Zeanuriko Erroten I. Ibilaldia, apirilaren 30ean
Zeanuriko errotak
Ander Manterolak bere 'Industrias tradicionales en Zeanuri (Bizkaia). I. Molinos harineros' ikerketa lanean adierazoten dauenez, XVIII. mendearen amaierarantz Zeanurin sei burdinola eta hamazortzi errota egozan. Ordutik hona jarduera biak indarra galduz joan dira, holan burdinolen krisiak lantegi honeen desagerpena ekarri eban XIX. mendearen bigarren zatian. Gainbehera honen ondorioz, jente asko nekazaritzara bueltau zan; lur gehiago nekazaritzara zuzentzeak eta, aldi berean, gora egin eben laboreen uztek ehotzeko erroten beharrizana ekarri eben. Era horretara, burdinola ugari errota bihurtu ziran, Zeanuriko Lanbreabe, Ibargutxi, Altziber eta Olabarrigaz pasau zan legez.
Bestalde, erroten agonia XX. mendearen erdialderantz larriagotu egin zan. Orain berrogei urte Zeanurin hamaika errota lanean baegozan, 1979an hiruk bakarrik ehotzen eben, euretako bik etxerako; gaur egun, batek bakarrik egiten dau lan eta era testimonialean, Olabarriko erroteak hain zuzen be; beste bat, Ibargutxikoa, noizean behin jarten da martxan.
Zeanurin ezagutu diran errota guztiak hidraulikoak izan dira, eta udalerriko lau erreka nagusien inguruan eregi ziran:
*Arratia erreka: Lanbreabe, Ibargutxi, Alkiber, Errotabarri, Altziber eta Olabarri.
*Beretxikorta erreka: Goiko Errota, Erdiko Errota, Barrengo Errota eta Undurraga.
*Uribeko Erreka: Atxiti, Intxaurbe, Axpe eta Zulaibar.
*Asterriko Erreka: Ibarre, Landaburu, Akeuri eta Uribiarte.
Hamazortzi errota horreetatik lau burdinolak izan ziran: Lanbreabe, Ibargutxi, Altziber eta Olabarri. Beste bi ola be egon ziran: Olazar eta Undurragako Olabarri.
Jon Urutxurtu,
Ipizki Taldea
Apirilaren 30ean, domekan egingo da Zeanuriko Erroten I. Ibilaldia, Ipizki Taldeak eta Joko Alai alkarteek antolatuta eta Gastronomia Cantábrica, Lankidego, Txapo Creativos, BBK, Gorbeialde eta Zeanuriko Udalaren laguntzinoagaz.
Oinezko martxa honen helburuak ondokoak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek euki daben garrantzia ezagutarazotea; eta azkenik, Olabarriko errotearen —bisitak hartzen dituan eta horretarako preparauta dagoan errota— barri emotea. Laburtuz, domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginaz pasetako aukerea eskaintzea, eta herritarrei zein kanpotarrei Zeanuriko ingurumaria eta erroten ondare kulturala erakustea.
Ez dira gitxi herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak: danetara, hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean hamaika erroten ingurutik pasauko dira ibiltariak eta bitan —Ibargutxi eta Olabarriko errotan— sartu-urtena egiteko aukerea izango da.
Urteerea herriko plazan izango da, goizeko bederatzietan, eta ibilbide osoa egiten dabenek hogeita bosten bat kilometro beteko dabez. Plazatik, udaletxearen aurretik abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ingurutik pasau ondoren, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek, eta Ibargutxiko errotarantz zuzenduko dira; errota horretako ateak zabalik egongo dira, eta nahi dabenek kuku bat egiteko aukerea izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik pasauko dira — oraingoan beste aldetik— San Lontzo ermitara eroango dituan bidetik jarraitzeko. Ermitearen aurrean indarrak barritzeko jan-edana banatuko da, eta aurrerantzean ibiltariak Axpeko eta Zulaibarko erroten ondotik pasauko dira Areatzarantz zuzentzen dan errepidea jarraituz Karpoko zubia zeharkatu eta Zeanuriko Asterria kofradian sartzeko; auzune horretan ezagutzen diran lau erroten ingurutik—Uribiarte, Akauri, Landaburu eta Ibarre— pasau ostean, eta Andra Mari parrokia atzean itxita, azken kilometroan sartuko dira ibiltariak Olabarriko errotara zuzentzeko. Hau izango da ibilbideko azkena, eta bertan Pujana familiak zaharbarritu dauen errotako ate batetik sartu eta bestetik urtengo dabe parte-hartzaileek, Zeanuriko plazan kokatuta egongo dan helmugara heldu aurretik.
Ibilbidearen amaieran, hogeita bost kilometro eroango dabez oinetan parte-hartzaileek, baina ziur hitzorduari erantzuteak mereziduko deutsiela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz ganera, udabarrian natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukera izango dabe eta.
Ibilaldiari buruzko zehetasunak
* Izena emotea: 08:30etik aurrera, herriko plazan udaletxearen aurrean.
* Urteerea: 9:00etan.
* Luzerea: 25 kilometro inguru.
* Jan-edana: bide erdian, San Lontzo ermitaren aurrean jan-edana banatuko da Gastronomía Cantábricaren eskutik.