Munduko diasporak berbabide Renon
Iratxe Ormatza
Diasporearen Politiken ganeko Nazinoarteko Sinposioa egingo dabe Euskal Ikasketen Zentroan (EIZ), Renon dagoan Nevadako Unibersidadean (AEB), hilaren 27tik 29ra. Bertan diasporearen ganeko gaietan adituak batuko dira. EIZeko zuzendari Gloria Totorikaguenak esanetan, konbidau izan dabezan aditu guztiek baietz esan izanak erakusten dau euskal ikasketek akademiaren munduan sortzen daben interesa.
Gaiari jagokonez, abiapuntu zabala izango dau sinposioak. Batetik, etno-nazinoen diasporen ezaugarriak eta antolaketea, eta jaioterriko eta bizi diran herriko gobernuakaz diasporearen hartu-emonak. Bigarrenik, diasporen estrategien artean zeintzuk diran nazinoartean eragin gehien dabenak, batez be, jaioterriko gobernuen kanpoko politikan. Hirugarrenik, gaur egungo sistema sozial, ekonomiko eta politiko posmodernoetan diasporearen aukerak, batetik, eta bultzatu eta ustiatu beharreko funtsezko aukerak, bestetik. Eta laugarrenik, diasporeak identidade etno-nazionalari eusteko egiten dauzen jarduerak, baita bestelako jarduerak be, zer eragin daben jaioterriko eta bizi diran herriko gizartean eta politikan.
Ikuspuntuak soziologiatik, antropologiatik eta politika zientzietatik jorratuko dabez. Thomas Abraham Indiako Diasporako Erakindeko lehendakariak, berbarako, diasporako indiarren ekarpenaz egingo dau berba, besteak beste, zelan laguntzen daben Indiako gizartea eta giza eskubideen arloan egiten daben beharra.
Herri bat edo kontinente osoa aintzat hartu leiteke diasporaz berba egiterakoan. Kim Butler unibersidade irakasleak gaur egungo Afrikako migrazinoa eta esklaboena alderatuko dau, metadiasporearen ikuspuntutik. Identidadea hamaika geruzatan garatzen dala azalduko dau, bai modu personalean, bai diasporan. Judutarren kasua be aztertuko dabe; berbarako, Jerusalemgo Hebrear Unibersidadeko irakasle Gabirel Shefferdek azalduko dau diasporeak identidadea eratzen laguntzen dauela.
Jaioterritik beste herri batera joandakoak batzean sortzen da diasporea. Sarri, diasporek aurre egin behar izaten deutse bizi diran gizartearen bildurrei, aurreretxiei eta mesfidantzeari. Horretaz jardungo dau errefuxiaduen ganeko Ikasketen Zentroko Nergis Canefe kanadiarrak. Kultura bi alkartzean hibridoak bere sortu leikiez, kreolizazinoan pasetan dan moduan. Kreolizazinoan aurreko kulturako elementuak eta kultura barrikoak nahastetan dabez, ostean esanahi barria emoteko. Diasporearen kasuan, barriz, aurreko kultureak pisu gehiago dauka. Robin Cohen soziologoaren berbetan, kreolizazinoko kideak diasporakoak baino erosoago sentiduten dira bizi diran gizarte barrian. Fenomeno biak alderatzeak biak argiago ikusteko bidea emoten dauela uste dau Cohenek. Dana dala, diasporearen barruan danak ez dira bardinak, ezta jaioterrietako gobernuentzat be. Danimarkako Nazinoarteko Institutuko Ninna Nyberg-ek erakutsiko dauenez, emakumee migrazinoa etxeko lanei eta prostituzinoari lotuta egokeran, andra eta gizonen migrazinoa ez da maila berean aintzat hartzen.
William Douglassek eta Gloria Totorikaguenak euskal diasporaz egingo dabe berba. Douglassek AEBetako erroldea abiapuntu hartuta erakutsiko dau, hasieran euskaldunak espainiar eta frantziar moduan sailkatzen baebezan be, gaur egun ez dala holakorik pasetan. Totorikaguenak, barriz, estadu bako jaioterriko gobernu eta diasporen arteko hartu-emonak aztertuko ditu. Ganera, diasporak enbajada-pilotu moduan erabili leitekezala azalduko dau.
Hamaikatxu diaspora, hamaika ikuspuntu. Izan be, gogoan izan behar dogu gaur egun, 200 miloe persona jaioterritik kanpo bizi dirala.