Firewall
'Firewal' zine zaharra da, pantaila handian mila biderrez ikusitako argumentua, ideia originalik ez daukana eta ekarpenik egiten ez dauena.
Ganera, pelikuleak personaia lau-lauak aurkezten deuskuz: protagonistak onak, jatorrak, artezak eta politak dira eta antagonistak lupua baino txarragoak. Hain izakera bihurri eta gorabeheratsua daukien personaia gazbako honeek antzezteko, jakina danez, ez da aparteko ahaleginik egin behar eta, beraz, holakoetan ez dago aktoreen lana baloretarik; hori bai, ez dau emoten Harrison Ford-ek filmeko zitalei aurre egiteko edadean dagoanik, baina behinik behin itxurak egiten jakin badaki.
Aurrekoa irakurrita, honako hau pelikula astun eta gogaikarritzat hartu daiteke, baina, beste alde batetik, 'Firewall' filmak suspenseari eusten deutso, kontakizunaren maila teknikoa egokiro atondu dabe eta inor ez abroziduteko moduko erritmo mailakatu eta bizia dauka. Beste modu batera esanda, Harrison Ford-ek azken urteotan hainbestetan egindako filmetariko beste bat da. Ikustea aukeratzen badozue, ez dozue txartxo pasauko, denporea emoteko aukerea eskaintzen dauelako, baina, azken egunotako eguraldi ona kontuan hartuta, ez dozue ezer be galduko neguko egun goibel, hotz eta euritsu batean DVDn ikusteko ixten badozue.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Richard Loncraine.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 105 minutu.
- Antzezleak: Harrison Ford (Jack Stanfield), Paul Bettany (Bill Cox), Virginia Madsen (Beth Stanfield), Mary Lynn Rajskub (Janet Stone), Robert Patrick (Gary Mitchell), Robert Forster (Harry Romano), Alan Arkin (Arlin Forrester), Carly Schroeder (Sarah Stanfield), Jimmy Bennett (Andrew Stanfield), Vince Vieluf (Pim).
- Gidoia: Joe Forte.
- Argazkia: Marco Pontecorvo.
- Muntaia: Jim Page.