'Berbeta berua'
Alberto Telleria da liburuaren egilea eta laguntzaileak Juan Martin Elexpuru eta Miren Nekane San Miguel. Marrazkilaria Roberto Landa 'Mundina' izan da.
Deba Bailarako Badihardugu Euskera Alkarteak 'Berbeta berua' liburua aurkeztu dau oraintsu. Liburu honetan bailara guztiko 'argota' jaso da eta zeozelan 'estar al loro', tio bueno, montar un pollo' eta bestelakoak euskeraz be esan daitekezala erakutsi dabe.
'Berbeta berua' liburuan zati bi dagoz, euskerea-gaztelania eta gaztelania-euskerea; lehenengoak zazpi atal ditu: despektiboak, hasarrearen adierazleak, ezaugarri fisikoak, jana eta edana, taberna girokoak, amodioa eta sexua eta bestelakoak. Bigarren zatian atal bakarra dago alfabetoaren arabera sailkatutako berbakaz.
Liburuak hiztegi itxurea izan arren, ez da hiztegia, kalean eta lagun artean erabilten diran eta erabili beharko litzatekezan berben bildumea baino.
Lagun artean, kalean edo etxean euskerea erabilten dogunean, gure jardunari gatza eta berakatza emoteko gaztelerara joten dogu gehienetan eta makina bat aldiz entzuten dira holakoak: hori tipuori da plastia, al loro ibili badatoz-eta, portalian lehenengo kalentoia euki giñuan edo ederra bronkia montau zotsan.
Ez dau ez formula magikorik eskaintzen liburuak, baina argi apur bat dakar eta zenbait esamolde euskeraz esateko modua egonda erderara jo beharrik ez dagoala ezagutarazo gura da zeozelan, euskereak balio dauela: zertarako 'pingo', 'pendon' edo 'golfanta' erabili, euskeraz fandangia, flamenkia edo freskatxonia egonda; zertarako 'culo inquieto' eta ez kakapirrixa edo ipurlokia; zertarako 'pillar el punto' eta ez atxurkillia harrapau; 'dar calabazas' erabili beharrean, zergaitik ez azak emon edo kulape emon...
'Berbeta berua'
Alberto Telleria egileari egindako alkarrizketea
1. Euskal argotik ez dagoala eta, batez be, gai teknikoetarako euskereak ez dauela baliabiderik eskaintzen entzun dogu sarri. Zein da zure eretxia?
Atzekoz aurrera hasiko naz eta esan behar dot euskereak balio dauela gai teknikoen inguruan jarduteko, eta hori nabarmena da horren inguruan zenbait erakundek egindako beharra ikusita, eta baita zenbait arlotan egindako aurrerapena: administrazinoko hizkeran, kiroletan, etab. Argota be egon badago; akaso, gitxi erabilten da eta falta jakuna da gai teknikoetarako egin doguna: sortzea. Berbeta bero barri bat sortzea, egoera barrietara egokituko dana hain zuzen be.
2. Zein izan da 'Berbeta berua' kaleratzearen helburua?
Jenteari ezagutarazotea euskereak, berez, badituala euskereari gatza eta piperra emoteko baliabideak, eta, askotan, ez doguzala berbak gaztelaniatik hartu behar horreen ordezkoak euskeraz egon eta jakin ezkero.
3. Badihardugu alkarteak kaleratu dauen 2. liburua da 'Deba ibarretik euskararen herrira' izenburukoaren ondoren. 'Berbeta beruan' Deba bailarako argota jaso dozu baina edozein herri edo eskualdetan erabilteko berba eta esamoldeak dira?
Deba bailaran jaso doguz bertakoak garalako; horrek ez dau esan gura beste leku batzuetan erabilten ez diranik. Artaburu, esaterako, ezaguna da Deba bailaran eta Lea-Artibain. Lekuan lekuko berba eta esamoldeak erabiltea da bidea eta, jakina, leku edo herri jakin batekoak izan arren, edonon erabilteko esamoldeak be badagoz. Euskerearen baliabide eta aukera guztiak aprobetxau behar doguz.
4. Kasurik gehienetan informanteak gazteak izango ziran. Kontaiguzu informazino bilketea zelakoa izan dan.
Gazteak eta ez hain gazteak. Oinarria ahozkoa izan da, hala ta be, liburu batzuren hustuketea be egin dogu: Bergara Aldeko Lexikua, Antzuolako Hizkera, Toribio Etxebarriaren Lexikoia, Hiztegi Erotikoa, Eibarko Esakerak…; asmau ez dogu ezer asmau; ezaguna dana eta oraindino be erabilten dana jaso dogu. Ez jaku interesetan holako behar baten noz edo noz entzundako berbaren bat sartzea. Lan filologikorik ez dogu egin, erabilerea izan da gure oinarria.
5. Mendebaldeko euskerearen batasun eta normalizazino prozesuan euskereak bizitasuna eta aberastasuna galdu leike?
Gure esku dago zuk esandakoa. Euskerea bere osotasunean normalizau behar dogu, arlo formalean eta arlo informalean eta aldagai bakotxa bere esparruan erabili.
6. Gaur egun., euskalkiak eta azpieuskalkiak euskerearen aberasgarri dirala pentsetan dozu ala oraindino berbakera desbardinen artean harresi sendoak dagozala?
Horixe, euskalkiak benetan dira euskerearen aberasgarri!; pentsetan dodana da euskereak zenbat eta errepertorio zabalagoa izan, orduan eta aberatsagoa izango dala. Horregaitik da interesgarria gure herrietako berbetak ikertzea, bultzatzea eta prestigietea. Horixe da BADIHARDUGU Alkartia egiten diharduen beharra Deba bailaran.
Badihardugu Euskera Alkartia
'Badihardugu Euskera Alkartia 2000. urteko udazkenian jaixo zan. Taldiaren helburua, Deba Ibar osoko euskaltzaliak batu eta gure herrixetako hizkerak ikertu eta bultzatzia da. Gaur egun euskeriak daukan egoeria ikusitta, heri hizkerak aztertu eta prestijietako biharra daguala uste dogu, beti be euskera estandarrak beran lekua bihar dabela jakinda. Konplejuak baztartu eta euskalkixandako lekutxo bat eskatzeko asmuakin batu gara eskualdeko 17 herrixetako partaidiak (Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Mallabia, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgeta, Bergara, Antzuola, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Gatzaga eta Aramaioko lagunak): idazle zein kazetarixak, itzultzaile eta filologuak, administraziñoko langile eta irakasliak... danok gure berbetak jaso eta indartzeko gogoz beteta. Candido Izagirre eta Toribio Etxebaria aitzindari izan ziran gure eskualdeko euskeriaren doiñu eta kolore bereizgarrixak jasotzeko orduan; guri egokittu jaku eurak orain dala 40 urte hasittako bidia jarraitzia, eta politto-politto bada be, Badihardugu'.
Koldo Isusi Zuazo