Musikea  IV. urtea // 158. zenbakia

'Euskal Herria Jamaika Clash', Fermin Muguruzaren lan barria

Maiatzaren 4tik aurrera salgai


Bizkaie!

Bakarkako laugarren diskoa da 'Euskal Herria Jamaika Clash' eta 11 kantu barri eta bertsino bat (Kortaturen, 'La linea del frente', 'Frontline reggae' bihurtuta) dakarz Fermin Muguruzak.

Kortatu eta Negu Gorriak talde mitikoetako liderrak urtearen hasieran jo eban Jamaicara Xabi Solano, Jon Elizalde eta Xabi Pery musikariakaz. Kingstonen, Bob Marley handiaren alargunaren eta semen-alaben Tuff Gong estudioetan grabau dabe diskoa. Produktore lanetan Clive Hunt Kizzard ibili da eta kolaborazinoen artean, ondokoak dira aitagarrienak: Wayne Clarcke, Daniel Axe Man Thompson, Wayne Armond, Dean Frasier eta David Madden; horrezaz ganera, I-Threes mitikoek be parte hartu dabe diskoan: Rita Marley, Marcia Griffiths eta Judi Mowatek. Grabazinoaren azken egunetan, U-Roy, Luciano, Lisa Dainjah eta Mas Blasta be hurreratu ziran eta, azkenean, diskoan parte hartu eben Muguruzaren zoramenerako.

Diskoaren nahasketak eta masterra Shaggy-ren Big Yard estudioetan egin dabez eta masterizazinoa, barriz, Pariseko Translab estudioan, Pompon Filkesteinen ardurapean.

Beste alde batetik, Fermin Muguruzak 'Talka Records' diskoetxea sortu dau zeozelan 'Metak' disketxeak itxi dauen hutsunea beteteko eta autogestinoaren bideari ekiteko amesagaz.

Maiatzaren 4an argitaratuko dan diskoaren aurrerapen modura, osorik 3D formatuan egindako bideoklipa aurkeztu dau Fermin Muguruzak. Honetan be kolaboratzaile bereziak izan ditu Muguruzak: Bruce Lee, Albert Einstein eta Bob Marley bera, hori bai, danak ordenadorez sortuak.