Pedro Miguel Etxenike: 'zientzia abentura intelektuala da'
Isaban jaio zan (Nafarroan), 1950ean. Fisika Zientzietan lizentziau zan Nafarroako Unibersidadean, Sari Berezia eta Karrera Amaierako Sari Nazionala lortuta.
Fisikan doktorau zan Cambridgeko Unibersidadean eta Bartzelonako Unibersidade Autonomoan (Sari Berezia).
1980tik 1983ra bitartean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua izan zan, eta 1983tik 1984ra Eusko Jaurlaritzako bozeroailea eta Hezkuntza eta Kultura sailburua.
Gaur egun, materia kondentsatuaren fisikako katedraduna da EHUn, 1986tik. Irakasle gonbidatua izan da Cambridgeko Unibersidadeko Cavendish Laboratory-n eta 'fellow' uri horretako Churchill College-n. Gainera, Cambridgeko Unibersidadeko katedraduna da.
Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege Akademiako kidea da, eta American Physical Society alkarteko 'fellow'.
Pedro Miguel Etxenikek sari eta izentapen ugari irabazi ditu, besteak beste, Euskaldun Unibersala, Princípe de Asturias saria, Xabier María de Munibe Zientzia eta Teknologia saria, Ikerkuntzako I. Euskadi saria, Príncipe de Viana Kultura saria eta oraintsu, 'Blas Carrera Espainiako ikerketa sari nazionala.
Lan ugari (300 bat) argitaratu ditu liburu eta aldizkari espezializatuetan. Ikastaroak eta berbaldiak emon ditu nazinoarteko mintegi askotan: Cambridge, Berkeley, Berlin, Tokio, Viena, Londres, Helsinki, Kioto, Oak Ridge, New York, Munich...
1. Nondik nora sortu jatzun fisikeagazko zaletasuna?
Nik berez ez neukan fisikeagazko bokazino berezirik. Fisikea, kimikea, eta gehien bat matematikak nituan gustoko, baita historia eta literaturea be. Akaso, zientziek urtenbide kuantitatibo bat daukie, arazo berezi bati urtekerea emoteko aukerea dakarre, gitxienez hezkuntzan, ze gero ikerketan difusoagoa da. Ganera, fisikako karrerea egoan Iruñean, eta hara jo neban. Orain nire ikasleei kontseju moduan esaten deutset gehiago pentsetako zer gura daben eta non egin gura daben, ez daitezela joan unibersidade berezi batera etxe ondoan kalidade handikoa dagoalako. Halan da be, nik Nafarroako unibersidadean hezkuntza on bat izan neban eta eskertuta nago horregaitik.
2. ‘Blas Carrera’, Espainiako ikerketa sari nazionala da jaso dozun azken saria. Egindako lana autortzeko ez eze, zientzia eta ikerketa zientifikoak gizarteratzeko balio dabe sariek?
Nik uste dot baietz. Sariei esker gizartean zabaltzen da kerlariok zer egiten dogun eta zientziaren eta honen baloreen garrantzia be bai. Ikerlarien eginkizuna da gizarteari zer egiten dogun jakinarazotea, baita zelan eta zertarako egiten dogun be eta, esangura horretan, sariek bide hori errazten dabe.
3. Zientzia, scientia, ezagutza baino zeozer gehiago ete da?
Zientzia ezagutza da. Oso gatxa da zientzia definidutea. Amerikar Zientzia Alkarteak saiakera bat egin eban Park fisikaria buru eban talde bat alkartuz, eta definizinoa plenoaren aurrean aurkeztu ebenean, honek ezeztatu egin eban. Oso gatxa da sortzailea dan zeozer definidutea. Zientziak osogai razional eta irrazionalak daukaz. Akaso, emon daitekeen definizinorik onena abentura intelektual bat dala esatea litzateke, giza abentura bat. Berez ezagutza da baina baita baloreak, jarrerea eta boterea be. Rusellek inoan zientzia egia lortzeko instrumentu legez, ez dala artea baino hobea edo okerragoa. Teknologiaren aldean, barriz, badaukaz besteek ez dabezan hainbat osogai.
4. Zertarako balio dau zientziak? Zientziak erantzunak ditu edozertarako?
Zientziak gauza askotarako balio dau. Ulertzeko, aurrera joateko, teknologiaren bitartez natureagazko gure menpekotasuna murrizteko... Baina zientziak ez dauka guztiarentzako erantzunik. Balioa dauen arloetan be batzutan aldaketak onerako eta besteetan txarrerako izan dira. Erantzunak daukaz zientifikoak diran galderetarako, baina ez da gai gizakiak egiten dauzen galdera guztiei erantzuna emoteko zientifikoki. Horrek ez dau esan gura galdera horreek garrantzitsuak ez diranik, berbarako, biziteak merezidu ete dauen galdetzean, oso galdera garrantzitsua da baina ez dauka erantzun zientifikorik. Zertarako gagoz hemen? Zein da bizitzearen zentzua? Galdera honeek be ez daukie erantzun zientifikorik, baina galdera garrantzitsuak dira, gehienbat galderak egiten dauzenarentzat.
5. Zientzian zelako garrantzia dauka intuizinoak?
Sormena garrantzitsua dan edozein ekintzatan da garrantzitsua intuizinoa, baina persona bat sortzailea izan daiteke era askotara, intuitiboa horreetako bat da. Nik uste dot garrantzitsua dala, baina intuizinoa erabilgarri dan zeozertan gauzatzeko, normalean gaitasun tekniko handi bat izaten dau oinarrian eta arlo bakotxean jakintza maila nahikoa be bai. Bestela, lehen golpera bikainak izan daitekezan intuizinoak normalean ezjakintasun ausartak besterik ez dira izaten.
