Unai Aranzadi (II): Irak porrot egiteko zorian
Nepalen ez dago bake indarrik hango gerra zibilean daborduko 12.000 lagun hil diran arren. Mendebaldeko turismoaren jomugea be bada neurri batean baina hango barri ez jaku heltzen. Zergaitik?
Gerrilla maoistearen helburua ez dira mendebaldeko turistak, gatazkea bigarren edo hirugarren mailan dago. Jenteari ez deutso ardura egungo egoerea herriak bizi dauen miseria gorriaren ondorio zuzena izatea. Geure hurrekoak hilten ez diran bitartean ez gara arduratzen. Ganera, gatazka hori irudietan islatzea benetan gatxa da eta gaur egun badakizu irudirik barik ez dagoala albisterik...
Kolonbiako egoeraz zer esango zeunke?
ELNgaz egon nintzanean, zur eta lur geratu nintzan benetako gerra egoerea ikusi nebalako. Geure herrialdera, barriz, ez da egoera horren barri heltzen eta interesagaitik izaten da kasurik gehienetan; pentsaizu, Kolonbian Espainiako izen handiko enpresak dagoz eta ez jake interesetan errealidadea modu gordinean ezagutarazotea. Komunikabideek ez dabe gizarte funtzinorik beteten, negozio hutsa dira. Kazetaritzan publizidadeak agintzen dau. Publizidade asko kontratetan dauen enpresa bati zenbait informazino ez argitaratzea interesetan bajako, segurutik albiste horreek ez dabe zabalkunderik izango.
Azken bidaian, Iraken egon zara iparamerikar ‘Alfa’ konpainiagaz batera. Gatazkea neurri barik luzatu dan honetan, zelan dagoz tropak?
Indarbaga eta morala oso baju dabela ikusten dodaz, ez dagoz pozik; onaren eta gatxaren bereizketa sinplistan sustraituta, Irailaren 11ko atentaduen ostean, AEBetan moda-modan dagoan oinarrizko diskurtsoa darabile. Edozelan be, benetan gogorra egingo jake norberaren bizitza arriskuan jartea sakoneko kausa hain zentzunik bakoa dala ikusirik eta, horregaitik, askatasuna, demokrazia lako berbak erabilten dabez sarri eta luzaroan familia txikia osotzen dabenakaz zirkulu zarratuan bizi dira. Kontuak kontu, familia idealizetan dabe eta etxean bueltan diranean, ‘Garagarrilaren 4an jaioa’ film ezagunean deskribiduten diran egoerak bizi dabez. Badakie ondo zer tokauko jaken eta lotsa barik kontetan deutsue, nahiz eta alde handia egon euren adierazpenetan, momentuko egoera personalaren arabera. Makalaldietan etorkizunean biziko daben egoerea irudikatzea izaten da botika onena; seguridade pribatuaren alorrean, lanpostu ona lortuko dabela pentsetan dabe. Eurek esaten dabenez, ‘aberriaren alde lan eginaz, hilean 1200 euro irabazten doguz eta urtebetean ezin gara etxera bueltau baina enpresa handientzat lan egin ezkero, 20 aldiz gehiago irabazi eta hiru hilebeterik behin etxera bisitan joateko modua eukiko dogu’. Laburzurrean, diru gehiago irabazten da gerrearen negozioan buru-belarri sartuta dagozan enpresatan behar eginaz, aberriaren aldeko beharrean baino.
Ez zan erraza izango soldaduen jarrera edegi hori lortzea...
Bizimodua eurekaz egin dot bete-betean eta horregaitik ondo hartu nabela pentsetan dot, benetako arriskua egoan lekuetan eurekaz ibili naz hara eta hona, ustelduta egoan jatekoa jan eta botaka egin dot eurek lez, tiroka hartu gaituenean, eurekaz ibili naz eta, oro har, alkarregaz pasau doguz egunaren hogeitalau orduak. Ziur nago eurekaz ordu batzuk edo astebete bakarrik pasau izango baneu, hain jarrera edegirik ez nebala topauko. Ez dago ezkutuko trukorik, euren mailan jartea eta euren bizimodua egitea da giltza.
Iraken dagoan ‘Alfa’ konpainian, zelakoa da eguneroko jarduna?
Kasuan kasuko operazinoaren araberakoa. Hori bai, soldaduek egunero bizi dabe duda eta bildur giroa. Irakeko gerrea ez da ohikoa, matxinatuak konturatu dira iparamerikar tropen morala erasoteko modua gerrilla estiloa erabiltea dala, oso zuhurrak dira eta errepide bazterretan, asfaltoaren azpialdean edo hildako txakurren barruan jarritako leherkailuak eztandarazoten dabez. Teknología aurreratuena izan arren, soldaduak babes barik sentiduten dira, bonba horreek ebitetea oso gatxa dalako. Eguneroko kontua da. Erasoak etenik bakoak dira eta bildurra da nagusi. Horrezaz ganera, Irakeko poliziaz be ez dira fidatzen eta arerio ‘ezezagunaren’ kontra dabizela da sentsazinoa.
Irak eta Vietnam parean jarri daitekez?
Zeozelan, bai. Oro har, konparau daitekezan gerrak dira. Iraken hildako gitxiago dago iparamerikar soldaduen artean baina, azken urteotan nabarmen aldatu da gerrea egiteko modua eta, gaur egun, gehiago baloretan da bizitza.
Hildako kazetariak, barriz, gehiago dira Iraken urte bi eta erdian Vietnamen baino. Atara kontuak, hildako hiru kazetari gehiagogaz II. Mundu Gerrako hildakoen kopurua gaindituko litzateke! Duda barik, komunikabideak eta kazetariak helburu bihurtu dira.
Iran izango ete da hurrengo Irak?
Orain momentuan Estadu Batuak ez dagoz Irani erasoteko moduan, hori argi ikusten dot; logistikea falta jake eta, ganera, kongresuaren oneretxirik ez leukiela lortuko uste dot. Iran, ganera, herrialde indartsua da, erasoei erantzuteko beste. Dana dala, herrialdea desorekatzeko asmoagaz errebolta edo matxinadaren bat sortarazoteko kapaz dira amerikarrak.
Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Zigor Aldama eta Unai Aranzadi
Alkarrizketearen lehenengo zatian, Unai Aranzadi gerra-kazetariak prentsak gaur egungo gizartean zelan eragiten dauen, oro har zelako lana egiten dauen eta bigarren edo hirugarren mailako herritarrak protagonista dabezan gatazka eta aurrez aurreko giroen barri emon euskun. Orain, barriz, gatazka horreetako batzuen barri zehatza eskatuko deutsagu eta, batez be, Iraken iparamerikarrek egindako inbasino korapilatsuaren gaia jorratuko dogu. Ondo baino hobeto ezagutzen dauen ingurua da, izan be, lau aldiz izan da Iraken eta inbasinoaren momentu beroenak bertatik bertara jarraitu ebazan Mosulen eta Tikriten. Unai Aranzadiren erreportajeak ETB, Antena 3 eta TVEn agertu izan dira.