Antxina-barri  IV. urtea // 157. zenbakia

Errepublikea eta euskaldunak

Apirilaren 14an


Espainian talde nagusi bi ikusi badoguz agirian, eskumatarrak eta ezkertiarrak, Hego Euskal Herriaren kasuan zatiketea desbardina izan zan, abertzaletasun ideiek zerikusi handia izan ebelako.

Jakina danez, Eibarren izentau zan lehenengoz Errepublikea. Ordu batzuk geroago, Getxoko alkatetzea hartu eban José Antonio Agirrek Espainiako Errepublikeari atxikitutako Euskal Errepublikea izentau eban. Baina izentapenak ez eban izan ondorio zuzenik eta bertan behera geratu zan.

Euskadin, EAJk eta EAE errepublikarrek lehenengotik onartu baeben Errepublikea, ez zan bardin pasau Nafarroako Karlistakaz. Azken honeek Errepublikea indarrean egon zan urteetan behin eta barriro agertu ziran kontra.

Estatutuan oinarritu eben euskal abertzaleek euren aldarrikapena Errepublika garaian. 1931ko udal hauteskundeetan, Hego Euskal Herrian EAJrentzako eta eskumako alderdientzako izan zan garaipena. Baina uri nagusienetan ezkertiarrak nagusitu ziran, tartean EAE alderdi abertzalea be egoala. Urte bereko Gorteetarako hauteskundeetan, zati handi bi izan ziran euskal lurretan: alde batetik EAJ, Comunión Tradicionalista eta katoliko independienteak, erlijinoaren aldekoak eta Lizarrako Estatutuaren aldekoak; bestetik, ezkertiarrak (sozialista, errepublikarrak eta EAEko kide errepublikarrak) laikoa izan behar zan gizarte baten eta Eusko Ikaskuntzak landutako estatutuaren aldekoak.

Hurrengo urteetan hainbat ahalegin izan ziran abertzaleen artetik euskal estatutua Madrilen onartzeko baina batzutan Madrilen ezkertiarrak agintean egozanean euskal estatutua lar eskumakoa zala ikusten ebelako eta besteetan eskumakoak agintean egozanean, proposatutako estatutua lar ezkertiarra ikusten zalako, ez zan hurrengo urteetan estatuturik onartu euskaldunentzako.

1933ko hauteskundeetan EAJk bere garaipenik handienetarikoa lortu eban. Hurrengo urteetan barriz ez zan aurrerapenik izan estatutuaren lorpenean, eta nahiz eta 1934ko Iraultzan euskal abertzaleak ez izan partaidetza handirik, bakarkako batzuen partaidetzea nahikoa izan eban Gobernuak euskal estatuturik ez onartzeko.

1936ko hauteskunde Orokorretan barriro be EAJ bakarrik aurkeztu zan eta emoitza txarragoak lortu ebazan. Madrileko Gobernua osotu zanean, EAJ, EAE errepublikarrak lehenago egin eban legez, Frente Popularraren alde agertu zan. Euskal Estatutua nahiko aurreratuta egoan garagarrilaren 17an Estadu Golpea izan eta Gerrea hasi zanerako.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

1931ko aipirilaren 14an Errepublika barria, bigarrena Espainiako historian, aldarrikatu eta ezarri zan Madrilen.

Aurretiaz jazoera garrantzitsu bi izan ziran: lehenengoa, urtebete lehenago Donostian errepublikearen aldeko alderdi politikoek egindako batzarra. Bigarrena, Errepublikea berrezarri baino egun bi lehenago: apirilaren 12an egindako udal hauteskundeetan errepublikarrek irabazi eta Espainiako Errege Alfonso XIII.ak alde egin eban.

Niceto Alcalá Zamora politiko ezkertiarrak hartu eban behin-behineko agintea. Handik hilebete bira, bagilaren 28an, Gorteetarako hauteskundeak izan ziran. Errepublikarrek eta sozialistak irabazi eben, Alcala Zamorak Errepublikako presidente lanetan jarraitu eban eta Manuel Azaña zan gobernuburua. Gorte barriek Konstituzino barria egiteari ekin eutsen eta urte bereko abenduaren 9an onartu zan.

Lehenengo urte bietan ekonomia, hezkuntza edo gizartean hainbat aldaketa egin baziran be, nekazaritzan ezinezkoa izan zan aldaketa lar egitea. Europa eta Mundu mailan bizi zan krisiak be ez eban larregi lagundu aldaketak aurrera eroaten.

1933ko erdialdera, jentea ez egoan bape pozik Errepublikeak eroian bideagaz. Batzuk uste eben ez zala aldaketa nahiko egon. Besteen eretxiz, aldaketak larregi eta lar arin eginak ziran. 1933ko apirilean barriro be hauteskundeak egin ziran eta eskumako alderdi politikoak batzen ebazan CEDA (Eskuineko Alderdien Konfederazino Autonomoa) alderdi multzoak, hau da, aldaketak larregi zirala uste ebenak, irabazi ebazan. Gobernua CEDAko agintaria zan Gil Roblesek eta Alderdi Radikalekoa zan Alejandro Lerrouxek osotu eben. Agintean egon ziran urte bietan, bertan behera geratu ziran aurreko urte bietan egindako aldaketa guztiak. Egoera honetan, 1934ko Iraultza izenaz ezagutuko zan altxamendua izan zan. Andaluziako lurretan eta Asturiaseko Meategietan hainbat langile altxau ziran Gobernuaren kontra bizi eta lan baldintza okerrak aldatzeko eskariagaz. Katalunia aldean be, bertan behera geratutako autonomiaren aldeko altxamendua izan zan. Altxamenduaren ostean izandako errepresino gogorraren ondorioz milatik gora hildako izan ziran.

Hurrengo hilebeteetan egoerea lasaitu baino gehiago nahastau egin zan eta barriro be 1936ko zezeilean hauteskundeak egin ziran. Alderdi ezkertiar guztiak batu eta Frente Popularra osotu eben. Hauteskundeak irabazi eta Manuel Azaña izentau eben Errepublikako Presidente eta Casares Quiroga gobernuburu. Barriro be aldaketak arindu egin ziran eta eskumakoen eta militarren egonezina gero eta argiagoa zan.

Azkenik, eta aguantau ezina zan egoeran, José Castillo teniente errepublikarraren heriotzeak José Calvo Sotelo eskumako politikariaren heriotzea ekarri eban eta azken jazoera hau hartu geinke Gerrearen pizgarri.