Euskaldunok munduan  IV. urtea // 157. zenbakia

'Euskadiko Gazteak Lankidetzan' egitasmoan parte hartzeko epea apirilaren 11n amaituko da


Informazino eta orientazino aldia

Garapenerako lankidetzari buruzko bi topaketa izango dira informazino eta orientazino aldian. Lehenengoan, aurreaukeratutako gazte guztiek parte hartu beharko dabe nahitaez; Barriako aterpetxean (Araba) egingo da, maiatzaren 5, 6 eta 7an, barnetegi moduan.

Lehenengo topaketan parte hartu ondoren, 'Euskadiko Gazteak Lankidetzan' programan parte hartzeko aukeratutako gazteek bigarren topaketan parte hartu beharko dabe nahitaez. Bigarren topaketea be Barriako aterpetxean egingo da, maiatzaren 13 eta 14an, barnetegi erara.

Barriako egonaldi eta janari gastuak Eusko Jaurlaritzeak pagauko ditu. Era berean, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzeak dobako autobus zerbitzua eskainiko dau Barriara joateko. Euren kabuz joaten diran gazteek, barriz, euren joan-etorriko gastuak pagau beharko dabez.

Egonaldiak, oro har, hiru bat hilebetekoak izango dira. Urteerea, ahal bada, garagarriletik aurrera egingo da. Eusko Jaurlaritzeak pagauko ditu gazte lankideen bidaia eta aseguru gastuak; mantenuaz eta ostatu emoteaz garapen programen ardurea daroan GKE bakotxaren esku geratuko da.

'Euskadiko Gazteak Lankidetzan' programako ekintza guztiak hirugarren munduan lanean diarduen GKEn bitartez gauzatzen dira. Lankidetza eta alkarlan hau berez oso emonkorra da, hainbat hartu-emon sortu eta sendotu dira eta alkarlanerako bide barriak edegi.

Bizkaie!

Eusko Jaurlaritzeak 'Euskadiko Gazteak Lankidetzan' programan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea zabaldu dau. Izena emoteko epea apirilaren 11n amaituko da, eta Eusko Jaurlaritzearen ordezkaritzetan egin ahal izango da, Gasteiz, Bilbo eta Donostian.

Danetara, 20 eta 30 urte bitarteko ehun gizon-emakume behar dira 2006an hirugarren munduagazko lankidetza-egitasmo honetan parte hartzeko. Lankidetza-programa honen helburua hirugarren munduagaz garapen ekintzetan kolaboretea da, eta horretarako euskal gazteek Amerika, Afrika eta Asiako herri desbardinetan egingo diran garapenerako ekitaldietan lan egingo dabe.

Egitasmo hau Kultura Sailaren Gazteria Zuzendaritzeak eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailaren Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzeak bultzatzen dabe eta hirugarren munduan egiten diran ekintzak bertako gobernuz kanpoko erakundeek kudeatzen dabez.

Aurreaukeraketan, informazino eta orientazino aldira pasauko diran gazteak aukeratuko ditu horretarako eratutako batzordeak, eta zenbait lanbide lehenetsiko ditu, besteak beste, begiraleak, hezitzaile sozialak, pedagogoak, gizarte langileak, elebitasunean adituak diran hezitzaileak, ekonomilariak, kontableak, agronomoak, sistema injineruak, industri injineruak, informatikoak, diseinugile industrialak, arotzak, iturginak, elektrizistak, tornero-mekanikoak, medikuak, farmazialariak, psikologoak, erizainak, osasun laguntzaileak, nutrizionistak eta albaitariak.

Bestalde, garapenerako lankidetzeagaz zerikusiria daben esperientziak, ezagupenak eta jakintza-arloak, Gobernuz Kanpoko Erakunde bateko kide izatea, eta gazte-alkarte batekoa zein helburu soziala dauen beste erakunderen bateko kide izatea be lehenetsiko dira.

Informazino eta orientazino aldian parte hartzeko aurreaukeratutako personen zerrendak Kultura Sailaren lurralde-zerbitzuetan kontsultau daitekez, baita 'gazteaukera' webgunean be, apirilaren 28tik aurrera. Informazino eta orientazino aldiak non eta noiz izango diran be leku horreetan jakinarazoko da. Aurreaukeratuak izango diran gazte guztiek informazino eta orientazino aldian parte hartu beharko dabe.