Jan-edanak  IV. urtea // 156. zenbakia

Ardaoak osasungarria dan zuntza be badauka


Imanol Sarasola,
enologoa

Goi Mailako Ikerketa Zientifikoetarako (CSIC) talde batek, lehen aldiz frogatu ahal izan dau ardaoak zuntz dietetiko kantidade garrantzitsua daukala, izan be, ura eta alkoholaren ostean gehien dauen osogaia da.

Ikerlariek, aurkikuntza hau “American Journal of Enology and Viticultura” aldizkariaren azken alean argitaratu dabe. Ikerketearen arduradunak azpimarratu dau ardaoak daukan zuntz dietetikoa orain arte ez dala aintzat hartu eta lehenengo aldiz munduan eginiko aurkikuntza hau zuntza atzemoteko sistema barri bati zor jakola, CSIC Institutoan Metabolismo eta Nutrizinorako sailean, tratamendu entzimatiko eta dialisian oinarrituta garatutako metodoari, hain zuzen be.

Lagin desbardinak erabili ebezan ikerlariek: Manchako ardao zuri eta baltzak, Ribera de Duero, Errioxa, Jumilla, Rueda eta Penedes besteak beste. Ondorioen artean aitagarrienetakoa, ardaotan topautako zuntz kantidadea da, ardao baltzetan gramo bat litroko eta zurietan 0´2 gramo litroko. Bestalde, zuntz dietetiko kopuru handiena Jumilla ardao batean atzemon eben (1´4 gramo litroko).

Ikerketearen arduradunen esanetan, aurkikuntza hau garrantzitsua da, izan be, orain arteko elikagaien inguruko tauletan ardaoek zuntzik ez dabela agertu izan da eta metodo barri honen bidez kontrakoa erakutsi da. Zuntzaren balio nutrizionalez aitatu dabe ezaugarri bereziak dituala, ardaoaren polifenolei esker eta konsumoa moderatua bada, 200 edo 300 mililitrokoa egunero, bihotzerako onuragarria dala adierazo dabe bai eragin antioxidatzaileak ditualako baita erradikal libreak kentzeko gaitasunagatik be.

Aitaturiko zuntz dietetikoa, mahatsen azaletik, hazietatik eta ardaogintzarako erabilten diran lebaduretatik eratorritako polisakaridoz osotua dago. Mahatsaren arabera eta elaborazinorako prozedurearen arabera alda daiteke zuntz kantidadea. Beste alde batetik, komeni da azpimarratzea, zuntz dietetikoaren aurkikuntzea ardaoaren beste osogai bioaktibo osasungarri bat dala.

Azken buruan, CSICeko ikerlariek esandakoaren arabera, zuntz dietetikoa barazkietan be badago eta gizakiontzat liserigarria ez bada be, nutrizinoan eta osasun arloan oso egiteko garrantzitsua dauka. Barazkiek bi eratako zuntza daukie, bata disolbagarria eta bestea disolbaezina, portzentaje desbardinean. Herrialde garatuotan, zuntz disolbagarriarena da bakotasun handiena eta hauxe da hain zuzen be CSICeko ikerlariek ardaoetan topau dabena.