Barriketan  IV. urtea // 157. zenbakia

Josu Zabala: 'musikea da edozein herriren enbaxadorerik onena'

‘Aho bete kanta’, XX. mendeko azken 40 urteotako herri musika euskalduna liburu eta DVD-ROM batera batuta aurkeztu barri dau Arteola alkarteak zortzi ataletan banatuta (Orkestra, gitarra eta ganbara-taldea, pianoa, Oskorri, Hiru Truku, Dantza, Trikitixa eta rock-a).

Herri musikearen ondarea berreskuratzea eta gizarteratzea izan da proiektu honen helburu nagusia eta honezkero 230 partitura euren jatorrizko audioagaz, egilearen biografia, abesti bakotxaren berbak, ohar laburra, partiturak, fitxa didaktikoa, diskoaren azala eta egilearen argazkia jaso dabez, beharrizan didaktikoetara egokituta. Era berean, 'Aho Bete Kanta' proiektuaren webgunea be bisitau daiteke dagoeneko. www.ahobetekanta.arteola.com webgunean pieza bakotxa, letra, partitura, argazki eta informazino laburpen bategaz eskaintzen da.

Kontuak kontu, lau urtean, danetara, 1000 bat erreferentzia batu nahi dituan proiektu zabalago baten lehenengo fasea da hau.

‘Aho bete kanta’ lanaz gehiago jakin guran Josu Zabala (Arteola), Bixente Martinez (Hiru Truku, gitarra eta ganbara taldearen arduraduna) eta Margarita Lorenzo de Reizabal (Didaktika aroloko arduraduna) izan dira geugaz.


1. Nondik nora eta noiz sortu zan herri musikearen ondarea bizibarritzeko proiektu hau?

Hiruzpalau urte daroaguz Arteolan beharrean herri kulturearen transmisinoa eta bizibarritzea bultzatzen. Dagoana gordetea ez eze, sortzea be interesetan jaku. Gogoratuko dozunez, Litera-Musika (4 CD) lana atara genduan, izenak dakarrenez, musikea eta literaturea buztarturik. ‘Aho bete kanta’, Arteolaren 2. proiektua da, orain pare bat urte mamitzen hasi zana. Ideia nire lankide Iñaki Urruzolarena izan zan, ikusirik ez egoala bape materialik euskal musikea Euskal Herriko musika eskoletan erakusteko eta hortik abiatuta, euskarri informatikoan, irakaslearen interpretazinorako aukerea eskainiz, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen laguntzinoagaz eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren diru-laguntzinoagaz posible izan da lana argitaratzea.

2. Hiru hizkuntzatan (euskerea-gaztelania-frantsesa) dagoan argitalpen honetan, besteak beste, Itoiz, Oskorri, Fermin Muguruza, Benito Lertxundi. Michel Labegerie eta euskal herri musika garaikidearen beste hainbat erreferentzia dagoz. Egileen aukeraketarako erispideak zeintzuk izan dira?

Gure erispidea bilduma honetara Euskal Herriko herri musikearen historia batzea, ahalik eta ikuspegi zabalena, osotuena eskaintzea zan; jakina, musikariei eta musikologoei ez deutsegu ezer inposatu, aukeraketea lana egin behar ebenen esku itxi dogu, geure lana bideratzea eta koordinetea baino ez da izan. Segurutik hutsuneak izango dira lan honetan baina denporeagaz osotzen joatea da asmoa.

Bixente Martinez: aspaldi esaten zan ‘dagozan guztiak badira baina diran guztiak ez dagoz oraindino’; beraz, aurrerantzean egongo da aukerea lana osotzen joateko.

3. Juan Carlos Perez, Aitor Amezaga, Bingen Mendizabal, Fermin Muguruza, Juan Antonio Urbeltz, Trikitixa Elkartea, Bixente Martinez, Antxon Latxa eta Iñaki Salvadorrek zuzendutako zortzi atal dagoz ‘Aho bete kanta’ lanean. Zeintzuk dira ezaugarriak?

