Itsasmendik txakolin onena izentetan daben nazinoarteko bi Zilarrezko Bacchus sari jaso ditu
Bizkaie!
Itsasmendi upeltegi bizkaitarrak bere bi ardaoren nazinoarteko autorpena jaso barri dau, hain zuen be 'Itsasmendi 2005' eta 'Itsasmendi 7 zenbakia 2004' txakolinek. Madrilen martiaren 18tik 21era bitartean egindako 2006ko Ardaoen Nazinoarteko VII. Bacchus Lehiaketan Zilarrezko bi Bacchus sari jaso ditu.
Upeltegi bizkaitarreko iturriek azaldu dabenez, 2002ko Txapelketan Itsasmendi Txakolin gernikarrak brontzezko Bacchus sari bat lortu eban, baina azken edizino honetan aintzatespena bikotxa izan da.
Horregaitik, 1994an Muskizen sortutako baina 2002tik Gernikan kokatutako upeltegi honetako arduradun Garikoitz Riosek esan dauenez, 'zoragarria da Bizkaiko Txakolinaren kalidadea eta egiten gabilzan lana autortzea nazinoartean'.
Nazinoarteko Ardao Txapelketa hau, Bacchus legez ezaguna, urte birik behin egiten dan lehiaketa bat da. Espainiako Dastatzaile Batasunak (UEC) antolatzen dau eta laguntzaile ekonomiko moduan Nazinoarteko Mahasti eta Ardaoen Erakundea (OIV) eta Nazinoarteko Enologoen Batasuna (UIOE) agiri dira. Aurtengo edizinoan 17 herrialdeetako 1.500tik gora ardao izan dira Madrilen.
'Itsasmendi 2005' txakolin gazte bat da, Hondarrabi-zuri mahats muetagaz egindakoa; uzta honetan 125.000 botila inguru produzidu dira. Era berean, 'Itsasmendi 7 zenbakia 2004' aukeratutako mahats-upel batean heldutako txakolina da.
Hamabi urteko historiako upategi hau gaur egun EAEko Txakolin upeltegi aurreratuenetakoa da. Gainera, Ana Martin Onzain enologa ospetsuaren laguntzinoa eta aholkularitzea daukie Itsasmendikoek; izan be, beronek sortu ditu 'Itsasmendi 7 zenbakia' edota mahats-bilketa beranduko 'Urezti' lako txakolinak.