Barriketan  IV. urtea // 156. zenbakia

Agus Barandiaran: 'diskoa lehengo trikitilariei egindako omenalditxua da'

Korrontzi talde mungiarra hainbat biderrez egon da taula ganean, baina lehenengo diskoak oraintsu ikusi dau argia. Agus Barandiaranen trikia oinarri legez hartuta, tradizinoan oinarritutako kanta modernoak jorratzen ditu taldeak. Ilusinoz betetako ibilbidea aspaldi hasi eben, baina orain etapa barria daukie aurrean. Diskoa Euskal Herriko mugetatik kanpora atara gura dabe eta, besteak beste, Irlandan izango dira laster. Bitartean, hona hemen Agusegaz egindako berbalditxua.

1.- Musikearen industria krisian dagoan garaiotan, nondik-nora otu jatzue talde barria sortzeko ideia?

Musikari danoi pasetan jakun legez, zuzeneko asko emoten dozuzanean zeure buruari esaten deutsazu: ‘jentearen erantzuna daukagu, kontzertuetara datoz, kantak entzuten dabez..., baina ez daukagu behar dan lako oihartzuna’. Orduan, onena diskoa grabetea zala pentsau genduan, jenteak disko hori etxean eukiteko aukerea izateko edo, behintzat, gura ebanak. Guri, gero, salmenten harira asko saldu edo gitxi saldu... bardin ez jaku, ez, hobeto dalako asko saltzea aurrera segiduteko; baina, gitxi saltzen bada be, proiektuan bete-betean gagoz sartuta, asko gustetan jaku eta zuzenean joten segiduko dogu. Zuzenean jotea da gure lehentasuna eta horretan jarraituko dogu. Gero, zuzenean egiten doguna jenteak etxean euki ahal badau, hobeto.

2.- Zein da taldearen izenaren jatorria? Eta helburua?

Mungian, Korrontzi ezizeneko trititilaria egoan. Domeketan, asto ganean, Mungiako eleiz-atarira joan eta meza ostean joten eban. Han egozanek jantzan egiten eben eta, lantzean behin, dirutxu apur bat be emoten eutsien. Egunekoa egin ostean, barriro asto ganean jarri eta etxera joaten zan.

Ideia polita otu jatan Korrontzi izeneko taldea sortzea. Ganera, egiten dogun musika-estiloa kontuan hartuta izen aproposa dala uste dot eta Mungiakoak izanda... ba Korrontzi.

Taldearen helburua, batez be, trikitixearen inguruko doinuak egitea da, besterik barik. Zuztar sakoneko musikea egiten dogu eta disko hau lehengo trikitilariei egindako omenalditxua da. Diseinuan argi geratzen da hori: antxinako trikitixea eta lehengo trikitilarien argazkiak datoz, besteak beste. Horregaitik, musika-estiloaren oinarriak lehengoak dira, fandangoa, arin-arina eta biribilketea, berbarako, baina oraingo ikutuagaz.

3.- Diskoa Madrileko Nubenegra eta bertoko Baga-biga disketxeen eskutik dator. Zergaitik jo dozue kanpora?

Gehien bat, diskoa Euskal Herritik kanpo atarateko. Ikusten genduan proiektuak hemen erantzun ona izan eikeala, baina kanpora atarateko ideia polita otu jakun. Gure musikea Madrilen edo Alemanian entzutea garrantzitsua zan. Orduan, Madrileko Nubenegra disketxeagaz jarri ginan kontaktuan ze bagenkian eurak mueta honetako proiektuen alde egiten ebela eta ez eukiela euskal musikearen inguruko ezer. Proiektuaren barri emon ostean, gure zuzenekoak ikusi gura ebezala esan euskuen, aurrera egin ala ez erabagiteko oso garrantzitsua zalako eurentzat taldea zuzenean joten ikustea. Orduan, Durangoko Azokan emondako kontzertura etorri ziran eta asko gustau jaken. Bidea libre egoan.

Oraingoz, oso gustura gagoz. Gure buruan beti egon da Bilbo, Donostia, Durango edota Azpeitia. Baina orain Almerian, Comillasen edota Levanten kontzertuak emon ahal izatea pribilegioa da guretzat. Azken batean, hori da gure helburua, gure musikea kanpora ataratea.

