Aukera Galdua
Erramun Osa
Aurreko astean, Espainiako Hezkuntza Lege Organikoak (LOE) azkenengo pausuak emon zituan Espainiako Gorteetan. Gauzak holan dirala, hezkuntza gaietan, Espainiako eta Erkidegoen jarduna neurri handi baten baldintzatuko dauen hazurdura legala indarrean jarteko moduan dago. Hilebete luzeak iraun dauen eztabaida honetan, batzuk, besteak beste, hezkuntza gaietan ia erabateko eskuduntzak dabezan Erkidegoetan, Estaduak ahalik esku hartze txikiena euki daien tartea estutzen ahalegindu dira.
Baina, hizkuntza kontuen ganean, barriz, zer esan geinke? Europako Estaduak herritarren mogikortasuna-eta indartu ahal izateko, atzerriko hizkuntzak eskuratu daitezan hainbat erabagi hartzen ari dira. Horrexetara datoz, askotariko hezkuntza sistemetan atzerriko bigarren eta hirugarren hizkuntzak ezartzen joan daitezan, Estaduak egiten ari diran bidea, hartzen ari diran konpromisoak, aurreikusten dabezan inbertsinoak, bateko eta besteko titulazinoak parekidetzen joan daitezan hartutako erabagiak eta abar. Inguruabar horretan, onartu barri dan Legean, Espainian noranzko horretan pausuak emoteko gogoa nabarmena da, besteak beste, ingelesaren eskuratze goiztiarra ahalbidetzeko helburuak etapaz etapa zehaztuz, orientabide metodologikoak gaurkotzeko iradokizunak eginez.
Atzerriko hizkuntzen eskuratzean jarten dan besteko indarra eta ardurea ez da igarten, ostera, gitxiagotutako hizkuntzen ganean dihardugunean. Izan be, Espainiarentzat gaztelania da atzerriko hizkuntzak eskuratzeko bidearen abiapuntua, ardatz. Ikastolek bere sasoian martxan jarritako ibilbidearen oinarri, ostera, euskerea izan zan eta da. Horra hor, orain dala gitxi, Eusko Legebiltzarrean, administrazinoaren jabetzapeko eskoletan atzerriko hizkuntzak bultzatzeko sozialistek eginiko proposamenaren -hainbat eskolatan burutzen ari dirana- eta gure hizkuntzearen eta kulturearen indarberritzean buru ez eze haren jardunbidearen habe dan ikastola-ereduaren eskaintzearen arteko funtsezko desbardintasuna. Hagaitik, gure artean, hezkuntzan atzerriko hizkuntzen eskuratzeari buruz ari garanean, batzuok, eleaniztasunari bai, baina edozelan ez! esapidea darabilgu.
Legera bueltatuz, ofizialkide diran hizkuntzetan lortu beharreko helburuak betetea Erkidegoen esku ixten dau. Gauzak holan dirala, euren Erkidegoetan ofizialkide diranez, Estaduko hizkuntza be diranei eskapu egiten deutse Estaduak, bestelako Erkidegoak aniztasun horretaz baliatzeko ezelako aukerarik eskaintzen ez dauela. Hari berari tiraka, besteren artean, Espainiak berretsitako Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7. artikuluaren b) pasartean dinoana gogoan, 'Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bakotxak hartzen dauen geografia-eremua errespetetea; halan da ze, administrazino-banaketeak, lehenagotik hor egozanak eta barriak, ez dira oztopo izango eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza hori sustatzeko', garatzeko erremintarik ez dau eskaintzen.
Azken hori helduleku interesgarria eitekean, euskerea bezela, Estadu bereko Erkidego desbardinetan egonik, han-hemen izaten diran gehiegikeriei, Nafarroan esate baterako, langa jarten ahalegintzeko. Orduan, eskuduntzetan-eta erreparau dogu, halan da be, gure hizkuntzea Estaduan sustatzen, baita lurraldetasun ikuspegia kontuan izanik, gitxienekoak ziurtatzeko eztabaidan be ez dogu asmau. Gai honi jagokonez, partidua jokatzeko ez dogu ahalegin berezirik egin, funtsean, Estadua eroso ibili da, gaztelaniaren eta atzerriko hizkuntzen gitxienekoak ziurtatzea ahalbidetuz, baina, gitxiagotutako hizkuntzen erantzukizun osoa eta etorkizuna, barriz, barriro be bizkarretik kendu deutsagu, Erkidego bakotxaren borondatearen eta ahaleginaren esku laga baino ez dogu egin.
Kanpoan, orduan, ez dogu arretarik jarri. Bada, goazen, orain, etxeko partidua ondo bideratzera, gitxienez.