Kontrolik barik
Bizkaie!
Des-Kontrol talde arrasatearrak hirugarren diskoa kaleratu barri dau Oihuka disketxearen eskutik. ‘Duintasunez eutsi’ izenburupean, punk eta steetpunk musikeak buztartzen dabez Aritz ahotsak, Oier gitarra eta ahotsak, Markel gitarreak, Iker bateriak eta Hodei bajuak. Urte piloa daroe musikearen munduan baina orain arte ataratako diskoak kanpoko disketxeakaz atara dabez, Ibizan eta Madrilen. Atzerrian, Kalifornia (AEB) eta Mexiko aldean luzaroan ibili ostean, etxera etortea erabagi dabe, ‘egoereari duintasunez eusteko’, Oierren esanetan.
Diskoa Elkar estudioan grabau dabe, zati bitan. Lana hamahiru kantek osotzen dabe baina horreetatik hamar baino ez dira barriak, izan be, hiru zuzenean grabauta dagozan lehengo kantak dira. ‘Abestiak laburrak dira, indartsuak eta abiadura handikoak’, dino Ritxi Aizpuru disketxearen arduradunak. Berbei jagokonez, ‘gure eguneroko bizimodua islatzen dabe eta aldarrikapen politikoak be lekutxua dauka’, autortzen dau Oier taldekideak.
Gustura dagoz egindako lanagaz eta horren erakusle dira berbatuta daukiezan hainbat kontzertu. Daborduko Oñatin eta Lekeition izan dira. Apirilaren 1ean, Bordelera joko dabe eta 8an Alonsotegira. Ostean, Atlantikoaz bestalde ezagututako musika-talde bategaz, ‘Los Dry Givers’ taldeagaz batera joko dabe. Apirilaren 13an Donostian, 14an Bonberenean eta 15ean Gasteizen; eta apirilaren 20an Zaldibarren, 21ean Barakaldon eta 22an Arrasaten.
Etxera bueltan etorteak onurea ekarriko deutsela uste dabe baina nazinoarteari ez deutsez ateak zarratu. Horren erakusle, diskoko seigarren kantea: ‘Freedom for my land’.