Ardaoaren Nazinoarteko V. Foroaren ondorioak
1. Estadu mailan, ardaogintza sektorearen eta administrazinoaren arteko adostasunaren beharra Europa eta mundu zabalari begira.
2. Era berean, ardaogintza sektorearen plangintza estrategikoaren preminea, berau, Errioxako Kontseilu eta Interprofesionalaren eredua izan daitekeelarik.
3. Mahastigintza eta nekazaritzan ikerketak egitea izango da aldaketa klimatiko barriari aurre egiteko bide egokiena.
4. Mahastigintza egokia eta hobekuntza teknologiko enologikoak izango dira oinarri etorkizuneko ardaoen ezaugarri organoleptikoak iraunarazoteko.
5. Merkatuei begira, ardaoen arteko desbardintasunak ezagutarazo eta kontsumitzaileen preparazinoa eta orientazinoa dira etorkizunerako ardatzak.
6. Estaduko ardaoak dira gehien saldu diranak azken urteotan Estadu Batuetako merkatuetan.
7. Datozen bost urteotan, estadubatuarrak izango dira munduan ardao gehien kontsumiduko dabenak.
8. Gazteen arteko ardao kontsumo jokereak, kalidadezko ardaoen alde aldatzen ari dira, beraz, ardaoak egokitzea nahitaezkoa izango da sortzen doazen ohitura sozial barrietara.
9. Txiki-txikitatik landu behar da gaitasun sentsoriala, nagusitan ardaoetara erraztasunez hurreratzeko eta ardaoak hobeto ezagutzeko.
10. Ardaogintzea, beronegaz zerikusia daben beste negozio batzuekaz batera eskaintzea erakargarria izan daiteke etorkizunera begira.
11. I+D+i bultzatu behar da eta formazio akademikoa osotzen jarraitu, batez be, mahastigintza eta enologian.
12. Nazinoarteko Ardaogintza Foroa erreferente bihurtu da sektorean, etorkizuna zehazten joateko gunea izateaz gan, datozen urteetan ardaogintza sektorearen garapen ekonomiko eta sozialerako jarraituko diran pausuak ezartzen baitira bertan.
Imanol Sarasola,
ebologoa
Aurreko artikulu batean aitatu genduan legez, Errioxan izan da oraintsu Ardaoaren Nazinoarteko V. Foroa, Errioxako -Riojaforum- Auditorio eta kongresuetarako Jauregian hain zuzen, daborduko, bigarren aldiz egiten dalarik bertan.
Bosgarren foro honetan, arlo desbardinetako mila kongresukide inguruk hartu dau parte, besteak beste, unibersidadeko jentea, ikerlari, ardaogile, ardao-saltzaile eta ardaoagaz zerikusiren bat edo beste dauen era askotako entrepresetako lagunak.
Saiatuko naiz ondoren, labur-labur, kongresuan agertutako eztabaida eta ponentzietako ondorio batzuk laburbiltzen: