Los aires difíciles
Juan Olmedok berrogei urte inguru daukaz eta naufragio sentimental gogor batetik urteteko gauza izan da. Atzean iragan bat itxi dau, iragan dramatiko eta guratsu bat, bere gomutetatik iges egiteko aukeraturiko Cadizko itsasertza astintzen daben haizeen modukoa. Munduaren txoko honetan Juanek Maribel eta Sararen laguntzaz gomuta horreei aurre egin behar izango deutse: koinateagaz izandako maitasun ezkutu eta ezinezkoa eta bere anaiaren heriotzearen inguruko misterioa.
Ikusten danez, 'Los aires difíciles' filma drama bizia da, apaltasunez baina antzezleen zuzendaritza lan on eta errealista batez atondua. Horri, ganera, Almudena Grandes idazle ezagunaren istorio sendo batek laguntzen deutso, bai eta modu egokian moldaturiko gidoi interesgarri batek be.
Era berean, filmeko protagonista nagusiek ederto jardun dabe; esate baterako José Luis García Pérezek behar biribila egin dau antzeztu beharreko personaiaren ahultasunak eta minak gorabehera. Cuca Escribano nahiz Carmen Elías-en lanak be aitatu behar dira, euren personaiei sinisgarritasun handia emoteko gauza izan diralako. Azken batean, 'Los aires difíciles' pelikula nostalgikoa eta melankolikoa da, gidoi on baten ganean eginikoa eta benetako personaiak, gurariak eta sentimentuak erakusten dauzena.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Gerardo Herrero.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 117 minutu
- Antzezleak: José Luis García Pérez (Juan Olmedo), Cuca Escribano (Maribel), Roberto Enríquez (Damián), Alberto Jiménez (Nicanor), Carmen Elías (Sara), Andrés Gertrudix (Alfonso), Antonio Dechent (Panrico), Pilar Castro (Charo).
- Gidoaia: Ángeles González-Sinde eta Alberto Macías, Almudena Grandes-en nobela batean oinarrituta.
- Argazkia: Alfredo Mayo.
- Muntaia: Carmen Frías eta Berta Frías.