Mikel Zalbide da hautagai bakarra Patxi Altunak Euskaltzaindian itxitako hutsunea beteteko
1983an, euskaltzain urgazle izentau eban Euskaltzaindiak. Erakundearen barruan lan oparoa egin dau, lexikologia eta hiztegigintzearen aldetik batik bat: Hiztegigintza batzordearen kide izana da hainbat urtez, baita Jagon Saileko kide be. Batean zein bestean, bertako idazkari izana da zenbait urtez.
Bestalde, Euskaltzaindian bertan, LEF (Lexiko Irizpideen Finkapena) batzorde-atalaren gestino-arduradun izana da. Langintza horren ildotik garatu ziran maileguzko hitzen idazkerea, Orotariko Euskal Hiztegia proiektua eta EEBS (Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa) egitasmoa.
Berba egiten eta idazten dakien hizkuntzak: euskara, gaztelania, alemana eta ingelesa. Hainbat liburu idatzi ditu, eta baita artikulu eta txosten ugari be. 1977tik hona be idatzi ugari argitaratu ditu, besteak beste, Elhuyar, Euskera, European Bureau for Lesser Used Languages, RIEV, International Journal of the Sociology of Language agerkarietan. Hiztegigintza, hizkuntza-normalkuntza, euskerearen egoerea, zientzia hizkuntzea eta irakaskuntzea izan dira gai nagusiak.
Bizkaie!
Hautagai bakarra aurkeztu dabe euskaltzainek: Mikel Zalbide Elustondo, Jose Antonio Arana Martija, Ana Toledo eta Henrike Knörr euskaltzainek aurkeztua. Apirilean izango dan osoko bilkuran egingo da botazinoa, Akademiako iturriek jakinarazo dabenez.
Donostian jaioa, 1951n, Nafarroako Unibersidadean egin ebazan ingeniaritzako goi-ikasketak Zalbidek. Gazte-gaztetandik euskereak bete barik eukazan alorrak horniduteko lanean jardun eban. 1972an, artean ikasle zalarik, Elhuyar Kultur Elkartearen sortzaileetakoa izan zan: zientzia-tekniken alorreko lehen euskal aldizkaria sortzeaz ganera, irakaskuntzarako hainbat material preparetan eta hitz-eraketazko azterlanak bideratzen hartu eban parte.
1978an, Unibersidade Zerbitzuetarako Euskal Institutua (UZEI) sortu zanetik, zientzia-tekniken alorreko arduradun teknikoa izan zan. Bertan jardun eban lanean, besteak beste, Fisika, Kimika eta Matematika hiztegiak preparetan, eta lexiko-sorkuntza erabideen aztertzaile eta ikastaro-emoile. Era berean, maileguzko berben idazkeraz eta ebakeraz UZEIn eginiko sistematizazino-lanaren egile dogu.
Euskal Unibersidadea eratzeko ekimenaren partaideetako bat be izan zan, 1979tik aurrera. Autonomia aurreko Eusko Kontseilu Nagusiak eta Bilboko (gero Euskal Herriko) Unibersidadeak sorturiko Batzorde mistoaren kidea izan zan. Euskal Unibersidaderako Planifikazino-batzordea eukan batzorde misto horrek izena, eta horren barruan unibersidade alorreko hizkuntza-normalkuntzea bideratzeko azpibatzordea sortu zan: euskal kultureagazko unibersidade-beharrizanen lan-taldea. Lan-talde horren arduraduna izan zan.
1981tik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailean dabil beharrean, hasieratik Euskara Zerbitzuaren buru delarik. Erantzukizun horretan, Administrazinoak euskerearen ikaskuntza eta ezagutza ereduak finkatzeko egitasmorik nagusienetan esku hartu dau. Aitatzekoa da eragin zuzena izan dauela EGA tituluaren, HE1 eta HE2 hizkuntza-eskakizunen, eta IRALE programearen sorreran.
Pedagogia eta hezkuntzaren esparruan, barriz, hainbat egitasmo martxan jartzeko lan-taldeetan izan da: EIMA programa (Euskal Ikasmaterialgintzea), Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako ikasliburuak, ikus-entzunezko eskola-materialak eta softwarea sortu eta hizkuntzearen kalidadea zaintzeko; NOLEGA programea eta ULIBARRI proiektua, eskola-giroan euskerearen erabilerea indartzeko; Hezkuntza Administrazinoa Euskalduntzeko Plana. Era berean, A, B eta D ereduen hizkuntzazko gaitasun-ondorioak ataratea eta hobekuntza-neurriak proposatzea izan da bere eginkizunetako bat.
Esperientzia hori guztia bilduta, soziolinguistikearen alorrean be ibilida eta euskereak munduko beste eremu urriko hizkuntzakaz batera dituan arazoen teoria eta praktikea aztertu ditu.