Eretxia  IV. urtea // 156. zenbakia

Alde bakotxak egin beharrekoa egin dau


IƱaki Atxutegi

Honeek lerrook idazten diran unean Arnaldo Otegik Soto del Realeko kartzelan jarraitzen dau. Euren kideek Otegik zein Olanok eta Petrikorenak pagau beharreko bermeen dirua lortzeko mobiduten jarraitzen dabe. Zortzirehun mila euro, danetara. Hau gehiegikeria!

Besteak beste, joan dan Zapatuan Bilbon egin zan manifestazinoan dirua batzeko bonoak saldu ziran. Batasunako kideek esan dabenez, hirurok batera atarako dabez kartzelatik. Hori lortzeko diru asko behar dabe. Baina, gogoratu daigun, kalera atarako dabezala dirua pagau ostean. Eta ez dala ezer aldatu esango deuskue!

Ez daigun ahaztu su etena baino arinago egindako prozeduratan Olano eta Petrikorenari berme bako kartzela ezarri eutsela Grande-Marlaska Entzutegi Nazionaleko epaileak. Ganera, fiskalak egindako eskarian beste horrenbeste eskatu eban Otegiren kontra.

ETAren su etenaren barria zabaldu eta berehala Estaduko Fiskal Nagusiak argi eta garbi esan eban bestelako egoera politikoren aurrean neurriko jokabidea izan beharko leukiela fiskal eta epaileek. Nahiz eta hamaikatxu kritika jaso alderdi politiko eta ministroren bat edo besteen aldetik, argi dago Conde Pumpidok egindako eskaereari kasu egin izan deutsela: su-etenaren egunean bertan baldintza bako askatasuna lortu eban Joseba Alvarezek. Hortik egun pare batera Grande Marlaskak libre laga ebazan ustezko ETAkide batzuk eta aurretik aitatu doguzan ezker abertzaleko arduradunen kontrako tratamendu judiziala goitik behera aldatu zan. Bermea pagauta posible zan kalera urtetea.

Badirudi ondo neurtuta dagoala dana, noraino heldu daitekeen alde bakotxa. Espainiako gobernuari ez jako komeni ahultasun larregi agertzea gizarte espainiarraren aurrean. Ezker abertzalearen interesen kontra joango litzake goitik beherako aldaketea izatea horren denpora laburrean. Baina aldaketaren bat edo beste ezinbestekoa zan prozesuari bultzadatxoren bat emon ahal izateko. Atea apur bat zabaldu behar zan.

Beraz, berme handiak, lar haundiak esango neuke nik, pagau beharko ditu ezker abertzaleak. Edo horreen abalak aurkeztu, Pernando Barrenagaz egin izan eben modura. Batzuentzat harrigarria izan zan Barrenaren abala nork eta Vital kutxak aurkeztea, gogoratu, alderdi espainolistek kontroletan daben kutxa, hain zuzen eta Senatuko presidentearen anaia buru daukana. Kasualidadea? Ez dot uste. Baina tira, modu batean ala bestean, seguru nago egun gutxi barru kalean egongo dirala Otegi, Olano eta Petrikorena. Eta onerako izango dala uste dot.

Bien bitartean, xake partidak aurrera jarraitzen dauela emoten dau. Zeozelako bardinketaren atzetik doaz alde biak. Espainiako gobernuak malgutasun apur bat agertzeaz ganera, orain arte epaitegietan agertu izan dabezan jokabideak aldatu leitekezela argi ta garbi erakutsi dabe. Ezker abertzaleak militantismoari eutsiko deutso bermeen dirua batzen daben bitartean. Eta ikusiko dogu zelan zabaltzen daben ondorengo egunetan emongo dan argazkia, hau da, hirukoteak kartzelatik urtetan dauenean. Alde batekoek eta bestaldekoek jarraituko dabe euren soloak goldatzen eta jagoten.

Ez daigun ahaztu azken bolada honetan behar baino sarriago aitatu izan dala bion arteko akordioarena. Akaso, akordioa izan barik sintonia izan leiteke. Edo sintonia izan barik bion interes amankomunak izan leitekez. Eta ez da politikoki komeni sintonia, interesa edo dana dalako hori behar baino agiriago agertzea. Baina mahai azpian, oinarrizko kontuetan, orain arte egindakoak jarraitu dagian, argi dago ez dabela huts egin, ez batak ez besteak.