Odgrobadogroba (Gravehopping)
Film honetako zuzendari eta gidoilariak Donostiako zinemaldian zuzendari barririk onenari emoten deutsien saria irabazi eban. 'Odgrobadogroba' komedia baltza da, ondo garatua baina amaiera aldean lar iluntzen dana. Pelikulearen abiapuntua Gregor Bakovic-en jardun berezian dago; personaia honen lanbideak, bitxia izateaz ganera, ukutu makabroa dauka: hileta eleizkizunetako hizlari profesionala da, sano preziatua, kanposantuan batutako guztien negar-malkoak eragiteko aparteko dohain eta trebezia daukala eta.
Film honek bizitza eta heriotzearen ganeko nahiko ikuspegi zoroa emoten dau, errealismo magikoaren hainbat osogai erabiliz. Filmaren erdialdeko hainbat pasarte nahiko erritmo apal eta motelekoak dira, beharbada pelikula honen gai nagusia dan bizitzearen absurdotasuna azpimarratzearren edo.
Pelikulearen azkenengo zatia, ostera, gordin-gordina da, gogorra benetan. Nire eretxiz, amaiera bortitz hau behartuegi azaltzen da, aurretik egindako lan on baizen burubakoaren ildoa apurtuz; ezustekoa lar handia da eta, azkenean, adarra jo gura izan deutsuen sentsazinoa hartzen da. Azken batean, film hau absurdoa gogoko dabenentzat baino ez da egokia.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidolaria: Jan Cvitkovič.
- Herrialdea: Eslovenia eta Kroazia.
- Iraupena: 103 minutu.
- Antzezleak: Gregor Baković (Pero), Drago Milinović (Shooki), Sonja Savić (Ida), Mojca Fatur (Renata), Domen Remškar (Johnny), Brane Grubar (Dedo), Nataša Matjašec (Vilma), Zoran Dževerdanovič (Vilmaren senarra), Vlado Novak (Renataren aita), Nada Žnidaršič (Adriana), Drago Širok (Yaka).
- Argazkia: Simon Tanšek.
- Muntaia: Miloš Kalusek.