6. Zelan buztartzen dira zientzia eta erlijinoa? Eta zientzia eta filosofia?
Oso gatxa da. Nik uste dot gai honeei buruz berba egiten danean, gehienetan zentzunik bako nahasketak egiten dirala; nire eretxiz, arlo desbardinak dira, zientziak ezin deutso fededunari bere fedearen arrazoia emon, baina ezta ez fededunari be. Gai desbardinak dira, zientzia arlo orokor baten parte da, erlijinoa gehienik esperientzia legez, oso personala da. Gai paraleloak dira, arlo desbardinetakoak. Zelan alkartu musikea eta nekazaritzea? Zelan alkartzen dira zientzia eta erlijinoa? Lehen esan dot zientziak ezin dituala galdera guztiak erantzun, ezta filosofíak be, baina filosofiak lortu leike zeri buruz berba egiten gagozan argitzea.
7. Euskeraz badago zientzian edo fisikan jarduterik?
Beste edozein arlotan legez, euskeraz lan egiten hasteko bi gauza jakin behar dirala esan dot nik beti eta zientziari jagokonez, bardin; zientzia jakin behar da, eta euskerea be bai. Baina hori frogatuta dago daborduko eta galdera horreek ez dira beharrezkoak ze dudea sortarazo leikie guztiz argi dagoan gai bati buruz.
8. Gorputz solidoak osotzen dabezan partikulen portaerea ikertu izan dozu eta horrek aplikazioa dauka, berbarako, tumoreen tratamentuan. Oro har, ikerketa zientifikoen aplikazinoa murritza dala uste dozu?
Gorputz baten partikulek zelan interakzionetan daben kanpo partikulakaz edo X izpiakaz, neutroi edo protoiakaz, oso garrantzitsua da. Protoiek gorputz solidoakaz interakzionaukeran energía zelan galtzen daben ulertuz tumoreak birrintzeko aplikau daiteke. Zientziaren aplikazino zientifikoak gure eguneroko bizitzan dagoz bete-betean eta sarritan ez gara horretaz jaubetzen; inguratzen gaituen gauza gehienak ikerketa zientifikoaren ondorio dira. Zientziak hartu-emonak zein informazinoa transmitiduteko modua aldatu ditu, baita kulturea bera be eta gure bizitza humanizau egin dau. Zientziarik bako iraganean, bizitza motza, krudela eta miserablea zan, Hobbes-ek inoanez.
9. Munduan ibilia zara. Euskal Herrian, barriz, zein da ikerkuntza zientifikoaren egoerea?
Ona da kontuan izaten badogu urte gitxi daroaguzala ikerkuntzea bultzatzen. Dana dala, egoera industrialaren harian, gure egoerea Europakoagaz konparau ezkero, ez da horren ona. Nire sentimendua bikotxa da, alde batetik pozik nago lortutakoagaitik eta, bestetik, azkarrago aurreratzeko beharra ikusten dot.
10. Zein da edozein ikerkuntza zientifikoren prozedura? Badagoz aldeak herrialde batetik bestera?
Zientzia kreatibidadea da eta beraz ezin da errezeta moduan ikasia izan. Zientzia ikasteko era bakarra ondo egiten dabenen alboan egotea da. Holan lortzen da gauzak hobeto egitea, jarrera zientifikoari dagokionean, tradizino handiagoa daukienetatik ikasi behar da. Alde horretatik, badagoz bai desbardintasunak herrialde batetik bestera, arkitektura instituzionalei zein gauzak egiteko ereari jagokenean. Zientzia ez da intrinsekoa, kopiau daiteke, eta horregaitik da garrantzitsua kanpoko jente onenagaz hartu-emonetan egotea eta, ahal dala, hona ekartea.
11. Azken aldian, euskeraz be emon izan dozuz berbaldiak. Gustora zabiz?
Bai, euskeraz hainbat berbaldi emon dodaz, Udako Euskal Unibersidadean be ibilia naz horretan baina lan handia, nekosoa izaten da niretzako; egia esan, nire dudak daukadaz euskeraz berbaldiak emon behar dodazan edo ez, euskereak ez dauka ezer frogatu beharrik eta nire euskerazko berbaldiek ez daukie beste hizkuntzatan euki leikien indar eta freskurarik. Dana dala, badagoz nire euskerazko berbaldiak gustora entzuten dabezanak eta nik gustora emoten dodaz. Espero dot gero eta hobeto egitea. Anekdota bat be badaukat. Kontxita Garmendia (zoritxarrez gure artean ez dago daborduko) 1984an, nire berbaldi batera etorri zan Azpeitira; argitu behar dot ni haren etxean egon nintzala eta bere anaia eta nire adiskidea Pako Garmendiagaz euskerea ikasten. Berbaldi haretan, nik pozik amaitu neban, ze luzaroan egon nintzan, batez be, euskerearena preparetan. Berbaldia amaitu zanean, barriz, Kontxitak esan eustan: ‘zoragarri egon zara Pedro, baina euskeratik erderara pasau zaranean, seiscientosetik mercedesera pasetea lakoa izan da. Kontxitak esandakoa beti gogoan izaten dot berbaldiak euskeraz emoten dodazanean.
Koldo Isusi Zuazo