Euskerea berbagai  II. urtea // 22. zenbakia - 2003ko martiaren 15a

Elebitasuna versus Eleaniztasuna


Erramun Osa

EAEn, 1982ko zemendiaren 24an, Euskerearen Erabilerea Arauzkotzeko Oinarrizko Legea (10/1982) erabagi zan. Lege horrek jasoten dauen legez, derrigorrezko irakaskuntzea amaitzean ikasle guzti-guztiek, jatorriz euskaldun zein erdaldun, elebidun orekatuak izan behar dabe. Halan da be, gurariak eta aginduak gorabehera, aurrerapausuak izan arren, egungo errealidadea ez da legeak jasoten dauenera ailegetan. 1974tik 1998ra, elebitasunari buruz eginiko ikerketen arabera, D ereduko emoitzak B eredukoak baino hobeak dira, eta B eredukoak A eredukoak baino hobeak. Baina, badira D ereduan ikasitako ikasleak oso erraz euskaraz berba egiten eta idazten dabenak eta D edo B ereduan ibili arren, idazmenerako zein, berenberegi mintzamenerako zailtasun handiak dituenak be. Bada, orain arteko emoitzen arabera, irakaskuntza denporeak ez eze etxeko berbeteak, ingurune soziolinguistikoak, hizkuntzen arteko interferentziak, metodologia didaktikoak, irakasleen formazinoak eta abarrek be badabe euskerearen gaitasuna eskuratze horretan eragina. Testuinguru horretan sakonduz, hezkuntza munduan indarrean diran A, B eta D ereduak1 ezarrita dagozan helburuak lortzeko egokiak ete diran konpleju barik eztabaidagai jartzeko unea heldu da. Izan be, ereduak zein ganerakoak, batzuetan kontrakoa dirudien arren, ez dira helburu, ezpada, euskerea eta bestelako hizkuntzak menperatzeko bitarteko.

Hausnarketa horrek, igaro barri dan mendeko 90eko hamarkadan, Europako testuinguruan nagusi izan diran aldaketa politikoek eta administratiboek eragindako premina sozial barriak be –euren barruan eleaniztasunean hezitako europar belaunaldi barriena nabari dala– hartu beharko ditu kontuan.

Oinak lurrean, XXI. mendean, ganerako hizkuntzak –ingelesa– oro har, Euskal Herrian frantsesa eta gaztelania batez be, albo batera lagata, hizkuntza gitxitu bat –euskerea– mantentzea eta indarbarritzea ez da posible. Halandaze, orain arte indarrean egon diran elebitasun planteamentuak gaindituz, euskaldunon etorkizuna eleaniztuna da, baina, euskereak eskola eremuan hizkuntza nagusia izan behar dau eta eskola eremuko hizkuntza planifikazino guzti-guztiek gitxienez aurrebaldintza hori bermatu behar dabe, atzerriko hizkuntzearen eskuratzea euskera mailaren eta jarrerearen kaltean gertatu ez daiten.

Eleaniztasunak, ostera, ez dau adierazo gura hezkuntzan lanabes doguzan hizkuntzak modu bakartuan planteetea. Izan be, eleaniztasun ikusmoldeak azpimarratzen dau gizabanakoek ez dituela gordetan hizkuntzak buruan alkarrengandik aparte. Gaitasun komunikatiboa, hizkuntza esperientzia guztiak handitu ahala, etxeko berbetatik gizartearenera, eta hortik atzerriko hizkuntzetara (bai eskolan bai unibersidadean ikasiz edota zuzeneko esperientziak baliatuz) igaro ahala garatzen baita, eta horretan laguntza handikoak dira ezagutza guzti-guztiak, esperientzia linguistikoak eta hizkuntzak buztartuta2 igartea be. Ingurumari horretan, hizkuntza arloaren helburua ikasleen komunikazino eta errepresentazino gaitasunak garatzea da, bizitzan planteetan diran egoera desbardinetan eta asmo desbardinakaz, hizkuntzea komunikazino-tresna eragingarri legez erabili daien hizkuntzearen oinarrizko trebezia nagusiak (entzun, irakurri, berba egin eta idatzi) menperatzea lortuz.

Hizkuntza arloaren antolaketea ez eze, osterantzeko jakintza arloek hizkuntzak eskuratzeko egin leikien ekarpenaz gogoeta sakona3 be egin behar dogu.

Ganerako arloetako profesionalak, besterik uste izan arren, hizkuntza irakasle be badira. Eremuetako edukinak irakatsi eta ikasi ahala, arlo bakotxaren hizkuntzea irakasten/ikasten be badihardugu, eta, alderantziz, hizkuntzak irakatsi/ikasi ahala, komunikazino-ekintzak burutu ahala, curriculumean esku hartzen daben eremuetako edukinak garatu edo jaso egiten doguz. Esangura horretan, curriculuma diseinetako orduan, eremu bakotxeko testu mueta desbardinak eta horreei jagokezan ulermen eta produkzino prozedurak be zehaztu behar dira eta zer esanik ez, testu-mueta bakotxagazko landu beharreko baliabide linguistikoak.

Euskerea hezkuntzan lanabes doguzan osterantzeko hizkuntzetatik aparte ez dago aurkezterik, europar hizkuntzetatik zein jakintza arlo guzti-guztietatik aparte euskerea kontuan hartu barik bideratzeko modurik ez dogun moduan. Gauzak holan dirala, eleaniztasunean hezi eta hazitako gazte belaunaldiak lortzeak zera eskatzen dau: urteen joan-etorrien arrazoiz pilatu dogun esperientzia, hezkuntza egiturak, eskola barruko zein kanpoko antolamenduak, erabilten doguzan orientabide metodologikoak, materialen oinarriak eta edukiak, askotariko prestakuntza saioak eta abar beste norabide bati begira ipintea. Badaukagu, beraz, hezkuntzan dihardugunok nahikoa lan.






(1) Eredu bakotxaren azpian dan errealidadea askotarikoa dala be kontuan hartu behar da.
(2) Marko horretan, ikastetxeetan hizkuntz curriculuma hiru edo eta lau hizkuntza curriculum bakartuen batura lez aurkeztea ez da bidezkoa; hizkuntzea eta komunikazinorako heziketea, curriculumeko hizkuntzak batzen dituan Hizkuntza arlo bakarraren ikuspegitik bideratu leiteke soil-soilik.
(3) Karga linguistiko handiagoa dan jakintza-arloetan, xede-hizkuntzearen eskuratze gitxiegiak jakintza-arloetako edukien eskuratzean eragin handia dauka. Horratik, euskera arloan ez eze ganerako arloetan eragingarri izateko, hizkuntzearen aldetik proposaturiko jarduerak burutu ahal izateko neurriko prestakuntzea ahalbidetzea erabagigarria da.