Musikea  IV. urtea // 156. zenbakia

Rafa Rueda: 'gauza txikien aldarrikapena egin gura izan dot'


Bizkaie!

Txikitasunaren apologia, konturatu barik joakuzan gauza horreen apologia, zehetasunak, gauza txikien apologia egin dau Rafa Ruedak bakarkako bigarren diskoan. 'Tximeleta ehiztariaren irudia beti mirestu izan dot, gauza txiki eta bizirik dagozanen atzetik doazen horreen irudia, izan be, neure burua sentiduten dodalako insektuen atzetik dabilenaren antzera, ume sasoiko pasadizoak, jolasak, esperientziak berreskuratu guran ze ez daigun ahaztu bizitzak zentzua hartzen dauela gauza txikiak baloretan hasten garanean'.

'Saredun eskua', Rafa Ruedaren bakarkako bigarren diskoa da orain hiru urte argitaratutako 'Kea' izenekoaren ondoren. PLT taldean landu ezin dituan doinu eta erregistroakaz gozau dau lan barrian 80. hamarkadako musikearen usaineko konposizinoakaz.

'Kea' diskoan mungiarraren lehenengoa izanik, Rafa Rueda biluziago agiri zan, kantuetako berba eta musikearen ardurea oso-osoan beregain hartu eta disko poperoa, melodikoa kaleratu eban. Bigarren disko honetan be pop estiloa da nagusi rock ukutu batzuekaz eta lehenengoan gitarren indarra nabarmendu bazan, oraingoan tekladuena azpimarratu beharko litzateke, 'kolore desbardinak dakarzan musika tresnea behar neban, euskarri melodikoa'.

Jakina, lehenengo diskoan ardura guztia Rafarena izan bazan, oraingoan, kolaborazino garrantzitsuak eta lagunak batu ditu; Rufo Urbina (bateria), David Gonzalez (baxua), Mikel Azpiroz (tekladuak) ohiko musikariakaz batera, Chris Case (tronpetea) eta Alos Quartet taldeko Xabier Zeberio, Francisco Herrero, Ricardo Cuende eta Pello Ramirez. Testuei dagokienean, 10 kantuetatik 5 Rafa Ruedarenak dira eta ganerakoetan, alderdi poetikoa nabarmenduz, Gotzon Barandiaran, Edorta Jimenez, Kirmen Uribe, Unai Iturriaga eta Jon Benitoren berbak agiri dira.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeagaz kaleratu dau Rafa Ruedak bakarkako bigarren diskoa, oraintsu Metak, Rafaren diskografikeak, ateak zarratu ondoren. 'Diskoa prest neukanean eta grabetan hasteko gengozanean jazo neban Metak diskoetxearen erabagia eta suberte handia izan da Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen konfidantzea eta apustua. Di-da berbatu genduan akordioa, normalean negoziazinoak luzeak izaten diran arren. Ohore handia izan da niretzako Gaztelupeko Hotsakegaz grabetea.