Musikea  IV. urtea // 156. zenbakia

'Kantuketan' Getxon, Iker Goenaga, The Uski's, Ken Zazpi eta Juan Carlos Perezegaz


Bizkaie!

Apirilaren 6tik 9ra bitartean 'Kantuketan' musika-zikloa izango da aurten be Getxon. Udal Euskara Zerbitzuak antolatua, ekimen honen helburu nagusia euskal musika-talde eta artistarik onenak biltzeko topagune bihurtzea da. Zikloak euskal musikearen aniztasuna ezagutzera emon gura dau eta, esangura horretan, zikloak oso musika-estilo desbardinak bildu ditu, berbarako, folk musikea abiapuntu hartuta rock musikara heldu arte, tartean, pop musikea eta egile-kantuak.

Aurten, musika-zikloa Euskal Herriko musikearen adierazle bihurtu dan Iker Goenagaren eskutik hasiko da apirilaren 6an. Getxo Antzokian 20:00etatik aurrera eskainiko dauen saioan 'Amorrua' bere azken diskoaren kantuak aurkeztuko ditu. Lan horretan tradiziozko doinuak beste erritmo mota batzuekaz buztartu ditu trikitilari gazte honek, nortasun anitzeko musika unibersala lortzeko asmotan.

Biharamunean, apirilaren 7an, erritmo elektronikoek hartuko dabe trikitixearen lekukoa. Javi P3Z Orkestrak (Getxo Antzokia, 20:00etan) bere azken proiektua aurkeztuko dau, 'Sports' diskoa, hain zuzen be. Ikuskizun horretan Ikus-entzunezkoak, doinu elektronikoak eta DJak biltzen dira, besteak beste.

Hirugarren kontzertuan, saio bikotxaz gozau ahal izango dabe gazteek Algortako Portu Zaharreko karpan, 20:00etatik aurrera. Batetik, The Uski's taldeak kostaldeko doinu surferoak ekarriko ditu. Bestetik, Ken Zazpi, Gernikako boskote ospetsuaren rock eta power-pop erritmoak izango doguz protagonista.

Azkenik, amaiera bikaina jarriko deutso aurtengo zikloari Juan Carlos Perezek apirilaren 9an. Getxon eskainiko dauen saioan konbidau berezia izango dau Mutrikuko musikariak: Bernardo Atxaga idazlea, hain zuzen be. Kontzertua Getxo Antzokian izango da, 20:00etan.

Sarrerak

Apirilaren 6an, 7an eta 8an saioak dobakoak izango dira, baina lehenengo bietarako konbidapena jaso behar da Algortako Kultur Etxean (Villamonte, A-8). Juan Carlos Perezen kontzerturako sarrerak 6 eurotan dagoz salgai (5 euro aurretik erosten bada). Sarrerak Algortako Kultur Etxean, 944 310 310 eta 944 491 080 telefonoen bidez, BBKren orotarko kutxazainetan eta www.bbk.es webgunean lortu daitekez.