Kulturea  IV. urtea // 156. zenbakia

Samuel Becketten ehun urte zirraragarriak


Parisen bizitako jazoeretatik, batek barru-barruraino markau eban idazlearen bizitza eta obrea: 1938an, eskale batek labana sartu eutsan, Beckettek uko egin eutsalako limosnea emoteari. Batetik, jazoera horrek idazlearen bizitzan eragina euki eban, ospitalean egoala ezagutu ebalako gero bere emaztea izango zan Suzanne Descheveaux-Dumesnil; bestetik, bere lanetan be eukiko eban labankadeak eragina, bere personaien izakerean batez be. Ospitaletik urtenda, erasotzailearengana joan zan Beckett, labana zergaitik sartu eutsan galdetzeko: 'ez dakit, jauna' erantzun ei eutsan eskaleak, eta esaldi horrek be arrasto handia itxi eban idazlearengan: ordutik aurrera, filosofia absurdoa beti agertuko zan bere obra eta personaietan.

Bigarren Mundu Gerra piztean, Beckett Irlandan egoan, amari sarri egiten eutsazan bisitetako baten. Nazionalidade irlandarra eukanez, neutrala zan berez, baina Parisera bueltau zan ahalik eta arinen ('Gurago neban Frantzia gerran, Irlanda bakean baino', esan eban gero). Han, mobimentu klandestinoan sartu eta erresistentziaren alde egin eban burruka, 1942an Gestapok bere kideetako batzuk atxilotu zituanera arte. Ozta-ozta librau zan Beckett nazien atzaparretatik, Gestapokoak heldu baino ordu pare bat lehenago egin eban-ta alde, Frantziako hegoaldeko baserri batera. Han, 'Watt' nobelea idatzi eban gabetan, egunez mahatsa biltzen ibilten zan eta.

1945ean, alemaniarren desokupazinoaren ostean, Parisera bueltau eta bere arorik emonkorrena hasi eban: 'Eleutheria', 'Waiting for Godot', 'Molloy', 'Mallone dies', 'The unnamable' eta 'Mercier et Camier' idatzi zituan hurrengo bost urteetan. Duda barik, 'Waiting for Godot' (euskeraz be badago, 'Godoten esperoan', Juan Garziak itzulita) izan zan bere gailurrik handi eta ezagunena.

1950 eta 1954an ama eta anaia hil jakozan, hurrenez hurren; baina berak, 50 eta 60ko hamarkadetan, emonkor segidu eban, batez be antzerkian zentrauta. Bere lanaren aldeko begirunea handia zan ordurako, eta 1969an Nobel Saria emon eutsien. Sari horrek, baina, poza emon beharrean, ardurea baino ez eutsan ekarri irlandarrari: sariak pizten eban atentzino publikoak bildurtuta, Tunisiako herritxo baten hasi zan biziten, inork ez eian topau.

70eko hamarkadea ez zan hain oparoa izan Samuel Beckettentzat, baina beti ibili zan proiektu askotan sartuta, tartean antzezlanetan. 80ko hamarkadan be antzeko bidetik segidu eban, prosan be lan interesgarriak idatziz. Bizitzearen azken urteetan okerrera egin eban osasun aldetik, baina beti segidu eban idazten. Azkenik, 1989ko garagarrilaren 17an, Suzanne hil zan, eta Samuel atzetik joan jakon, urte bereko abenduaren 22an. Gaur egun, Montparnasseko (Paris) kanposantuan dagoz biak, granito baltzeko hilobi sinple baten azpian. Desbardin bizi izan zan Samuel Beckett, eta beste inork ez dau gainditu haren bizitza zirraragarria; saiatu be ez: Beckett gaindiezina da.

Julen Gabiria

Aurton Euskal Herrian zein mundu zabalean ospatuko diran mendeurrenen zerrenda luze eta interesgarrian, danetan ikusmin handiena sortzen dabilena Samuel Beckett idazle irlandarrarena da, datorren astean beteko dira-ta ehun urte jaio zala. Literatura unibersalak emon dauen idazlerik handienetako horren gainean egingo dogu berba hurrengo lerrootan, ospakizuna aurreratzeko.

