New Yorken markak apurtu zituan erakusketea, Bilbon
Erakusketeak museoko bigarren solairu osoa eta hirugarren solairuaren zati bat hartzen dau, eta bederatzi multzo tematiko eta historikotan dago bananduta. Areto bakotxak Errusiako historiaren atal bat erakusten dau: guztira, zortzi mende aztertzen dira. Beste alde batetik, erakusketan sasoi desbardinetako mendebaldeko artista askoren lanak dagoz: Van Dyck, Rubens, Gauguin edo Picasso dira artista horreetako batzuk, Errusiako artean eragin handia izan eben kanpoko artista askoren ordezkari lez.
Ibilbidea Erdi Aroko Errusian hasten da, ikonoen sasoian. Areto horretan, Laku Zuriko San Zirilo monasterioko aldareko hormetako panelak dagoz ikusgai, eta egurrezko objektu liturgikoak eta eskulturak be topauko ditugu bertan, besteak beste.
Europako tradizinoagaz kontaktua sortu zanean, mendebaldeko pinturearen eraginpean, bilduma aristokratiko eta inperialek Errusiako arte sekularra ekarri eben. XIX. gizaldiko lehenengo erdialdean, erretratu erromantikoak eta nekazari zein itsas giroko irudiak izan ziran nagusi, eszena historiko epikoakaz batera. Gero, errealismo kritikoa etorri zan eta, ostean, abangoardia historikoa izan zan nagusi, inpresionismotik hasi eta kubismoraino doazen mobimentu nagusiakaz. Arterik esperimentalenak ezagutzeko aukerea be badago erakusketa honetan: suprematismoa, kubofuturismoa edo konstruktibismoa, besteak beste. Zazpigarren atalak aro sobietarra aztertzen dau, eta Errusiako iraultzearen liderren omenez egindako horma-irudi handiak erakusten ditu. Azken atal bietan, arte sobietarraren garapena ikusteko modua dago, eta, hain zuzen be, Stalinen heriotzatik (1953an) Gerra Hotzaren amaierara arteko joerak batu dira bertan: sasoi haretan, artista asko eta asko ikuspuntu eta gai personalak lantzen hasi ziran, asmo desmitifikatzaileagaz. Erakusketearen amaieran, gaur eguneko artista errusiarren lanakaz gozetako aukerea dago, eta, bide batez, ikusleek Errusiako artearen gainean daben irudi zurruna apurtu ahal izango dabe, gehienok aginteko erregimenagaz lotutako arte lez imajinetan dogu-ta arte errusiarra.
Thomas Krens Guggenheim Fundazinoko zuzendariak autortu ebanez, ez zan lan erraza izan aitagai dogun erakusketa hau antolatu, lanak aukeratu eta Errusiatik ataratea. 2002an hasi ziran beharrean, herri baten historia kontetako asmoagaz, beti be artelanen bitartez. Oin, New Yorken lortutako arrakastearen ostean, daborduko erreferentzia bihurtu dan lan-sorta hau pare-parean dogu, irailaren 3ra arte.
Julen Gabiria
Irailaren 3ra arte, Errusiako artearen erakusgarririk nabarmenenak Bilbon egongo dira, Guggenheim Museoan: 315 objektu, eskultura eta pintura dagoz ikusgai, eta horreetako asko, gainera, sekula ez dira Errusiatik kanpora ikusi.
Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria dan Juan Ignacio Vidarteren berbei kasu eginda, 'Errusiako arima, historia eta artea 315 obratan dago islatuta', eta egia dala emoten dau, komunikabideek erakusketa honi emon deutsien garrantziari erreparetan badeutsagu: izan be, XIII. gizalditik hona, Errusiako arte oso-osoa batzen dauen erakusketa kronologikoa da hau.
Erakusketea New Yorketik dator, hango Guggenheim Museotik, bisitari kopuruen errekor guztiak apurtu ostean: 400.000 bisitari baino gehiago jaso zituan erakusketa harek, baina oin Bilbora etorri jakuna ez da New Yorkeko erakusketa bera, ezpada handiagoa, esanguratsuagoa, obra gehiagogaz osotu dabe eta. Errusiako museorik garrantzitsuenetatik (Errusiako Artearen Estadu Museoa, Tretiakov Galeria, Ermitage Museoa edo Kremlineko Museoa) eta mundu osoko bilduma partikularretatik ekarritako piezak dira Bilbon dagozanak, eta arte errusiarraren historiako funtsezko momentuak erakusten ditue. Esan dogun moduan, XIII. gizaldiko arte erlijioso ortodoxoagaz hasten da erakusketea, zarren sasoia errepasetan dau, XIX. gizaldiko errealismo kritikoa aztertzen dau, eta, ostean, abangoardia historikoak, aldi sobietarra eta arte garaikidea erakusten ditu. New Yorken egon ez ziran eta beren-beregi Bilborako aukeratu diran lanen artean dagoz XV eta XVI. gizaldietako ikonoak, XVII. gizaldiko Errusiako eleiza ortodoxoko buruaren jantziak, Iván Aivazovskiren 'Bederatzigarren olatua' (1850) ospetsua edo Brodskiren 'Lenin Smolnin' (1930) koadro ezaguna.