Mariluz Artetxe Argentinako FEVA zuzenduko dauen lehen emakumea da
Iratxe Ormatza
FEVA Argentinako Euskal Etxeen Federazinoa da eta orain dala 51 urte sortu zanetik lehengo aldiz andra bat izango dau buru: Mariluz Artetxe. Azken lau urteotan FEVAko lehendakariordea eta Euskara Saileko arduraduna izan da. Arrecifeseko euskal etxea ordezkari legez sartu zan federazinoan.
FEVA euskal etxeen federazinoa dan aldetik, euskal etxeen arteko koordinazinoa bultzatu eta sustatzen dau. FEVA euskal etxeek alkarri laguntzeko tresna bat izatea gura dabe. Horretarako Interneten webgune bat daukie, euskal etxeen topagunea izateko sortu dabena, hartu-emonak indartzeko. Izan be, FEVAn egiten daben beharra, euskal etxeetan egiten daben legez, borondatez egiten dabe. Halanda ze, askotan ez dabe alkarren barri izaten eta hutsune hori bete gura dau FEVAk.
Egitasmo garrantzitsuak abiarazoko dabez, tartean Argentinan Euskal Biblioteken Sarea eratzea. Horretarako, Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxean jarri dabe egoitzea eta persona bat kontratau dabe. Euskereari jagokonez, behar handia egin eta egiten dabe ‘Argentinan Euskaraz’ programearen bitartez eta Eusko Jaurlaritzearen eta HABEren launtzinoagaz: barnetegiak, pedagogian trebatzeko ikastaroak, euskerazko eskolak… Euskal Herriaren ganeko berbaldiak egiteko be hainbat lagun preparau dabez. Eta kirolari jagokonez, ‘Pilota Berria’ programea erabilten dabe.
Mariluz Artetxe Artxandan (Bilbo) jaio zan eta familiagaz batera 1952an heldu zan Argentinara. FEVAn aurretik ezarri izan dabezan lan arloak jorratzen jarraitzeko amesa dauka Artetxek: FEVA topagunea izatea eta euskal etxeek berez antolatu ezin dabezan jarduerak egitea, zabalkunde handiko kongresuak, berbaldiak eta ikastaroak, berbarako. Era berean, lehendakari moduan, Argentinako euskal komunidadea batuta mantentzea da asmoetariko bat.