Familia protestantean jaio zan Samuel Barclay Beckett, Dublineko Foxrock auzoan, lorategi handiz, tenis pistaz eta natura biziz inguratuta, 1906ko apirilaren 13an. Stillorgan auzoko umezaindegira joan zanean inork ez eban pentsauko han ikasitako frantsesak zelako garrantzia eukiko eban bere geroko produkzino literarioan, baina bai: umezaindegian euki eban lehenengo hartu-emona itsasoz bestaldeko hizkuntza horregaz. Gero, Dublingo Earlsford House eskolara joan zanean, frantses ikasketakaz segidu eban, eta, azkenik, hamalau urtegaz, Ipar Irlandako Enniskillen uriko Portora Royal School internadura eroan eben, Oscar Wilde be lehenago ikasten egondako eskola berera. Hantxe hasi ziran agertzen Becketten betiko ezaugarriak: seriotasuna eta isolamenturako nahia. Haren arpegiak argazki guztietan erakusten dauen laztasun erakargarria ez dau beste idazle batek sekula gainditu, baina seriotasun haren atzean ironia handia be ezkutatzen zan, eta hori izango zan, hain zuzen be, Becketten obrearen marka nagusietako bat.

1923tik 1927ra bitartean, Dublingo Trinity College unibersidadean frantses, italiar eta ingeles ikasketak egin zituan. Tartean, 1926an, lehenengo biderrez bisitau eban Frantzia, eta gero, unibersidadea amaitu eta Belfasteko eskola baten irakasle ibili ostean, Parisera joan zan lanera, etorkizuna uri horretan pasauko ebala sentiduz edo.

1928an, 22 urtegaz, Samuel Beckettek Irlandako idazlerik ospetsuena ezagutu eban: James Joyce; lagunak izan ziran, Joyce 1941ean hil arte. Adiskidetasun hori ez zan alperrekoa izan, Becketten lehenengo obra argitaratua Joyceren nobela baten gaineko 'Dante...Bruno. Vico...Joyce' (1929) izeneko saiakerea izan zan eta. Hortik aurrera, bere produkzinoak ez eban etenik euki, eta 1930ean itzulpenak, poesia (Descartesen bizitzan oinarritutako 'Whoroscope' izan zan bere lehenengo poesia lana), saiakera (Prousten gaineko lan luze bat) eta antzerkia ('The kid') idatzi zituan. Urte haretan, gainera, Dublinera bueltau zan, Trinity Collegean literaturearen gaineko berbaldiak emotera. Baina lan horrek ez eban luze iraungo: depresinoaren eta irakaskuntzeak sortzen eutsan frustrazinoaren kontra hasi zan burrukan, eta, 1931n, unibersidadeko beharra itxi eta bidaiatzen hasi zan. 1932an, barriz, denpora osoa idaztera emotea erabagi eban. Halanda ze, Irlanda, Frantzia, Ingalaterra eta Alemania korridu zituan, poemak eta istorioak idazten zituan bitartean: gero nobela bat izango zanaren testu-zirriborroa eta poema sorta bat idatzi, eta Parisen biziten hasteko asmoa be hartu eban, baina bere gogoz kontrako arazoak zirala-ta (hilketa batek xenofobia handia piztu eban Frantzian) Irlandara joan behar izan zan atzera, txakur txikirik barik. Sasoi haretan amaitu eban bere lehenengo nobelea, 'Dream of fair a Middling Women' izenekoa.

1933an bere aita hil zanean, idazlea krisi sakonean sartu zan, baina ez eutsan itxi idazteari, eta, Londresen biziten egoala, 'More pricks than kicks' eta 'Murphy' nobelak argitaratu ahal izan zituan. Halanda be, Londreseko bizitzeagaz ezin ohituta, atzera joan zan Alemaniara, eta handik Parisera, betiko han geratzeko. 1937an frantsesez idazten hasi zan.