Jan-edanak  IV. urtea // 156. zenbakia

Txakolin eta Sagardaoari buruzko XI. Enologia jardunaldiak apirilaren 5etik 8ra bitartean


Bizkaie!

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Txakolin eta Sagardaoari buruzko XI. Enologia jardunaldiak Zallako Frutagintza Estazinoan egingo dira, apirilaren 5etik 8ra.

Bizkaiko txakolinaren eta sagardao naturalaren 2005-2006ko uztaren esperimentuzko lan eta emoitzak ezagutzera emongo dabez Enkarterriko herrian. Aldaera desbardinetan lortutako emoitzak eta Bizkaiko txakolin eta sagardaoan kalidaderik handiena lortzeko aplikazino teknikoak eztabaidatu gura dira jardunaldietan.

Topaketak antolatzean hainbat sektore hartu dira gogoan: Bizkaiko Txakolina, Bizkaiko Sagardaoa jatorrizko deitura (JD) daben sotoak eta produktoreak, Bizkaiko Txakolina JDren Kontseilu Arautzailearen Dastaketa Batzordea, Nekazaritza Saileko eta beste erakunde batzuetako teknikariak eta, azkenik, gastronomia eta ostalaritzako prentsa berezitua.

Dastaketa Batzordearen Urteroko Dastaketea eguen goizeko 11:00etan izango da, Bizkaiko Txakolina JDren Kontseilu Arautzailearen Dastaketa Batzordearen urteroko dastaketeagaz. Estazinoko teknikariek teknika desbardinak erabiliz lortutako esperimentuzko txakolin barriak aurkeztuko deutsez Batzordeari.

Bizkaiko Nekazaritza Saileko Teknikariak apirilaren 6an goizeko 11:00etan izango dira, Nekazaritza Saileko eta lehen sektoreko beste Erakundeetako teknikariakaz; honeek azken esperimentazino lanetan lortutako emoitzak aztertuko dabez.

Apirilaren 7an, goizeko 11:00etatik aurrera, prentsa, sommelier, ostalaritza-eskola, enoteka eta banaketa eta gastronomia arloa izango dira protagonista.

Azken buruan, produktore eta upeltegien eguna apirilaren 8a izango da, goizeko 11:00etatik aurrera. Bizkaiko Txakolina JD produziduten daben soto eta mahastizainei eta Bizkaiko sagardaoa markara bildutako sagardao naturalaren produktoreei zuzendutako teknologiaren transferentzia-eguna egingo da.