Eretxia  IV. urtea // 158. zenbakia

Bono, bere aukerearen zain


IƱaki Atxutegi

Ezusteko galanta orain egun batzuk hartu genduana! Espainiako gobernutik kanpo geratu zan Bono 'megaespainiarra'. Piperpotoari musu emon ostean, Espainiaren aldeko oihua eskatu eta agur esan eutson ministro karguari. Sobran ei egoan mantxarra, bera lako abertzale espainiarrarentzat ez ei dagoalako lekurik Espainiako gobernuan.

Ahal dauen moduan dabil Zapatero arazoak konpontzen. Catalunyako Estatut barriaren erreformeari 'sobran' eukana kendu izan deutse, Alfonso Guerra barritsuak esaten ebanez. Seguru nago CiU eta ERC alderdietan ez dabela ondo hartu Guerrak esandakoa, baina onartu daigun egia: haren berbak zer jazo dan ondo baino hobeto islatzen dabe. Eta Euskadiko Estatutu Politikoari jagokonez, beste horrenbeste.

Bonorentzat, halanda be, gehiegizkoa zan Catalunyari emondakoa. Gehiegizkoa zan onartutako nazinotasun errekonozimendua. Ez dau ardura onartutakoak ezelako indar eragilerik ez izatea. Euskal bake prozesuari jagokonez be argi baino argiago ei dauka Zapateroren politikea ez dala berak egingo leukean. Sinistuta egoan Bono ez egoala terroristakaz berba egiterik, edo horixe esaten eban, behintzat. Are gitxiago, berba egin eta gero zeozer emon behar baldin bazan bakea lortu ahal izateko.

Inkestem araberak, barriz, Bono ministrorik maitatuena zan. Halan da be, ez zan hori nahikoa berarentzat. Boterea Zapaterok dauka eta Bonok agintzeko boterea gura dau. Bonoren zoritxarrerako gero eta sendoago dago Zapatero. Eta apustu egingo neuke Bono baztertu egin dala Zapaterok porrot egingo dauela pentsaurik. Baina gogoratu daigun politikan, bizitzan bezela, oso denpora tarte laburrean aldatzen dirala egoerak. Alderdi popularra astebetean pasau zan gehiengo osotik oposizinora. Eta ez dago oraindino ziurtatzerik Zapateroren apustuek ondo urtengo dabez ala ez.

Eta Zapatero jausiko balitz, hortxe izango geunke Pepe Bono Espainako bandera eskutan alderdia, herria eta herritarrak salbetako prest. Hauxe da Bonok eta bera lako beste batzuek saldu gura deuskuena. Baina uste dozue zuek gaur gobernuan dagozanak ez dirala Bono bezain abertzale espainiarrak?