Gernikako Gaudeamus Korala Txinan
Bizkaie!
Garagarrilaren 15etik 26ra, Txinako Xianmen urian Koralen IV. Mundu Olinpiadak egingo dira eta, bertan, Juli Foruriak zuzentzen dauen Gernikako Gaudeamus Korala izango da. Kantari gazteek 16 kanta abestuko dabez eta etxera dominen bat ekarteko ilusinoagaz egingo dabe bidaia luzea. Aurreko olinpiadetatik, Alemaniatik, urrezkoa eta zilarrezkoa ekarri ebezan.
Bidaian, musikariez gan, 8 eta 20 urte bitarteko 50 kantari joango dira. Oraingoan, Gaudeamusek eleiz-musika, polifonia eta taula ganeko folklore musika arloetan hartuko dabe parte eta, olinpiaden aurreko edizinoetan lortutako dominei esker, zuzenean finalean sartuko dira. Obra gehienak euskeraz abestuko dabez. Ganera, taula ganean egingo dabezan antzezpenetan euskal tradizinoa ikusgai egongo da, akelarrea eta sagardaoa egiteko prozesua, besteak beste. ‘Abeslariek Euskal Herriko tradizinoko 50 traje jantziko dabez, danak desbardinak. Akelarrean, adarrak, txalapartea, akordeoia, txistua eta tanbolina entzun ahal izango dira’, dino Gaudeamus Koraleko presidente Eva Zarrandikoetxeak.
Olinpiadea bizipen berezia izango da koruko abeslarientzat. Helburua dominen bat ekartea izan arren, beste hainbat gauza dagoz tartean eta, azken batean, danak laburbiltzen dira berba bakar batean: musikea.