Bertsotan  IV. urtea // 156. zenbakia

III. Bizkaiko Bertsozale Gazteen Eguna 2006

Apirilaren 8an, Larrabetzun


Emetik

'Kabaretaren tradizinoan denetarik sartu izan da, eta geuk be, bat bateko bertsoari danetarik edo ahal dogunetik zatirik handiena ipiniko deutsagu: antzerkia, bertso jarriak, poesia, musikea…Baina gure kabaret partikularraren izena ez da Emetik kasualidadez. Emeak gara, emakumeak garalako, eta gizarte honi emakumetasunetik atara gura deutsagulako punta. Gai asko jorratu gura doguz gure emonkizunetan, baina beti geuregandik abiatuta. Lumek lotsa ezkutatzen lagunduta, orain sorginkerian, orain erosketetan, orain inmigrazinoan, gero prostituzinoan, noizbait etxeko andrearen sukaldean sartuko gara bildurrik barik'.

Datorren zapatuan, apirilaren 8an izango da lehenengo emonkizuna, arratsaldeko 19:00etan Larrabetzuko Gaztetxean. Hurrengo emonkizunak, orain arte lotutakoak, ondokoak dira:

- Apirilaren 15ean Bakioko Txoberne tabernan. Arratsaldeko 19:00etan.
- Maiatzaren 25ean, Gasteizko Parral tabernan.
- Bagilaren 30ean Aulestin, iluntzeko 21:00etan.

Bizkaie!


Bizkaiko bertsolari eta bertsozale gazteek eta, zergaitik ez, gazte sentiduten diranek hitzordu berezia daukie zapatu honetan, apirilak 8, Larrabetzun. Aurreko edizinoetan Aulestin eta Munitibarren izandako harrera onaren ostean, aurten hirugarrenez antolatu dabe. Eñaut Intxaurraga bertsolari eta antolatzailearen esanetan, ‘betidanik egon da argi holako ekimenak herri txikietan egin behar dirala, jaia ez sakabanatzeko eta herritarrakaz kontaktua izateko’. Holan, ‘helburua apurka-apurka Bizkaiko Bertsozale Gazteen eguna bertsoaren inguruan mobiduten garan guztiontzat erreferentzia eta bilgune izatea da’, azaldu dau Intxaurragak. Ekinaren ekinez lortu beharreko erronka da hori eta, beraz, lanari gogotik ekin deutse.

Egun osoko egitaraua preparau dabe. Egunari triki-bertso-poteoagaz emongo deutse hasierea, giroa berotzeko. Ostean, herri bazkaria izango da (txartelak eskualde bakotxeko bertso-eskoletan dagoz salgai eta egunean bertan be egongo dira bateren batzuk) eta bertso-aldia etorriko da gero. Aurten, bereizgarri moduan, eskualdeko bertsozaleen emonalditxuak egongo dira, egun horretarako berenberegi preparautakoak. Arratsaldeko zazpietan, Onintza Enbeitak, Iratxe Ibarrak eta Oihane Pereak Emetik Kabareta aurkeztuko dabe, antzerkia, bertsoa eta emakumearen bizipenak eta sentimentuak buztartzen dituan emonaldi barria. Jaia behar dan moduan amaitzeko, Drindots taldeak erromeria giroz alaituko ditu bertsolariak, bertsozaleak eta herritarrak.