Bertsotan  IV. urtea // 157. zenbakia

Bizkaiko bertsozaleak Larrabetzun


Emetik Bertso Kabareta

Arrastiko zazpietan Hori Bai gaztetxea estreinaldi baten eszena izan zan: Emetik Bertso Kabareta. Iratxe Ibarrak, Oihane Pereak eta Onintza Enbeitak kontu handiz ehundutako proiektua. Emakumea, emetasuna eta bertsoa buztartzen dauz emonaldiak: hiru bertsolariek lumazko fularrakaz urten eben tabladura eta aulki desbardinetatik kantuan hasi ziran. Gero Iratxe Ibarraren despedidara eroan ginduezan. Onintza Enbeitak sorgin titulua daukala erakutsi euskun tarotaren karta-jokoan puntu erantzunean ibili zanean. Eta Oihane Perearen emetasun eta amatasuna kontraste polita ziran kandelen sugar eta ezpainetakoen kolorean. Hala eta guztiz be, sakonago aztertuko dogu euren ekimena hurrengo artikulu batean.

Bizkaiko Bertsozale Gazteen Eguna Drindots taldearen kontzertuagaz amaitu zan eta balantzea ezin positiboagoa izan da lehen bistan. Antolatzaileak, ostera, euren balorazinoa egin beharko dabe. Hala eta guztiz be, kontrakoak kontra eta aldekoak alde, Bizkaiko bertsolaritzea egituratzen eta indartzen laguntzen dauen eguna da, bertsolaritzearen etorkizunari jagokonez, txapelketa baten finalak euki leiken besteko garrantzia daukana.

Xabier Paia

Bizkaiko bertsozale gazteek alkartzeko gogoa izan dabe hirugarren urtez. Orain bi urte Aulestin hasi eta igaz Munitibarren izandako jaialdiak aurten Txorierriko aldabea jo eta Larrabetzun sartu zan.

Bizkaiko Bertsozale Gazteen Egunak Bizkaiko bertsolari eta bertsozaleen ospakizun eguna izan gura dau. Horren ondorioz, egun horretan bertsolariak inoz baino zaleago dira eta zaleak inoz baino bertsolariago, ez dalako arraroa izaten txapelketetan kantuan ibilitako jentea sekula ibili bakoakaz bertsotan ikustea.

Larrabetzuko egunerako preparautako egitarauak aurreko urteetakoen eskemea eukan: bertso-triki-poteoa, bazkaria, bazkalostea, saio berezia eta erromeria. Eguerdiko hamabietarako jentea batzen hasi zan herriko plazan eta danak Andra Mari kalera joan ziran musikeagaz batera: trikitixea, panderoa, albokea, txirulea… musikariak eta bertsozaleak.

Tabernatik tabernarako oka jolasa eskoletan amaitu zan, izan be, astean zehar umeei jaten emoten deutsen jantokiak 150 bat bertsozaleri emon behar eutseelako jaten joan dan zapatuan. Indabak eta sakramentuak danentzat.

Bazkalosteagaz hasteko, Jon Lopategiren ikasle izandako bertsolariek buruz dakiezan sortak kantau ebezan bertaratutakoek. Izan be, gogoratu behar dogu Bizkaiko Bertsolarien gehiengo handia Jon Lopategiren eskoletatik pasau dala. Gehiengo horrek Muxikako bertsolariak Busturialdean egindako 'Kanpantxukadak' ezagutu ebazan, baita alkar ezagutu eta bertsotan alkarregaz egin be. Neurri batean, Bertsozaleen Egunaren sorburua da laguntasun hori.

Esandako moduan, kanpantxukadatan ikasitako kantuak gogoratu ebezan bazkalostean. Ondoren, eskualdeka preparautako saioak hasi ziran: eskualde danek ez, baina batzuek sortak preparau ebezan. Bertsolari batzuentzako sorpresak egon ziran. Horreen artean aitagarriena Beñat Ugartetxearena izan zan: Mallabiko bertsolariak trebetasun handia dauka beste bertsolari batzuen imitazinoak egiteko, eta halantxe erakutsi eban Mañukorta, Lazkao Txiki, Patxi Etxeberria eta Jon Lopategi jarri ebazanean mikrofono aurrean kantari.