Barandiaranen egunerokoaren lehen zatia argitaratu dabe
Bizkaie!
Jose Migel Barandiaranek idatzi eban egunerokoaren lehen zatia argitaratu dau bere izena daroan fundazinoak. 1917tik 1936ra bitarteko garaia jasoten dau, jakintsuak 28 urte ebazanetik gerra hasitakoan Frantzian erbesteratu arteko garaia.
Trilogia baten lehen zatia da liburua. Jose Migel Barandiaranek idatzi eban eguneroko personalaren lehenengo zatia. Ez eban argitaratzeko asmotan idatzi, eta beraz, bere pentsamentu, ikuspegi eta gogoetak era gordinean jarri ebazan papelean, berarentzat ziralako eta ez beste inorentzat.
Haren bizitzea eta egindako ikerketa arkeologiko eta antropologikoak agertzen dira lan honetan, baita Barandiaranek idatzitako prentsa artikuluak eta berak egindako argazkiak be.
Aurrerago argitaratuko ditu Barandiaran Fundazinoak, hurranez hurran, erbestean emondako urteetan idatzi ebazanak, eta 1953an Ataunera itzuli zanetik aurrera idatzitakoak.
Edizino zaindua egin dabe. Barandiaranek idatzi eban legez irakurteko aukerea emoten dau faksimileak, egilearen ohar eta akats ortografiko eta guzti; horrezaz ganera, transkripzino mekanografikoa eskaintzen dau.