Bertsotan  IV. urtea // 158. zenbakia

Bilosik


Bilosik

Hanka biko itsasneska,
erreinu bako juglare;
sartu-urtenean doan
lur zabaleko zizare;
pirata nintzalakoan
neure timoiaren jabe...
Honeek sentipen barriok
urperatu egin nabe.(bis)
Dana da itsasikara,
kalanbre, ansiedade...
Ezin amua saihestu
parean ikusita be.
Salbazinorik ez daukan
harrapakinaren pare,
ai! zelan bihurtu jatan
bihotza aramu sare. (bis)

Amuari ihesean
ta sareari erpeka.
Basakatu kumea naz
asun artean gordeta.
Harkaitzaren kontra doan
gidaririk bako delta.
Ez dakit zein dan barruan
zapaldu deustazun tekla. (bis)
Zelan emon behar deutsat
ezinegonari buelta.
Zure besoen artean
galduko neuke oreka,
itxiko deustazun arren
barrua zauriz beteta,
kontroletako uholde
haundiegia da eta. (bis)

Onartu gura ez arren
maitemindu naz benetan.
Hanka bako itsasneska
ozeanoko uretan.
Baina ugerrean aske
joan gura dot errekan,
ta lantzean behin jausten naz
beste baten besoetan .(bis)
Baina ikutu bakotxak
mina ekarten deust bueltan;
miseria ta egia
doaz nire malkoetan.
Amaitzen dot komunean,
beti edo gehienetan,
espiluari begira
zure ganean berbetan. (bis)

Lurra gorri, lurra sutan;
maitaleentzat safari.
Erdu asunen artera
armarik bako ehiztari.
Hurreratu zaitez hona
eta sare hau ebagi.
Okela gustetan jako
basakatu kumeari. (bis)
Zuk emon niri mosu bat,
nik zuri erpekada bi.
Zure laztanen goseak
bihurtu nau erpekari.
Zeugaz lo hartu gura dot;
zeure ondotxuan jagi.
Ez deutsat malko gehiago
gehitu gura errekari. (bis)

Urpeko gaziak busti
eta desegin jat mapa.
Ortozik, altxorrik barik,
oinez joatzu pirata.
Ez gaixotzeko ganetik
nork bota behar deust manta.
Armaduraren zatiak
galtzen noa tangadaka. (bis)
Aska nagizun zabaldu
behar al deutsut pankarta.
Botilan dago mezua,
mezuan dago post data.
Laster helduko da zure
eskura birinbolaka.
Ezezagun dozu nire
bihotz bilosaren marka. (bis)

Ni bilostuko banauzu
zu bilostuko al zara?
Zure begiradaren zain
dago nire begirada.
Zeuk be ez zipriztintzeko
ipini zendun manpara...
Zizare-zuloak egin
ditugu iruntzitara. (bis)
Hau ete da hasikera
barri baten zertzelada.
Harriak botaten biok
joango gara uretara.
Busti neugaz politori!
Laga, higa, biga, baga...
Entzun egin gura deutsut
zeri deutsazun ikara. (bis)

Igual asunak, ehiztari,
damotsu erresumina.
Hazkura kentzeko ona
izaten ei da ozpina,
baina zauri danentzako
ez da efektu bardina
eta ondino ez dakit
zein dan zuk daukazun mina. (bis)
Botila jaso aurretik
zarratu dozu kortina.
Ehiztaria ilunpean;
sarean harrapakina.
Ez dakit zein izango dan
mezuaren eragina.
Ozpinduko ete jatan
zeuganako maitemina. (bis)

Pirata begibakarra
ez da pirata itsua.
Badakit zer dan erreka,
zelakoa dan pozua;
ozeano irunslea,
itsasoaren pultsua...
Bihotzak zu behar zaitu
ta buruak deskantsua. (bis)
Ondo ulertzen deutsudaz
zalantza eta izua,
baina ezin dot eroan
bion minaren pisua.
Eguna argitu arte
emongo deutsut plazua,
sentidu gura badozu
itsasneskaren mosua. (bis)

Oihane Enbeita

Lurra gorri, lurra sutan,
maitaleentzat safari,
erdu asunen artera
armarik bako ehiztari,
hurreratu zaitez hona
eta sare hau ebagi...

Sarearen mugak ebagiteko moduko maitasun bertsoak dakarguz atal honetara. Txapelketa eta sariketeei oporrak emon deutseguz Aste Santuan, batzuentzako aste santuak diranak, eta Pazkoan bertso ederrak leiduz eta kantatuz pasetako gonbitea egin. Balendin Enbeita bertsopaper-lehiaketearen uztatik batutako aleak dira. Ez dogu ahaztu gura aurten Muxikako bertsolaria jaio zala ehun urte beteko dirala. Urtemugeak merezidu dauen ospakizun mailea izango dau, eta Garriko bertso-eskolea, Muxikako Zaragi Elkartea, bertoko udala eta Bertsozale Elkartea ari dira ekimenak antolatzen. Bizkaie!-n be neurriko lekua egingo deutsagu Muxikako bertsolari handiari.

Enbeitatarren itzala luzea da bertsolaritzearen larrean. Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketea aitatu dogu. Urteetako etenaren ostean, Algortako Bertsolari Eskoleak (ALBE) igaz antolatu eban lehiaketa prestigiotsuaren zazpigarren edizinoa, eta helduen ataleko bigarren saria nork eta Enbeitatar batek jaso eban, Balendinen iloba Oihanek hain zuzen be. Lehenengo saria Arkaitz Estiballesek jaso eban, 2002ko iraila sorteagaz.

Oihane Enbeita Gardoki 26 urteko gernikarrak azken Txapelketa Nagusiko kanporaketetan kantau eban, eta bat-batean ez eze, bertso idatzietan be maila polita erakutsi deusku oraingoan. 'Bilosik' izeneko sortan maitasunaz ari da, beren beregi irudikatutako itsasoan bihotzaren sareagaz pirata begibakarra atrapau guran dabilen itsasneskearen azalean. Bizkaieraz idatzi eban Oihanek, ederto idatzi be. Irudi eta erregistro aberatsak darabiz, eta bertso bikain askoren ostean amaiera indartsua be eskaintzen dau. Sora biribila. Autortuko deutsuet: epaile izan nintzan aitatu lehiaketan, eta neure eretxi apalean 'Bilosik' lana izan zan danetan onena, gerora lehenengo saria hartu eben bertsoakaz lehia estuan. Estiballesen bertsoak, saritutako beste sortakaz batera, ALBEren webgunean daukaguz iragurgai. Hemen Oihanerenak dozuez, Jon Maiak Karidadeko Benta taldeagaz erabilitako doinuan, zortzi puntuko neurrian. On egin.

IƱaki Aurrekoetxea