Bidaide  IV. urtea // 158. zenbakia

Despedida itxaropentsua


Bizkaie!-ko irakurleei

Ohikoa danez, Bizkaie!-ko ‘Bidaide’ atala jarraitzen dozuenok zuzenean jasoko dozuez bidaiaren ganeko gorabeherak asteroko kroniken bitartez. Igazko udabarri eta uda partean, Démelsa Gonzalezen testuetako ironia eta zehaztasunagaz gozetako aukerea izan zenduen, Txina, Taiwan, Hego Korea eta Japonian zehar egindako osterearen gainean. Neguan, barriz, tsunamiak Sri Lanka, Indonesia eta Tailandia astindu eta urtebetera hango barri helarazo neutsuen.

Oraingoan, barriz, argazkiak eta asteroko kronikak eskainiko deutsuedaz baina eskema finkorik ezin deutsuet aurreratu; bidaia kronikak zein alkarrizketak eta erreportaje sakonak eskainiko deutsuedaz, beti be, gure begi eta kamerek atrapetan dabenaren arabera.

Horrezaz ganera, esperientzia hau aberasgarriagoa izan daiten, irakurleek gure ahotsa entzun dagien eta gure ahotsa entzuten dabenek gure ibileren gaineko testuak irakurteko modua euki daien, Bizkaie!-ko kroniken osogarri, domekero, gaueko 22:00etan Radio Euskadiko ‘Levando Anclas’ saioan be kontauko doguz gure ibilerak eta inoiz baita Euskadi Irratiako ‘Faktoria’ saioan be.

Kontuak kontu, prentsa idatzirako, irratietarako eta telebistako dokumentaletarako beharrean ibiliko garala jakinik, denpora gitxi eukiko dogu aisialdirako baina horixe da bidaiak egiteko gure estiloa. Geure inguruan dagoan guztia atrapau eta zuenganatzea da asmoa, sentimentuak, soinuak, usainak, argia... Ez da erronka makala!

Pozarren gagoz eta astero zeuon atentzinoa erakarten asmetan badogu, danok pozik; hori bai, bidaia apirilaren 17an hasiko dala badakigu baina ez, ostera, noiz amaituko dan, hiru hiletebe izan daitekez, akaso, lau... Batek jakin!

Horregaitik guztiagaitik, errronka honek dakarren presinoa gainetik kendu ezinik nabil... sentsazino arraro hori. Baina badakit ondo abiatu eta berehala egonezin hori desagertu eta bete-betean hasiko garala beharrean.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama

Sentsazino arraroa barriro be. Frankfurteko aireportuaren hoztasun berezia, B-29 atea, Hong Kongera eroango gaituan LH 738 hegaldiaren barri dakarren pantailea eta aurrealdea baloi baten irudiagaz apainduta, Lufthansa konpainiako 747-400 Boeing hegazkinaren dotoretasuna. Munduko Futbol Txapelketea gero eta hurrago dago baina gu urrunera goaz. Korapilo antzeko hori tripan, egonezina, urteetan kontroletan ikasi dodana. Hegaldi hauxe bera 10 bat aldiz hartuko neban eta beste batez business aretoan ‘Herald Tribune’ daukat eskuartean; bien bitartean, Asiako zein mendebaldeko negozio gizonak euren ordenadore eroangarrietan burua sartuta ikusten dodaz. Larruzko maleta karuak daroez gehienek eta bost izarretako hoteletan egingo dabe lo. Guk, barriz, makinatxu bat abenturatan erabilitako motxilak baino ez daukaguz, Kukuxumusuren giltzatakoak dingilizka eta segurutik aterpetxe merkeenak aukeratuko doguz gauak pasetako. Betikoa. Anakronia hutsa gara VIP aretoan. Badaezpada, ‘Economy’ mailan partidatxu bat hegaldi egin ostean lortu dot aireportuetako areto elegante horretan egoteko baimena. Betiko martxea da baina estutasuna, urduritasuna eta bidaiari ahalik eta arinen ekiteko gogoa lako sentsazinoak pilatzen jataz.

Jakina, bidaietan ez dago ohikeria edo errutinarik eta gitxiago oraingo honetan, nahiz eta ondo ezagutu orain bisitauko doguzan herrialdeak. Oraingoak ez dauka zerikusirik besteakaz. Orain arteko bidaia potoloena da, bai neurriz eta bai edukinez eta, akaso, arriskutsuena. Ganera, ibilbidea zehatz zehaztu barik dago, izan be, gure esku ez dagozan erabagi burokratikoen pentzutan gagoz. Oraingoan, Alex Domínguez lankide eta laguna dator nigaz.

Bidaia honetan, Txina, Taiwán, Mongolia, Tailandia, Myanmar, Pakistán, India eta Nepal bisitetea da asmoa eta, jakina, gerra giroa biziko dogu inoiz baino gehiago: batetik, Txina eta Taiwanen arteko gatazkea; bestetik, Myanmarreko Karen guerrillea eta, azken buruan, Cachemirako egoerea edota Nepalgo mobimentu maoistea. Gatazka giroetan buru-belarri sartuko gara, gurean bape edo gitxi ezagutzen doguzan gerra horreen ganean ahalik eta informazino gehien jasoteko. Horregaitik, akaso, sentsazino arraro hori, bihotzaren ez ohiko taupada horreek.