horreetariko zenbatek jardun behar izango daben prostituzinoan behartuta. Kopuru hori ez-legezkotasunaren ilunguneetan galtzen da. Sexu esklabotasunaren arazoaren ganeko kontzientzia hartzeko, Suediako bardintasun aukeretarako arartekoak, Claes Borgström-ek, ika-mika gogorra sortu eragin dauen kanpainea abian imini gura izan dau.

Beraren eretxiz, Suedia ez litzateke joan behar Alemaniako Futbol Mundialera, sexu esklabotasunaren kontrako protestea argia izan daiten. Andrazkoen defendatzaile honen esanetan, boikot honek herrialdearen jarrerea eta jokabidea argi itxiko leuke, mundialari begira ez eze etorteko diran ekitaldi handiei begira be.

Halanda ze, Borgström-en ustez, Suedia ez litzateke Alemaniara hurreratu behar, mundialean izango dan prostituzino igoerearen kontrako jarrera sendoa erakusteko. 'Burdeletan emakumezkoak falta izango dira eta horren ondorioz atzerriko milaka gazte engainau behar izango dabez dirua eta etxebizitza duina aginduta, sexu trafikoan parte hartzen behartuz' adierazo dau Borgström-ek.