Xabier Silveirarentzat Nafarroako txapela
Bizkaie!
Pasa dan zapatuan, Elizondoko Lur aretoa jentez ganezka egoala jokatu zan Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Zortzi bertsolarik ekin eutsen saioari: Julio Soto, Erika Lagoma, Jon Barberena, Estitxu Arozena, Julen Zelaieta, Xabier Silveira, Iñigo Olaetxea eta Etxabek.
Bakotzak bere zaletuak eroan ebazan eta nabarmenenak Julio Soto eta Jon Barberenarenak izan ziran, etenik bako animo eta oihuakaz. Erika eta Estitxuren Iruñerriko bertso eskoletako ikasle franko be lehen lerroetan jesarri ziran. Azken urteetako joereari eutsiz, lagunarteko giroa izan zan nagusi, bai bertsolarien artean eta bai entzuleen artean be.
Bertsoei jagokonez, saio gorabeheratsua izan arren, ale eder askoak ientzun ziran. Bertsolari guztiek izan eben bertsoaldi onen bat. Xabier Silveira gelditu zan txapeldun, alderik txikienagaz, hain zuzen, izan be, Esitxu Arozena puntu erdira gelditu zan, saio ederra egin eta gero. Aitatzekoa era berean, hirugarren gelditu zan Julen Zelaietaren umorea eta Iñigo Olaetxea laugarrenaren lana saio osoan zehar. Sailkapenean Jon Barberena, Etxabe, Erika Lagoma eta Julio Soto gelditu ziran bosgarrenetik atzera.
Txapela Juanito Perurena arizkundarrak jarri eutson Silveirari, 60.
hamarkadan Nafarroako Txapelketan kantuan ibilitakoa bera. Orain 70
urte Elizondon jokatu zan lehen Txapelketako finalistak gogoan, honako
bi puntuokaz gogoratu nahi izan zan ibilbide hori: “.../maitetasuna izango
zela/ematen nion tankera/lehen larrugorrin bizitu eta/gaur badaukagu
jazkera/...”.