Akabau da gerrea
Iñaki Atxutegi
Sukaldean luzaro egon dira beharrean. Pentsau lei ez dala lan erraza izan. Seguru nago arazo serioak izan dabezala mahaian egondako alde guztiek akordioa lortu arte. Ez dogu zehaztasun askorik ezagutzen, eta ez dakit nik egunotan esaten jakun guztia egia dan, errebelazino askok intoxikazino usaina daukie eta. Orain dakigun gauza bakarra zera da: ETA erakundeak su-eten iraunkorra iragarri dau.
Batzuek itxaropenagaz hartu dabe barria. Beste batzuek iraganeko eskarmentua daukie hartuta. Mesfidantza handiagaz ikusten dabe askok joan dan asteko iragarpena aurreko su – etenetan hartutako itxaropena pikutara joan zalako.
Uritar askok ezin dabe burutik kendu oraingo egoerea bizi dabenean, Lizarrako itunearen garaian bizitakoa. Orduko su-etena ilusino handigaz hartu zan gure artean. ETAk barriro armak hartu ebazanean, ostera, upealako frustrazinoa nagusitu zan Euskadin. Baina, nire ustez, egoerak ez dira bardinak. Eragile politikoen eskarmentua be ez.
Ikuspuntu politikotik hartuta akats handia izan zan Lizarra-Garaziren sasoiko su-etena bertan behera lagatea. Eta politikagintzan akatsak larrutik pagetan dira. Gogoratu daigun indarkeria girora buelteteaz ganera, ordurarte Ibarretxe lehendakariari laguntzen jarraitu barik Legebiltzarretik joan zirala Batasuneko legebiltzarkideak. Ondorioz, itzelezko zaplaztekoa emon eutsen euren botoemoileek. Eta hau gutxi bazan, Madrileko gobernutik, orduan Aznarrek zuzenduta, ezker abertzalearen ingurukoen kontrako eraso judizialak hasi ziran. Orduko ezker abertzaleak ez eban jakin indarrak neurtzen eta ondorio politikoak sufridu behar izan ebazan.
Azken faktorea indarkeria islamiarrarena izan da. Europako azken talde armatu legez geratzea ez zan marka samurra ETArentzat. Baina horrezaz ganera, New Yorken, Madrilen eta Londonen izandako atentaduek argi baino argiago adierazo eben Europan indarkeria politikoak ez daukala zeregiterik. Horren ondorioz, arazoa bideratzeko ahalegina ezinbestekoa zan. Arrakasta handiagaz, orain arte, Zapatero presidente espainiarrak be apustua egin dau eta irabazi gura dauela emoten dau. Guzurra emoten dau, horren fundamentu bakoa emoten ebana urteetako arazorik nagusienari konponbiderako urrats eraginkorrak emoten ikustea.
Orain pausuz pausu joan beharko da. Hamaikatxu dira ondorengo hilebeteetan askatu beharreko korapiloak: kartzela politikea, Alderdien legea, kale burrukea, iraultza zergea eta abar luze bat. Lan handia dago aurretik oraindino.
Duda barik, aurten hauteskunderik ez izateak asko lagundu dau. Badakigu 'urna usaina' dagoanenan, orekea galtzen dabela politikari gehienek. Horrxegaitik izan da posible patxadaz arazoari aurre egitea. Ez daigun ahaztu, bestalde, datorren urtean udal eta foru hauteskundeak dagozala eta ezker abertzaleak berebiziko interesa daukala hor egoteko. Eta dana pikutara joaten ez bada, egongo da. Eta sendo, seguruenik.
Baina ez daigun uste bakegintzea dala arazo bakarra. Benetako arazoa ez zan indarkeria, sakoneko arazo politikoa baino. Bakea lortzeko orduan danak pozik eta gustora egongo gara. Zeozelako adostasuna lortzea ez da horren gatxa. Benetako problemea etorriko da normalizazino politikorako mahaia osotuko danean. Normalizazino politikoaren ganean eretxi guztiz kontrajarriak dagoz alderdien artean. Eta eztabaida biziak izango dira. Baina ordurako, seguruenik, ez da egongo 'kontaminazinorik'. Ez da egongo indarkeriarik. Hala bedi!