Euskal Herriko Musika Eskolen II. Nazinoarteko Biltzarra Bilbon egingo da apirilaren 6, 7 eta 8an
Antolatzaileek apustu handia egin dabe Biltzarra antolatzen, era askotako entzule potentzialei emon jake eta parte hartzeko aukerea:
· Musika Eskolak eta Kontserbatorioak.
· Musika, dantza eta arte eszenikoetako profesionalak.
· Unibersidadea: irakasleak, ikasleak eta irakaskuntzearen, osasunaren eta gestinoaren alorretako ikerlariak.
· Derrigorrezko hezkuntzako irakasleak.
· Osasun-arloetako profesionalak (foniatria, traumatologia, psikologia, fisioterapia...)
· Administrazino publikoa.
Bizkaie!
Euskalduna Biltzar Jauregian Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen II. Biltzarra egingo da apirilaren 6, 7 eta 8an. ‘Musika Eskolak: gorantz doan inbertsioa’ ekimenaren bidez, zenbait alderdi nahi dira nabarmendu, besteak beste, musika-eskolen eginkizun soziala, pedagogia eta gestinoa, eta musikearen eta osasunaren arteko loturak. Estaduko eta nazinoarteko kalidade bikaineko txostengileek hartuko dabe parte sei ponentzia, bederatzi tailer, bi mahainguru, aurkezpen bat, komunikazinoak eta kontzertuak eskainiko dituan egitarauan.
Biltzarraren helburu nagusiak bat datoz Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak hasieratik, 1994ko abenduan sortu ebenetik, finkatutako ildo estrategikoakaz. Aitatutako helburuak ondokoak dira:
· Azpiegiturearen garapenari laguntzea: Musika Eskolentzako laguntzinoa.
· Personen profesionaltasunaren garapena: prestakuntzea sustatzea.
· Ikasleen musika-esperientziak sustatzea. Horretarako, parte hartzeko espazioak sortu gura dira, kontzertu-programearen bidez.
· Aliantzak eta lankidetzak sortzea beste erakunde batzuekaz.
· Esperientziak eta bizipenak trukatzeko harreman-gunea sortzea, Europa osoko Eskolakaz erlazionetako.
· Euskal Herriko Musika Eskoletan egiten ari diran zenbait ikerlan eta proiektu azaltzea, bide hori urratzen jarraitzeko eta proiektu barritzaileak sortzeko beharra profesional guztien artean zabaltzea eta ezagutzera emotea. Izan be, betiko irakaskuntzan eta metodologian errotuta jarraitu beharrean, proiektu barritzaileei ekin behar jake, teknologia-aurrerapenak aprobetxauta. Era berean, beste zeozer erakutsi gura jako gizarteari: alkarteko 23.000 ikasleak. Euskal Herrian egiten ari diran lanak berebiziko eragin soziala dauela, estadu mailan be erreferentziazkoa baita.
Helburu horreek lortzeko, oinarrizko hiru gairen inguruan antolatu da biltzarra, eta bakotxa jardunaldi batean jorratuko da. Gauzak holan dirala, apirilaren 6ko jardunaldiaren ardatza musika-eskolek gizartean daben eginkizuna izango da. Biharamunean, pedagogia eta gestinoa izango dira gogoeta eta eztabaidetarako gaiak. Azkenik, apirilaren 8an, zapatuan, musikearen eta osasunaren arteko nahitaezko loturak aztertuko dira.