Multzo musikalen araberako banaketak egiten saiatu gara, ahalik eta musika tresna gehienentzako materiala sortu gura izan dogu, izan be hortxe dago bakotasun handiena, musika tresna bakarrarentzako partiturak lortzea oso erraza da baina musika tresna desbardinak buztartzeko moldaketa onak falta ziran eta hutsune hori betetea izan da asmoa. Beraz, musika tresna zein estiloen arabera egin dogu banaketea, pare bat bitxikeria tarteko (talde biren lana, Oskorri eta Hiru Truku) talde garrantzitsuak diralako eta zeozelan euskal musikea tratetako eredu izan diralako.

4. Euskal musika korala zein ganbara musikarik ez dozue jaso?

Pentsaizu egitasmo honen berezitasunetako bat irakasleentzako eginda dagoala da, ez da musikari edo musikazaleentzako. Esangura horretan, koruen munduan ez gara sartu, batez be, euskal musika eskolentzako materiala dalako ‘Aho bete kanta’ eta koruen gaia ez da horrenbeste lantzen musika eskoletan. Edozelan be, musika tresnen arloa jorratu arren, ahalegin berezia egin dogu moldaketa guztietan ahotsaren particella sartzen.

Margarita Lorenzo de Reizabal: bihar-etzi jorratzeko arloa izan daiteke baina pentsaizu musika eskoletan ez dagoala korurik, ikasgai lez gaia jorratzen dan arren.

5. Arteolak koordinautako lana izan da baina 60 bat lagun ibili dira arlo teknikoan eta erredakzinoan beharrean (Pablo Cabeza, Pako Aristi, Xabier Amuriza, Igor Elortza, Marino Goñi. Kirmen Uribe, Unai Iturriaga, Edorta Jimenez, Anjel Valdes...)... Lantaldea dominetea ez zan erraza izango...

Gure lana erraza izan da, batez be, mundu guztiak gogoa eta ilusinoa agertu dauelako. Borondate ona da edozein proiektutan motorrik onena eta ni harro nago gure taldean oso jarrera positiboa egon dalako eta jenteak maitasun handiz egin dauelako lana. Kontuan hartu proiektu honetan, dokumentazino sarea, musikari eta musikologoen arloa eta alde teknikoa landu dauen taldea egon dirala eta bidea luzea eta neketsua izan bada be, gustora ibili gara, parte-hartzaile danen jarrerea ezin hobea izan da.

6. Zein da Arteola alkartearen eginkizuna?

Lehen be zeozer esan deutsut. Herri kulturearen osasunaz arduratzea da gure helburua, herri kulturea modurik eta zabalenean ulertuta; herri kulturatzat futbola, musika zein artea eta komuniketako dagozan sistema barriak hartu geinkez, herri kultura bizia.

Talde handia gara Arteolan; Iñaki Urruzolak abiarazo eban guztia eta hortik aurrera diziplina askotako lagunak gara, unibersidadeko jentea dago, Jon Sarasua, Arantza Zulueta, Xabier Aierdi...; dantza arloan Mikel eta Juan Antonio Urbeltz; antzerkian, Eneko Olasagazti; literatur arloan, Kirmen Uribe; musikan, Fermin Muguruza eta ni neu; Bertsozale Elkarteko oraintsura arteko idazkaria, Koldo Tapia; Jon Exkixabel, Jose Angel Irigarai, alkarte batzuk be badagoz, Zenbat Gara...

7. ‘Aho bete kanta’ lana musika irakaskuntza ez arautuan sartzea da asmoa?