4.- Folk musikea trikiagaz buztartzen dau Korrontzik. Musika estilo hori ez dago zabalduta gure artean. Diskoak zelako harrerea izango dauela uste dozu?

Kanten oinarrian trikitixea dago eta trikiarentzat egindako estiloari eusten deutsagu. Kantak trikiagaz sortu ostean, orkestrea sartzen hasi ginan eta gauzak konpliketan hasi ziran. Gitarrea, albokea, perkusinoa... azkenean, bost laguneko taldea sortu dogu. Baina nik beti ikusi dot taldea ikuspuntu tradizionaletik, nahiz eta zeozelako jantzi bat euki ganetik. Doinuak nahikoa tradizionalak dira, kanten oinarria oso tradizionala da, fandangoa, biribilketea... Beste musika-tresnek emoten deutsie ‘modernotasun’ hori, baina funtsean trikia eta tradizinoa dagoz. Horregaitik ez dot uste jenteak txarto hartuko dauenik. Musika tradizionala entzuteaz ohituta dagozanek ondo hartuko dabe eta orain arte estilo tradizionala gustetan jaken horreek nahikoa natural entzun dabe diskoa.


5.- Musikeaz ganera, ikus-entzunezkoari be garrantzia emon deutsazue. Horren erakusle da kontzertu bakotxaren hasieran jarten dozuen film laburra. Zer ikus daiteke bertan?

Gure ideiakaz, filosofiagaz eta helburuakaz bat etorren bideoa egiteko proposamena otu jakun eta aurrerantz jo genduan. Bideoan lehengo trikitilari baten bizimodua ikusten da, zelan biziten eben trikitixea. Holan, Tomas ‘Sitzes’-en ohiturak erakusten dira. Sitzes Andrakako baserri bat da eta trikitilariak etxearen izena hartu eban. Diskoan, izen bereko kantea be topau daiteke.

Zuzeneko batzuetan erabagi izan dogu ikus-entzunezkoa emotea kontzertua hasi baino lehen eta erantzun ezin hobea jaso dogu. Jentea harrituta geratzen da ze kontzertu bat ikusteko asmoagaz doa, baina ikusten dauen lehenengo gauzea 13 minutuko bideoa da. Baina gustora hartzen dabe eta guk be, diskoa kanpoan erabiliko danez, bertan jarri dogu, ingelesez be bai.

Aurkezpen-ekitaldietan erabilteko asmoa badaukagu, baina kontzertua eskainiko dan lekuaren eta bertan dagozan medioen arabera emitiduko dogu aurrerantzean.

6.- Daborduko, igon dozue taula ganera, Galdameseko Folk Festibalean eta GetxoFolk Jaialdian, besteak beste. Zelan erantzun deutsue publikoak?

Ondo. Trikitixeak gauza on bat dauka: beti izan da jantzan egiteko musika-tresnea. Guk hasieratik geunkan argi doinu jantzagarriak egin behar genduzala. Doinu trankil pare bat dagoz, baina, gehien bat, lehengo oinarriak erabilten doguz, fandangoa, arin-arina eta biribilketea, berbarako. Konposizino barriak egin doguz, bai, baina doinuak eta jantzan egiteko erea bardina da, lehengo kanta bat izan zein geuk konposatutakoa izan. Zuzenekoan jantzan egiteko aukerea dago, mobimentu nahiko daukie kontzertuek eta jenteak ondo erantzuten dau. Nonoiz, batzuk fandangoa jantzan hasi dira eta beste batzuk saltoka. Bakotxak gura dauen moduan ulertzen dau musikea.

Gauza kuriosoa pasau jakun GetxoFolk Jaialdian. Olodum talde brasildarraren ostean jo genduan eta brasildar ugari egoan publikoan. Eurek ez ekien fandangoa jantzan eta saltoka hasi ziran. Nahikoa harrituta geratu ginan, baina onargarria da, erabat.

7.- Oraintsu, Iker Goenagak eta Kupela taldeak trikiagaz lotutako diskoak kaleratu dabez. Pasa dan hamarkadako triki boom dalakoa pasau ostean, zelan ikusten dozu egun trikitixearen egoerea?

