Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 156. zenbakia

4x4 ibilgailuen moda kutsatzailea


Gehiegizko kontsumoa zigortu beharra

Aurki, Ingurumen Ministerioak autonomi erkidegoei matrikulazino zergea % 15 igoteko ahalmena emotea pentsauta dauka. Edozelan be, oraindino goiz da behin betiko igoerak zenbatekoak izan diran jakiteko, ministerio bien arteko akordioa itxita ez dagoalako.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ziurtatu dau ez daukala aurreikusita epe laburrean aldebakarreko erabagirik hartzea. Guztiagaz be, proposamena interesgarritzat jo eta onartu dau trafikoaren kutsadurearen aurka egiteko antzeko neurriak aztertzen diharduela.

Diesel ibilgailuen salmentea itzel handitu da azken urteotan; gaur egun saldutako ibilgailu guztien % 65 inguru dieselak dira. Gasolioa erabilten daben automobil honeen kontsumoa txikerragoa izanagaitik be, partikula kutsatzaile gehiago jaurtiten dabez. Hori dala eta, automobil honeek gasolinadunen aldean daukien diskriminazino positiboa bertan behera itxi gura dabe zergak pagetako sasoian.

Jakina danez, fabrikatzaileek asmo honeei ez deutsee sano harrera onik egin. Ildo horri jarraituz, adierazo dabe 4x4 gehienak sano barriak dirala (batez beste lautik zazpi urtera bitartekoak dira), teknologiarik modernoenak erabilten dabezala eta, ondorioz, emisinoen ganeko arautegia zorrotz be zorrotz beteten dabela.

Kontsumoari jagokonez, ibilgailu honeek gehiago gastetan dabela onartzen dabe, baina, euren esanetan, gehien saltzen diran hiru modeloen batez besteko kontsumoa gehien eskatzen diran 'exekutibo' mailako hiru monobolumen eta hiru turismoenaren antzekoa da.

Dieselak defendidu guran, fabrikatzaileek emisinoak gitxitzeko I+Gko ahalegin eta inbersino handiak egin dabezala adierazo gura izan dabe. Egia esan, emisinoak % 90 jaitsi dira 1990etik. Fabrikatzaileen eretxiz, benetako arazoa ibilgailu zaharretan dago, 70eko hamarkadan egindako auto batek ehun ibilgailu barrik adina kutsatzen dauelako. Guztiagaz be, gero eta argiago dago gehiegizko kontsumoa zigortu beharra dagoana; azken aldion, Europako Batasunean be gero eta gehiago dira ildo honetako neurri murriztaileak hartzen dabilzan administrazinoak.

Begiluzea

4x4 ibilgailuak modan dagoz. Diseinu bikaina daukie eta askotariko erabilerak. Bizkaian, esate baterako, matrikulazinoek % 35 egin dabe gora 2005ean. Salmentak larregi ugaldu dira eta administrazinoak uri handietan gero eta ohikoagoak diran ibilgailu mueta honeen ugalketea mugatu gura dau; horretarako, kanon ekologiko bat ezartzea aztertzen dabil. Arrazoiak argiak dira: askoz be gehiago kontsumidu eta kutsatzen dabe eta ez deutsie ezertan be laguntzen zirkulazinoaren kaosari.

Zezeilaren erdialdean, Ingurumen Ministerioak Ekonomia eta Ogasun Ministerioagaz negozietan ebilela argitu eban, potentziarik handieneko ibilgailuen ganeko zergak handitzeko asmoz; ibilgailu mueta horren barruan diesel motor handiak, 4x4ak, quad-ak eta ur motorrak sartzen dira.

Neurri horrek, antza danez, ez dauka atzera bueltarik; izan be, 4x4ak erabilteko moda barri honek hainbat arazo sortu eragiten dauz, ibilgailuon neurria eta, beraz, kontsumoa askoz be handiagoak diralako.

Autotzar honen ugalketea ez da bromea. Auto eta Kamioien Fabrikatzaileen Alkarteak emondako datuen arabera, Bizkaian igaz izandako matrikulazino kopurua % 35 hazi zan aurreko ekitaldikoagaz alderatuta; hau da, 2004an mueta honetako 1.479 ibilgailu saldu ziran eta 2005ean 1.999.