Bai. Legeak agintzen dau Euskal Herriko musikea bertoko musika eskoletan erakutsi behar dala baina irakaskuntza ez arautua da eta, beraz, zeozelako katedra askatasuna dago mundu horretan. Horrek abantailak daukaz baina praktikan pasetan dana da irakasleek eskura daben materiala baino ez dabela erabilten gauza interesgarri asko baztertuz. Kontuak kontu, hutsune hori bete gura genduan. Hemetik aurrera, irakaskuntza ez arautua izaten jarraituko dau baina irakasleen esku egongo da material barri hau aplikau ala ez. Lan hau mimo handiz egin dogu, batez be, praktikoa, erabilgarria izan daiten eta orain erantzun ona espero dogu irakasleen partetik; edozelan be, euren kritika, eretxi eta hobetzeko iradokizun guztiak aztertzeko prest gagoz.

Beste alde batetik, musikazaleentzat eta publikoarentzat oro har, interesgarria izan daiteke material hau baina ez dago pentsauta eta diseinauta eurentzako; audio bat entzun gura badozu derrigor joan behar zara kantu horren fitxara eta hainbat datutatik pasau behar zara kantua entzuteko eta, beraz, ezin da erabili audio CD baten moduan. Hori bai, musika asko dago, 3 ordu eta erdi edo baina ezin dira jarraian entzun kantuak.

8. Datozen urteetarako be badago lana, izan be, lau urtean 1000 bat erreferentzia batzea da asmoa. Lan esparruak, arloak, egileen aukeraketea eginda dagoz daborduko?

Oraingoz, lehenengo fase honetan egindako lana baloretea toketan jaku. Dana dala, oinarri sendo bat daukagula uste dot eta nire inpresinoa da parte hartu daben guztiek oso sentsazino ona euki dabela eta jarraitzeko gogoz dagozala. Orduan, hemetik aurrera egindako akatsak zuzendu, gauzak hobetu eta lana zehaztea izango dira egitekoak. Nire eretxiz lan honek eredu bat planteau dau, hau da, kantuen gaineko ahalik eta informazino gehiena emotea eta partitura batean agertzen diran notak eta kantu horren historia ez bereiztea. Alde musikologikoa eta historikoa buztartuz asmau dogula esango neuke.

9. Euskal Herriko Musika Eskolen Alkartearen laguntzinoa be izan dozue proiektu honetan...

Bai, guk kanpotik hutsune bat atzemon genduan baina barrutik be egoerea zelan ikusten eben jakitea nahitaezkoa otu jakun; ezer baino lehen Alkartearen onarpena nahi eta behar genduan, ze holako lan bat abiarazoteak ez leuke zentzunik izango lana jaso behar dauen hartzaileak onartuko ez baleu.

10. Euskal Herriko Musika Eskolen II. Nazinoarteko Biltzarra egin da egunotan Bilbon ‘Musika Eskolak: gorantz doan inbertsinoa’ lemapean. Diskogintzearen krisian, top manta eta Internetetik bajatutako musikearen sasoian, zein da musika eskolen lekua eta egitekoa?

Margarita Lorenzo de Reizabal: musika eskolen egitekoa gure ikasleen aisialdia betetea da eta, ahal dala, denpora libre hori kultureagaz, musikeagaz bete dagien erraztasunak eskaintzea. Era berean, bihar-etziko entzuleak, musika zaleak sortzen be zeresan handia daukie eskolek.

Beste alde batetik, musika eskolen jarduerea eta lana txalotu arren, eskoletan zer eta zelan emoten dan gogoan hartuz, gogoeta sakona behar dala esango neuke.

Josu Zabala: bat nator Margaritak esandakoaz baina nik uste dot musika eskoletan tresna espirituala emoten jakela ikasleei, komuniketako beste hizkuntza bat erakusten jake; musikea da edozein herriren enbaxadorerik onena.

11. Euskal musikagintzea osasuntsu ikusten dozu?

Bixente Martinez: baietz uste dot baina gauza bi nabarmenduko neukez, alde batetik, harrobi handia dago, estilo guztietako musikagile asko dagoz eta, bestetik, entzulegoa aitatu behar da; musikea lortzea oso erraza da gaur egun, danetarik topau daiteke eta musikea ez da behar bezela baloretan, zoritxarrez, gizarte honetan pagetan ez dana ez da behar bezela baloretan.

Koldo Isusi Zuazo