Zinea  IV. urtea // 157. zenbakia

Water


Istorioa 1938an garatzen da, ingelesen menpe baina Mahatma Gandhi-k zuzendutako burujabetze mobimentuan bete-betean sartuta dagoan India kolonialean. Hinduen arabera, andre bat ezkontzen danean, gizonaren erdia izatera pasetan da. Halanda ze, gizona hilten bada, andrearen erdia hil dala pentsetan da. Liburu sakratuek dinoe alargun batek hiru aukera daukazala: gizonaren anaiarik gazteenagaz ezkontzea, senarragaz batera errea izatea edo abnegazino bizitza gogorra izatea. Filmaren hasikeran, ezkontza bat ospatzen da: Chuyia, 8 urteko neskatila bat, hilaginean dagoan gizon bategaz ezkontzen dabe. Senarra ezkontzearen gauan bertan hilten da eta Chuyiarentzat aukeraturiko patua preparetan hasten dira. Neskatilari ulea ebagi eta alargunentzat beren beregi egindako 'ashram' batean, komentu antzeko batean sartzen dabe, bertan bizitza osoa igaro daian.

'Water' filmaren kontakizunak azaleko xumetasun eta apaltasun distiratsuaz erakusten deusku gai eta egoera gatx nahiz korapilatsu pilo baten nahasketa burutsua. Argazkia, musikea, girotze lanak eta antzezpenak pelikulan jazoten danaren sentimentu guztiak heldu eragiteko tresna ezin hobeak dira, unekada batzuetan filmean igarten diran usainak eta gustoak probetako gauza garala sinisteraino. Gidoia eta alkarrizketak biziak, gozoak, sendoak eta argiak dira. 'Water' film ona da, hunkigarria eta ziragarria. Valladolideko zinemaldian epaimahai gaztearen saria irabazi eban eta Kanadako Zine Akademiak bederatzi sari jasoteko proposatu dau.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoilaria: Deepa Mehta.
- Herrialdea: Kanada.
- Iraupena: 115 minutu.
- Antzezleak: Seema Biswas (Shakuntula), Lisa Ray (Kalyani), John Abraham (Narayan), Sarala (Chuyia), Manorma (Madhumati), Waheeda Rehman (Bhagwati), Kulbushan Kharbanda (Sadananda), Raghuvir Yadav (Gulabi), Vinay Pathak (Rabindra), Ronica Sajnani (Kunti).
- Argazkia: Giles Nuttgens.
- Muntaia: Colin Monie.