Adimenaren gimnasia eta garuna
Garunaren erreserbea
Orain dala urte batzuk pentsetan zan zahartzaroari lotutako neuronen galerea (neuronek garunaren erreserbearen zatirik garrantzitsuena dira) berreskuratuezina zala eta, beraz, hondamen kognitiboa be atzera buelta bako prozesua zala.
Guztiagaz be, animaliakaz eta gizakiakaz egindako hainbat ikerlanek agirian imini dabe, batetik, ez dala hainbeste zelula neurologiko galtzen eta, bestetik, pilaturiko neuronen kopurua baizen garrantzitsua dala lotura dendritikoak edo sinapsia (garuneko ehuna lotu eta komuniketan dauen zirkuitua) egoera onean eukitea, hau da, garuneko sarea modu egokian ibiltea.
Eta zelan eutsi edo hobetu daiteke garunaren erreserba hori? Buruko jarduerak egitea garunean inbertiduteko biderik onenak dira; izan be, persona bat 65 urtera ailegetan bada sinapsian izugarri aberatsa izanda eta denporearen porasuz zer edo zer galtzen badau be, horrek ez deutso modu negatiboan eragingo; aberatsa besterik ez bada, gehiago igarriko dau, baina pobrea bada, egoerea korapilatsuagoa izango da.
Hori bai, edadeko persona horrek 'sudokuak' edo gurutzegramak egin, liburuak irakurri eta mahai jokoetan jarduteaz ganera, erre ez, gitxitan edan, sarritan kirola egin eta dieta osasuntsu eta orekatuari eusten badeutso, hogei urteko persona baten garuna euki ahal izango dau azkenera arte.
Eta noz hasi behar da adimena lantzeko ariketak egiten? Ba, onena bizitza osoan lantzea izango litzateke, ze kirolagaz jazoten dan lez, oinarrizkoena sarritan egitea da eta horretarako usadio eta ohiturak bereganatu behar dira. Eta ez ahaztu telebistako saiorik pasiboenek ez deuskuena ezertan be laguntzen.
Begiluzea
'Southern Medical Journal'-en azkenengo alean 300 andre helduri egindako ikerlan bitxi baten emoitzak jaso dira; azterlanaren ondorioa zera izan da: telebistea eta, batez be, telenobelak nahiz 'talk shows'-en antzeko saioak tarte zabalagoetan ikusten eben andrazkoek emoitza txarragoak atara ebezan hainbat trebetasun kognitibo neurtzeko egindako probetan, berbarako gomutan, buruko arintasunean edo arretea finkatzeko gaitasunean.
Edozelan be, ikerlanaren egileek bizkor be bizkor argitu gura izan dabe lan horren ondorioz ezin dala egiaztatu telebistea garunarentzat txarra danik, ez dalako gauza bera albistegi bat edo etxetik parte hartzeko aukerea emoten dauen lehiaketa bat eta telenobela edo 'reality show' bat. Argibideak argibide, garun biziari eusteko, gomendatzen dabe kutxa tontoa neurri batean alde batera ixtea eta astialdia neuronen sarea bizkortzen daben zereginetan emotea.
Azterlanean esaten danari jarraituz, behin betiko baztertu behar da aitita-amamen okerrak eta hutsuneak edadearen kontuak dirala eta hori guztiori zahartzearen beste ondorioetariko bat besterik ez dala; izan be, adimena lantzeko ariketak egin ezkero, trebetasun kognitiboak agiriko moduan hobetzen dira.