Normalizau egin da. Lehen, danak joaten ziran edo joaten ginan produktu bat egitera eta, azken batean, horregaitik etorri zan amaierea. Talde larregi egozan gauza bera egiten. Erritmo mexikarrak hartzea modan egoan eta danok hartzen genduzan, gauza bera egiteko. Orduan, jentea gogaitu eta boom ha behera etorri zan.

Baina Korrontziren apustua desbardina da. Ez dauka zerikusirik orain hamar urte izandako egoereagaz. Trikitixea erabili arren, estilo guztiz desbardinak dira.

Orain, trikitixea musika-tresna bat gehiago da, gitarrea edota bateria dan legez. Bakotxak gura dauena egiteko erabili leike, folka, rocka edota erromeria egiteko. Baina musika-tresna bat gehiago da, ez da berezia.

8.- Urgabegaz be buru-belarri zabiz eta diskoa atarako dozue irailean. Ibilbide luzearen zein puntutan dago taldea orain?

Nik beti esaten dot Urgabegaz ikasi egin dodala. Erromeriakaz hasi ginan; ostean, besteen bersinoak egin genduzan, geure kantak izan arte. Hortik, bigarren diskoa etorri zan, helduagoa, gure konposizinoakaz. Hirugarren diskoan pop-rockera jo genduan eta ondo funtzionau dau, askok erosi dabe eta asko entzun da. Gustura gagoz eta hortik segiduko dogu. Orain, kantak egiten gagoz.

9.- Zelan daroazu talde bitan jotearena?

Orain arte, talde bietan joteko asmoa daukat. Urgaben jarraituko dot eta Korrontzigaz aspaldi hasi nintzan, diskoak orain urten arren. Ez daukat aparteko asmorik, biakaz aurrera jarraitzea baino. Niretzat oso aberasgarria da, oso gauza desbardinak egiten dodazalako bakotxean. Korrontzin, kanta gehienetan joten dot trikia, jesarrita eta nasai, estilo tradizionalean. Urgabena beste gauza bat da, kanta guztietan ez dagoalako trikia. Korrontzin, musika-tresna nagusia trikia da eta Urgaben, barriz, ez. Hori polita da, musikari moduan gauza desbardinak egiteko aukerea emoten deutsulako eta ez zaralako abroziduten beti gauza bera egiteaz. Niretzat, polita da bietan egotearena.

Halanda be, egia da apur bat zoratuta nabilela. Egun baten jesarrita joten dot eta, hurrengoan, Urgaberen estilora moldatu behar naz. Askotan, kantak nahasten dodaz, baina, oro har, oso ondo daroat.

10.- Aurreko egitasmo danak gitxi ez balira legez, Baga-biga musika-ideiak disketxea eta management enpresea be sortu dozu lagun bategaz batera. Euskal musikagintzea aspaldian biziten dagoan krisiari aurre egin guran zabize? Zelan ikusten dozu etorkizuna?

Baga-bigagaz hasi ginanean, besteek kaleratzen ebezan diskoak guk zuzenekoetara eroateko gestinoak egiteko helburua geunkan. Taldeek diskoak kaleratzeko gero eta aukera gitxiago eukiezala ikusi eta proiektua martxan jartea erabagi genduan. Holan, disketxe moduan hasi ginan. Ez dogu, beren-beregi, krisiari aurre egiteko egin, taldeei urtenbidea emoteko baino.

Baina disketxe moduan bakarrik funtzionau ezkero, ez dago burua atarateko modurik. Horregaitik, hainbat arlotara zabaldu dogu lan-eremua eta disketxe izateaz ganera, management-agaz be bagagoz.

Orain arte, esperientzia ona izan da. Pozik gagoz, salmentak nahiko ondo doaz eta taldeak pozik dagoz. Azken baten, hori da garrantzitsuena, taldeak pozik egotea eta musikea zabaltzea.

Kontzertuak

2006/04/23, 20:00, Gatika (Frontoia)
2006/04/26 21:00 Cork (Ireland)
2006/04/27 21:00 Dublin (Ireland)
2006/04/28 21:00 Belfast (Ireland)
2006/04/29 21:00 Armagh (Ireland)
2006/05/11 19:00 Fnac (Donosti)
2006/06/10 20:00 Comillas (Cantabria)
2006/06/21 20:00 Kultur-Leioa (Leioa)
2006/07/13 22:00 Baiona

Saioa Torre Gereketa