Zinea  IV. urtea // 155. zenbakia

Volver


Almodóvar-en lana gustoko izan arren, sekula ezin izan dot ulertu beraren filmetariko batzuk AEBetan zinearen historiako pelikularik onenak aukeratzeko egin ohi diran zerrendetan sartu izana; 'Time' aldizkariko kritikariek halantxe egin dabe zerrenda horren barruan 'Hable con ella' sartuz. Oraingoan, 'La mala educación' kaskarraren ostean, 'Volver' izeneko film luzea etorri jaku, zuzendari honen betiko ezaugarriei eusten deutsen beharra.

Filmean azaltzen diran gai batzuen izugarrikeria gorabehera, 'Volver' suspentse ukutuak daukazan komedia bat da, landua eta sendoa, baina agiriko hutsuneak be badaukazana. Gauzak holan dirala, hasikera bikain baten ostean, filmean hilten dan personaiaren gorpua ostentzeko pasarteak indargeak dira, sinisgatxak.

Edozelan be, makalguneak albo batera itxita, ikus-entzuleek gozetako tartea eskaintzen dau, batez be pelikulearen alderdi komikoari erreparauta. Gaurkotasun handiko hainbat gairen inguruko parodia barregarria egiten jakin dau eta horri freskotasun handiko gidoia erantsi deutso. Ganera, personaien nortasunean sakontzeko aukerea emoten daben iraganeko eta oraineko dramak azaltzen dira, euren jokabideen erakusgarri.

Era berean, aitatzekoak dira film honen girotze lana, argazkia eta soinu banda, bai eta antzezleen beharra be, esaterako Penélope Cruz-ena. Horrek argi eta garbi frogetan dau Almodóvar aktoreen zuzendari ezin hobea dala, eta, beraz, ez da harritzekoa Hollywoodera joan danetik lan on askorik egin ez dauen aktoresa honen talentua berreskuratu izana. Laburbilduz, film ona eta sendoa.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoilaria: Pedro Almodóvar.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 110 minutu.
- Antzezleak: Penélope Cruz (Raimunda), Carmen Maura (Abuela Irene), Lola Dueñas (Sole), Blanca Portillo (Agustina), Yohana Cobo (Paula), Chus Lampreave (Izeko Paula), María Isabel Díaz (Regina), Neus Sanz, Pepa Aniorte, Yolanda Ramos, Antonio de la Torre, Carlos Blanco.
- Argazkia: José Luis Alcaine.
- Muntaia: José Salcedo.