Musikea  IV. urtea // 157. zenbakia

Leihotikan: 'Ilunago, ederrago'


Fitxa teknikoa:

· Disko hau 2006ko zezeilaren 13tik 26ra Iruñeko K estudioetan grabau, nahastau eta masterizau zan, teknikaria Alberto Porres izan zalarik.
· Produkzinoa: Marino Goñi eta Leihotikan.
· Diseinu grafikoa: Euskalgraf.
· Promozino argazkiak: Lander F. Arroiabe.
· Kanta guztiak Leihotikan taldearenak dira, 'No oirás' eta 'Korapilatuak' izan ezik. 'No oirás': Ezin Izan taldearena. 'Korapilatuak': doinua herrikoia eta hitzak Iñigo Ibarrarenak.
· Disko honetan kolaborau daben lagunak:
- Xabier Fernandez (Kerobia): ahotsa 'Industriapean alokatuak' kantuan .
- Jule Goñi: ahotsa 'Ilunago, ederrago' kantuan.
- 'Zure soineko urdina' kantuan: Rubén Anton: tronpeta ,Guillermo Irigaray: tronboia, Kike Arza: haize moldaketak.
- 'Korapilatuak' bertsoan: Iñigo Ibarra: ahotsa, Pello Belaskoain: tronpeta, Mikel Mundiñano: trikitixa, Iñaki Mundiñano: panderoa eta Alberto Domingo: koroak.
- Leihotikan taldearen diskografia:
1998 - 'Hemen ez da ezer aldatzen'
2000 - 'Lur'
2003 - 'Munduaren leihoa'
2006 - 'Ilunago, ederrago'

http://www.leihotikan.net

Bizkaie!

'Ilunago, ederrago', izenburu iradokitzailea daroan Leihotikan talde iruindarraren lan barria kalean dago honezkero, euren laugarrena diskoa, hain zuzen be.

Musikeari jagokonean, disko honen edukinei erreparau ezkero, abiadureak nahiz ahots doinuek jarraitzen dabe kantuen ardatz izaten; halan da be lan barri honetan ohi baino instrumentazino handiagoa dago. Oinarria sendotu egin dabe, dana Gorkaren ahots personalak apainduta eta punk-rock edo HC formatuko abestiak badira be, beste ukutu eta ñabardura batzuk atzemoten dira, beste musika batzuen eragina, estilo anitzeko diskoa sortuz.

Edukinen artean, pasarte sakon edo ilunak ('Ilunago, ederrago', 'Egonezina'...) zein koloretsuagoak ('Zure soineko urdina', 'Zabal dezagun euskara'...) entzun daitekez, baita Ezin Izan taldearen bertsino bat be ('No oirás').

Letrei dagokienean, barriz, Leihotikan-en hitzak lelo errazetik aldentzen dira, zure ingurura zein barrura begiratzera eta hausnarketea egitera bultzatzen zaituen hitzak sortuz: gizartea, gizakiaren existentzia, maitasuna, euskerea, eta beste hainbat gai.

Azkenik, lana osotzen daben hamalau kantu honeetaz aparte, bertso bat be badago ('Korapilatuak'), aurreko lanetan legez Iñigo Ibarrak eginda, xumea eta polita, oraingoan tronpetak, panderoak eta trikitixeak lagunduta.