Zinea  IV. urtea // 157. zenbakia

The bow


Arrantzale zahar bat itsasoaren erdian bizi da umetatik bere itsasontzian jasotako neskato batek lagunduta. Neskatila horrek 17 urte noz beteko zain dago arrantzale zaharra, haregaz ezkondu ahal izateko. Bien bitartean, gaztetxuaren ezkonsaria maitasunez atontzeaz ganera, itsasontzira arrantzan doazen eta lotsabako jarduten ahalegintzen diran gizonezkoen kontra babesten dau. Neskatilea babesteko modua bitxia da benetan: musika tresna lez erabili ohi dauen arku batetik geziak jaurtiten dauz. Behinola, arrantzale ezezagunen talde bat itsasontzian sartu eta horreen artean unibersidadeko ikasle gazte eta lerden bat dago. Mutil gaztea eta neskatilea maitemintzen dira. Arrantzale zaharrak badaki jakin bere amesetea amaitu dana.

Kim Ki-duk mende hasikera honetan modan dagozan zuzendarietariko bat da. Kritikeak ia aho batez adierazo dau 'The bow' azken aldion karteldegietan azaltzen diran zinemagile sendo, distiratsu eta karismadunetariko bat dala eta honako film hau maitasun hutsaren irudi ezin garbiagoa dala. Era berean, pelikula hau zuzendari honen filmik poetiko eta musikalena ei da. Zeruak eta itsasoak lagun, zuzendariak zinemearen historian egindako maitasun istoriorik sutsuenetariko bat egin ei dau. Film honetan sartzea zirraraz eta irudi zoragarriez betetako aparteko mundu batean sartzea ei da.

Aurreko lerroaldean esandakoa, kritikariek film honen ganean botatako loretariko batzuk besterik ez dira. Ni, ostera, askoz be grafikoagoa izango naz eta zinema aretoan jazotakoa baino ez deutsuet kontauko. Nire ondoan egoan neska gaztea pelikula zoragarri honen lehenengo ordu erdian lokartu zan; atzean neukan 40 urte inguruko gizona zurrunga hasi jakun, filma amaitu baino 20 bat minutu lehenago; 3 lerro aurrerago egoan edadekoak istorio ikusgarri hau amaierara heldu baino lauren bat lehenago egin eban alde; eta, azkenik, zinema aretotik urtekeran, bertan izandako bati ondokoa entzun geuntson argi eta garbi: 'aspaldion ez neban hain film zentzunbakorik ikusten'. Zuek aukeratu nori egin kasu, kritiko sasijakintsu eta esnobei edo ikus-entzule arrunt eta ezjakinei.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoia: Kim Ki-duk.
- Herrialdea: Hego Korea eta Japonia.
- Iraupena: 98 minutu.
- Antzezleak: Jeon Sung-hwan (arrantzale zaharra), Han Yeo-reum (neskatila), Seo Ji-seok (unibersitarioa), Jeon Gook-hwan (unibersitarioaren aita), Kim Il-tae, Jang Dae-sung, Cho Suk-hyun, Kong Yoo-suk, So Jae-ik, Shin Taek-gi (arrantzale abegitsua).
- Argazkia: Jang Seung-baek.
- Muntaia: Kim Ki-duk.