Ekitaldien benetako asmoak
IƱaki Atxutegi
ETA erakunde armatuak su-etena aldarrikatu ebanetik zeozelako zurrunbiloan dago sartuta euskal politikagintzea. Orain aste bat pasatxo Bilboko manifestazino erraldoia izan bagenduan be, joan dan astegoienean Donostian egin beharreko Batasunako ekitaldia bertan behera laga eben antolatzaileek, Grande Marlaska epailearen aginduari men egitnaz. Horren ordez 'herritar talde batek' antolatutako manifestazinoa egin zan Batasuneko buru guztiak aurrean egozala.
Begibistan dago su-etenak zeozelako haize freskoa ekarri dauela gure herrira. Haize indartsua, esango neuke nik. Are gehiago kale burrukea eta bestelako kontuak be ezerezean dagozala kontuan hartuta. Benetako bakea datorrela igarri egiten da. Eta ezker abertzaleak haize hau aprobetxau gura dau ahalik eta protagonismo politikorik gehien euren aldera erakarteko.
Ez da harritzekoa holan jokatu gura izatea. Gogoratu daigun Alderdien Legea indarrean dagoala oraindino. EHAK alderdiaren eragina oso txikia da euskal gizartean. Udaletan eta Aldundietan ez dira egon lau urte honeetan. Beraz, kaleko mobilizazinoa besterik ez jake geratzen Batasunakoei euren indarra agertzeko. Eta epaileen erabagi batzuen laguntzinoa, dana esan behar da, biktimearen papela ezin hobeto egiten dabe eta.
Halanda be, azkarregi joan gura izan dabela emoten dau. Joan dan Zapatuko ekitaldian gura izan eben mahai nazional barria gizartearen aurrean aurkeztu. Bidebatez, kartzelan egozan Otegi, Petrikorena eta Olanoren bermeak pagauta egon behar ziran ekitaldia baino lehen. Ezker abertzalearen presentzia publikoa indartzeko arrazoi ezin hobea, duda barik.
Baina pentsautako guztia bertan behera laga behar izan eben eta horren ordez beste zeozer antolatu eben. Grande Marlaska epaileak argi ta garbi esan dau Alderdien legea indarrean dagoala oraindino eta Batasunak ezin dauela alderdi legez ezer antolatu. Legearen arabera, Batasuna 'ez da existiduten'. Erridikulua, ezta? Ba lege erridikulu horrek gure herriko errealidade politikoaren zati bat alfonbra azpira eroan gura izan dau bai Aznarren garaian zein gaur egun. Baina lege batek ezin dau errealidadea estaldu. Zer dira, baina, domekako manifestazinoa deitu dauen 'herritar taldea', Batasunakoak, PPkoak ala martzianoak? Ganera, galarazota egoan manifestazinora Batasuneko pankartak edo kartelak eroatea... Zibilizauta izan behar zan manifestazinoa, partaide gehienak eskuak patrikeran joiazanean, demontre!
Ez dakit nik Batasunaren aldetik legea eta errealidadearen mugatik harantza joan gura izan dauen. Azken boladan, horrenbeste protesta egiten dabez, baina azkenean ez dabe beste erremediorik epaileek esaten dabena egitea baino. Argi dago, nire eretxiz, bi dirala alderdi legez dauzen aukerak. Edo beste izen batenpean politikea egiten hasi edo mahai azpitik 'izan ez diran eta izango ez diran' alkarrizketa horreetan Alderdien Legearen aldaketea Alderdi Sozialisteari eskatu. Oraingoz, behintzat, legetik harantzago joan gura dabela emoten badau be, azken momentuan epaileak agindutakoa zintzo-zintzo bete izan dabe.
Batasuneko arduradunek esan dabe Batasuna izenari eutsiko deutsela. Eta guk ez dakigu sinistu behar deutsegun ala ez, ikusitakoak ikusita. Eztabaida faltsua da hau, nire ustez. Zer da inportantea, ezker abertzalea hauteskundeetan egotea ala izen bati kosta ala kosta eustea? Hori bai, ezbaia argitzen dan bitartean, asteak eta hilebeteak emongo doguz kontu honeen ganean berba egiten. Edo ez ete da izango batzuen eta besteon benetako asmoa eztabaida horreekaz denporapasan ibiltea...