Eretxia  II. urtea // 22. zenbakia - 2003ko martiaren 15a

Irak - Euskadi


Gure euskal arazoagaz pasetan dan modura, muturretan dagozanak dira oihu eta deiadar handienak egiten dituenak. Asko dira alde ala kontra larregi pentsau barik jarrerea hartzen dabenak. Euskadin, Palestinan, Iraken eta gatazkan dagozan ganerako herri guztietan, muturretatik ez da arazoen konponbidea etorriko. Han, hor eta hemen indarkeriak arazoa konponbidean ipini barik, larriagotu egingo dau. Han, hor eta hemen armazaleak erraz baino errazago topauko ditu atxakiak bere dantza odoltsuan jarraitzeko. Emon deiotsegun aukerea berbeari.

IƱaki Atxutegi

Gaur ala bihar Iraken gerrea izango dala zoroak eta lerdoenak be badaki. Hori da egia gordina, hori egia biribila. Hamaikatxu manifestazino mundu osoan 'Gerrarik ez' lemapean. Baina gerrearen kontra dagozan guztiak bakearen alde ete dagoz? Errusia, Frantzia eta Txina ete dira munduak behar dituan uso zuriak? Euren interesak bultzatuta ez ete dira ibiliko? Interes ekonomikoak amerikarrenak bakarrik ete dira?

Tigris eta Eufrates ibaiak antxinako zibilizazinoen lekuko izan dira. Hor sortu ei ziran lehenengo giza talde aurreratuak. Abraham profeteak be ingurualde hori eukan sorleku. Oraingo gure gizartearentzako herri pobrea danak urrezko sasoiak bizi izan ditu. Ziro eta Nabukodonosor, Saladino eta Harun al-Ratxid, errege eta kalifak Mesopotamia zaharretik gure historia liburuetara pasau ziran. Al-Hazin matematikoa eta Abu Musa Djabir alkimiaren asmatzailea be Irakekoak ziran. Baita danok ezagutzen dogun ipuinetako Aladino be. Jakintsuak eta basatiak, kultura handikoak eta gerrazaleak. Sadam Husseinek horreen ondorengoa dala dino.

Ez daigun pentsau ba, Sadam Hussein gizon bihozbera danik eta ez daigun bere gobernua demokratikotzat hartu. Manifestazinoetan Irakeko banderak ikusi izan dira eta zenbait lekutan AEBetako banderak erre egin ditue. Sarritan, AEBen kontrako itsumenak eraginda norabidea galtzen dogula begitantzen jat. Antiamerikanismoa oso zabalduta dago gure gizarteetan. Inbidiak jota edo, oso erraza izaten da Estadu Batuen kontra berba egitea. Handia eta indartsua danak kritikak jaso behar ditu, duda barik. Edozelan be, euren jokabidea ez da beti oso demokratikoa izan. Ez dot ukatuko, Estadu Batuen jokabideak alde ilunak ditu. Halan da guztiz be, garbi esan behar da eztabaida honetan arrazoia ez dagoela muturretan.

Muturrean dago 'gure' Aznar. Amerikarren alde itsu-itsuan dabil. Ez dau ezelako kritikarik egin Bushen politikearen ganean eta espainiako herritarrek erakutsi daben eretxiaren kontra bereari eusten deutso nazinoarteko foroetan. Gogoan izan zelan ibili zan Palestinan gaur ia-ia zuloan dagoan Arafategaz eta begibistan dago zelan ahaztu dauen Hurreko Ekialdeko gatazkea Bushi jarraituz.