Bertsotan  IV. urtea // 156. zenbakia

Durangora barriro BBK Sariketea


Lagunak be etorri
dira animetan
gogoratu nahi ditut
bertso onenetan.
Nahiz eurekin aritu
ohi naizen brometan,
eurengatik ez balitz
ez nengoke bertan.

(...)
oso ona da nik beraiekin
daramadan harremana.
Balantza baten jarri ezkero
burutu ohi dudan lana,
askoz gehiago da eurengandik
beti jasotzen dudana.

Beste nonbaiten topauko nuke
agian nahiko disfrute,
zahar talde horrek niretzat badu
behar adina bertute,
ni neu lanera joaten bainaiz,
ta ez diruaren truke.
Nik hogei ditut, beraiek aldiz,
laurogei ta piku urte;
bizitzen dakin jende honetatik
hiltzen ikasi nahi nuke.

Bertso horregaz amaitu ziran lan puntuagarriak. Durangaldea ikusten genduan txapeldun, eta halan esan eben puntuek. Gaztetxoetan 180,5 puntu lortu eben, eta 161 Ipar Uribek. Gazteetan aldea txikiagoa izan zan, 227,5 eta 213, 5. Guztira Durangaldeak 408 puntu eta Ipar Uribek 374,5 puntu. Finalista gazteenaren saria Jone Uria algortarrak eroan eban, eta bizkaiera ondoen erabili eban bertsolariarena, esan dogun moduan, Miren Amurizak. Sari banaketearen protokoloa laburtxuagoa izan balitz eskertuko genduan. Eta holan amaitu zan aurtongo BBK sariketea, aurrezki kutxak urtero legez Bizkaiko Ikastolen Elkartearen eta Bizkaiko Bertsozale Elkartearen kolaborazinoagaz antolatzen dauana.

Iñaki Aurrekoetxea

Igaz egin moduan, aurton be Durangaldeak eroan dau bertsolari gazteen BBK sariketea. Joan dan barikuan jokatu zan finala Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Finalera Durangaldeko taldea eta Ipar Uribe heldu ziran, sailkapen fasean bakotxak bere saio biak irabazi ostean. Ipar Uribe erraz egin eban finalera bitarteko bidea, baina Durangaldea estuago ibili zan, sailkapeneko azken saioan Busturialdeko taldeari alde txikiagaz irabazi eta gero. Busturialdekoek lan ona egin dabe, eta finalistekaz batera maila bikaina erakutsita, gainerako hiru taldeengandik zati bat gorago ibili dira.

Aurton XIV. edizinoa izan dau BBK sariketeak. Finala elegantetik beste hotzetik daukan Bidebarrieta liburutegian jokatu zan. Ehundik gora entzule hurreratu ziran areto ederrera, baina ez da erraza izaten butaketatik giro berorik sortzea. Bertsolari gaztetxoak kantuan izateak be hoztasun hori ez dau uxatzen, bertsotik bertsorako tarteak zenbaitxutan luzeegiak diralako. Sariketea ezagutzen dauen entzuleak badaki hori, eta pazientziaz eta esker onez saritzen dau bertsolarien lana. Gaztetxoentzako (18 urtera artekoak) sariketa garrantzitsua izaten da, gazteentzako (24 urtera artekoak) baino gehiago seguru, kasu askotan jentaurreko lehenengotariko saioak izaten dabezalako bertan; taldekako lehia izateak lagundu egiten dau karga hori. Talde bakotxetik sei bertsolarik kantau dabe sariketan. Finalera heldu ziran taldeetan honeek kantau eben: Durangaldetik Eñaut Uruburu, Xabier Irakulis, Miren Amuriza (gaztetxoak), Jon Unanue, Enea Pinillos eta Ibai Guridi. Ipar Uribetik Jone Uria, Peru Vidal, Arrate Illaro, Beñat Vidal, Miren Loizaga eta Itxaso Paya (Itxasori eskerrak emon behar deutsaguz, asteon be artikulua osotzeko argazkiak bialdu deuskuz eta). Aitatzekoa Ipar Uriben seitik lau neskato izan zirala, eta Durangaldeko biekaz guztira kantau eben dozena bertsolarietatik erdiak zirela neskak. Gaztetxoen mailan azken urteetan ikusi izan danaren ondorio baino ez da.

Finalean talde bietako gaztetxoek kantau eben lehenengo. Jone Uriak eta Eñaut Uruburuk hasi eben lan puntuatua. Eñautek lau oinakaz bertso polita osatu eban kantulaguna aitatuz, eta Jone gero zortziko nagusiko ofizioan azkarrago eta seguruago somatu genduan. Peru Vidal eta Xabier Irakulisek barriro lau oinei erantzun eutsien eta zortziko txikian ofizioan gero. Ez zan alde nabarmenik izan. Bakarkako lanean Miren Amuriza eta Arrate Illaro jardun ziran. Hemen lortu eban Durangaldeak aldea, Miren puntuari erantzuten eta gaiagaz hobeto aritu zalako. Saio amaieran sariketan zehar bizkaierea ondoen erabili izanagaitik saria emon eutsen Miren Amurizari. Bertso bat osotzeko gaia zera zan: igazko Gazte Topagunean ligau, gehiago alkar ikusi ez, aurton barriro be Topagunera joateko plana dauka, eta badaki igazko laguna han izango dala. Bertso hau bota eban Mirenek:

Itargipean egosten gauz da
suertatu ohi da gauez,
egun haretan nire aurrera
dana etorri zan artez:
lehenengo laztan, gero lorea,
mutil galaia zan legez.
Ez da jakiten datorkiguna,
ezin leike jakin errez,
denbora aurrera joan da baina
nire sentimenduak ez.

Gazteen txandea etorri zan gero. Beñat Vidal eta Jon Unanue aritu ziran lehenengo. Ofizio polita osotu eben. Mauritanian pateran sartu eta Kanarietara bidean egunak emon ostean lurra ikusten ebenen azalean kantau eben. Beñatek bigarren bertsoa 'hondartza aldeko mantxa berdeak / ze kristo izango dira' amaitu eta polito erantzun eutson Unanue ermuarrak: 'hara hondartzan martxa berdeak / ez al da ba polizia? / Bihar goizean izango gara / Espainian notizia'. Enea Pinillos eta Miren Loizaga uste baino urduriago ikusi genduzan oinakaz eta zortziko txikiko ofizioan. Azken bikotea Itxaso Paya algortarrak eta Ibai Guridi elorriotarrak osotu eben. Puntuari erantzuten biak ibili ziran ondo, baita azken puntuagaz bertsoa osotzen, eta lan horretan Ibaik Bilboko manifestazinorako gonbitea be egoki sartu eban. Aldea gaiari bota beharreko bertso bietan egon zan. Zaharretxeko langileak ziran, lan gogorra izanda be, lanera gero eta pozago doazenak. Itxasori emozinoak gaina hartu eutson benetan gaixorik daukan amama aitatzen hasitakoan bigarren bertsoan, eta azken puntua kantetako lanak izan ebazan. Ibaik lan bikain osotu eban. Abra sariketan polito ikusi genduan, eta bertsotan zer eskaini badaukala konfirmau euskun. Hastera doan Bizkaiko Txapelketan hurretik segidu beharko da. Bota beharreko lau bertsoetan asmau eban eta bota eban azkena izan zan askogaitik saioko bertsoa. Horra puntuari erantzuten botatakoa eta gaiari botatakoetatik lehenengoaren azken puntuak eta bigarrena: