The hours
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Stephen Daldry.
- Herrialdea: AEB.
- Urtea: 2002.
- Iraupena: 114 minutu.
- Interpretazinoa: Meryl Streep (Clarissa Vaughan), Nicole Kidman (Virginia Woolf), Julianne Moore (Laura Brown), Stephen Dillane (Leonard Woolf), Miranda Richardson (Vanessa Bell)....
Ezin da lar ondo ulertu film honek zergaitik ez eban irabazi Berlingo Zinemaldiak pelikularik onenari emon ohi deutson Urregorrizko Hartza, kritikearen eta ikusleen faboritoa izan arren. Aurten, gatx-gatxa izango da maila honetako lanik agertzea, film honek besteko konplexutasun eta indar melodramatikorik dauen obrarik, hatan be. Ez da ikusleentzako pelikula erraza, ahalegin handiak egin behar diralako pertsonaien jokaerea ondo ulertu ahal izateko. Istorio honen argumentuan hainbat ildo topetan doguz: pertsonaia bakotxari tokau jakon bizimodua, nork bere bizimodua egiteko hartu beharreko erabagiak eta horreen ondorioei aurre egiteko bakotxaren gaitasuna.
Hiru ekinalditan kontau eta mende oso bat hartzen dauen maitasun istorioa da. Isilune eta begiradez betetako filma da, aktore bikainek eta gidoi zoragarri batek gidatua. Berbeak eta berbakereak garrantzia hartzen daben film horreetariko bat da; gauzak esan baino gehiago, iradoki edo proposatzen dituana. Aktoreen keinu eta esaldi bakotxean mila mundu topau geinkez, mila grina, mila etsipen eta mila asmo.
Protagonistak antzeko goiz eguzkitsu baten itzartu, lora sorta bat erosi edo jaso eta jai bat antolatzen hasiko dira. Hirurek dabe ukutu homosexuala. Hirurek zuzeneko zerikusia suizidio bategaz. Hirurek nahastauta eta asebete barik dagozala sentiduko dabe. Eta hirurek, bakotxak bere erara, egingo dabe iges. Baina, gauzarik garrantzitsuena eta izenburuari esangurea emoten deutsona ondokoa da: hirurek, eguna hasteagaz batera, aurretik dituen ordu guztiei aurre egin beharko deutseela, euren bizitzea persona maitatuen zerbitzu pean jarriz.
Filma une ahaztezinez josita dago eta aktore nagusiek zoragarri beteten dabe euren rola; horri guztiorri filmaren konplexutasuna erantsita, esan beharra dago 'The hours' pelikulea behin baino gehiagotan ikustea merezidu dauela, bertan amodioaren alde eta norberaren askatasunaren alde azaltzen diran ñabardura, berezitasun eta irakaspenez jaubetu ahal izateko.
Ez da film komertziala, ez da erraz ikusten dan horreetarikoa, baina bai esaldi eta jokabide gogoangarriez beteta dagoana nahiz personearen duintasunaren aldeko hausnarketa sakona egiteko bide ezin hobea opesten dauena. Zoritxarrez, gidoi bikaina, interpretazino ezin hobeak eta hiru istorioak buztartzeko biribiltasuna gorabehera, oso gatxa izango da Oskar sari nagusia irabaztea. Holliwood-en diru gehiago batzeko aukerea emoten daben filmak saritu ohi dira.