The gangs of New York
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Martin Scorsese.
- Herrialdea: AEB.
- Urtea: 2002.
- Iraupena: 166 minutu.
- Interpretazinoa: Leonardo DiCaprio (Amsterdam Vallon), Daniel Day-Lewis (Bill 'harakina'), Cameron Diaz (Jenny Everdeane), Jim Broadbent (Tweed), John C. Reilly (Jack)…
Gehiegi ala gitxiegi? Horixe da edozein ikuslek bere buruari egingo deutson galderea, behin Martin Scorseseren hiru orduko epopeia hau amaitu eta gero. Egia esan, film honen agiriko handigurea eta New Yorken sorrerea zinta bakarrean azaltzeko grina hori oso kontuan hartzeko faktoreak dira pelikula honen ganerako edozein kritika edo iruzkini oratu baino lehenago. Egilearen obrarik biribil eta bikainena izateko pentsau eta gauzatu bada be, baieztatu beharra dago ez deutsola hasikerako itxaropen handi horri erantzuten. Halan eta guztiz, horrek ez dau esan gura film txarra edo gogaikarria danik, baina ez da ailegetan gura leukean mailearen erdira be.
Filmak Scorsesek hainbeste maite dauen uriaren sorrerearen nondik norakoen barri emon gura deusku. Horretarako, modu gordinean azaltzen dau zeintzuk izan ziran bertako kaleetan bizi, burrukan egin eta hildako etorkin saldoaren gorabeherak, kontakizuna XIX. mendearen bigarren erdialde liluragarri baizen odoltsuan kokatuz.
Uriaren berregite zoragarriak, sasoi hori girotzeko behar ikaragarriak eta burruka odoltsuek Scorseserik onena dakarskue burura; ganera, Bill 'harakinaren' hasikerako karakterizazino eta jarduna oso maila onekoak dirala esan behar da. Elementu horreek biak pelikula honen baliorik onenak dira.
Baina, aurrez aurre agiri dira Scorsesek epopeia biribiltzeko erabili gura izan dituan bigarren mailako beste istorio eta ikuspuntu batzuk. Azken horreek, istorioaren alderdi konkretu eta abstraktuen arteko zubi lana egin beharrean, balantzea desorekatu eta batzuetan ipingiz jantzitako betelan baten aurrean gagozala emoten dau.
Unekada batzuetan pentsau geinke filma osoagoa eta sendoagoa izan leitekeala Leonardo Di Capriok interpretetan dauen maitasun istorioa kendu ezkero. Izan be, Cameron Diazegaz bizi izandako amodio mengela eta eztitsuegia nahiz lagunak egindako traizinoa lekuz kanpo dagoz guztiz. Egoera biak ez datoz bat istorio nagusiagaz eta ez dabe narrazinoa bape sendotzen. Ganera, glamourrez beteriko bikote protagonista gazte, polit eta eder honen interpretazinoak ez dauka topikoen bidetik abiatzeko ainako indarrik be. Ez da harritzekoa, beraz, maitasun egoera hori izatea gidoilariek filma oinarritzen dan liburuari egindako ekarpen nagusia.
Desoreka hori azaltzeko beste arrazoietariko bat izan leiteke filmari produktore eta zuzendariaren arteko liskarraren ondorioz kendutako metraje zati handia. Heldu jakuzan barrien arabera, pelikuleari ordubeteko zatia kendu eutsien muntaia egikeran. Beharbada, 'Gangs of New York' behar dan moduan epaitu ahal izateko, itxaron beharko geunke harik eta pelikulearen benetako edizino osoa pantailaratu arte; modu horretara jakin geinke Scorsesek filmaren gorabehera guztiak argi zituan, produktoreek ostu eutsien komertzialago egiteko edo, beste barik, huts egin ete eban enfasia beharrezko lekuetan ipinteko unean.