Abade bat penitentzia eske zeruan sartzeko
Juan Manuel Etxebarria Ayesta
Gure herrietan, hor garizuma aldean, batez be Aste Santu aurretxuan, misinoak edo ejerzizioak egoten ziran. Eleiztarrak domekero joaten ziran mezatara, baina banakaren batzuk urtean behin bakarrik, Pazko egunean baino ez. Horretarako, misinoetako astea izaten zan ona urteko autortzea egin eta gero Pazko egunean Gure Jauna hartzeko, eleizearen agindua betez.
Urte baten, ezin neinke esan Zeberio edo inguruko beste herriren bat zan, antxinako kontua da izan be hau, misinoak egozan Aste Santu aurreko astean.
Ia-ia herri guztia joaten zan misinolariari entzutera eta bide batez euren pekatuak konfesetara. Baegoan eleiztarra ez zan gizon bat be Pazko egunekoa behinik behin bete guran, eta joan egin ei zan, ba, eleizara; baina jente asko topau eban konfesalekuaren ondoan txandea jagoten. Halako baten, ondokoa bururatu jakon: gaua eleizan egitea, biharamunean lehenengoa izateko misinolariagaz konfesetan. Halantxe egin eban, egin be. Korura joan zan, sakristauak eleizako ateak itxikeran ikusi ez eian. Gaua heldu zan, sakristauak ateak zarratu eta han geratu zan gizon hori ilunetan eleizea hutsik eta hotzik egoala.
Kostau jakon, baina halakoren baten loak be hartu eban. Handik lasterrera, zer? eta karraaaask! eleizako ateak zabaldu egin ziran. Gizona buruko uleak be arteztuta eta gorputzean pipiladura eta guzti geratu jakun. Gaueko iluntasunean koruko gizon horrek ez eban ezertxu be ikusten, baina pausu hotsa entzun eban ostera. Halako baten argiak isiotu ziran eta ene! abade bat, ezezaguna, zahar-zaharra, itxura txarrekoa! Abade hori sartu zan ba sakristian, mezatarako erropak jantzi eta altarara etorri zan mezea emoteko tresna guztiakaz. Altarara igon eta gero, alde guztietara begiratu eban eta inor be ez egoala ikustean, hartu barriro mezea esateko tresnok eta sakristian sartu zan. Urten sakristiatik, argiak amatau eta eleizako ateak ostera be itxita, alde egin eban abade danadalako horrek.
Gure koruko gizona dar-dar egoan seguru koru bazterrean. Gehiago ez eban lorik egin. Bateko eleiztorreko erlojuaren kanpai hotsa, besteko saguzaharren hegazkadak, haragoko mozoloen uuuuuakaz, baina batez be ezin lorik egin eban ikusitakoa ulertu ezinik. Eguna argitu zanean, sakristaua eta misinolaria biak sartu ziran eleizan eta ordurako itxaroten egoan ha gizona misinolariagaz konfesetako. Misinolaria, ikaratu egin zan ha gizona hain tertzioz ikusteaz eta beste ezer baino lehenago itaundu eutson:
-Zelan ba inor baino lehenago paraje honetan?
-Ba, jauna, -erantzun eutson hak gizonak-, bart hemen egin dot lo, hor koru bazterrean gaur berorregaz konfesetako lehenengoa izateko, baina sustau egin naz hauxe eta hauxe, honantxe eta honantxe pasau dalako, -eta ikusitako guztia kontau eutson misinolariari-.
Misinolaria bera be ikaratu egin zan eta jasotakoa ames hutsa ala egia zan jakin guran badinotso hari gizon hari:
-Gaur gauez geratuko zinateke ostera be koruan lo egiten?
-Bakarrik ez, -erantzun eutson atoan gizonak-.
-Eta biok biotara bai?
-Ba, berorrek gura badau ni neu prest nauka!
Gaua heldu zanean, misinolaria eta ha gizona koruko estarian ostendu ziran eta konfesetako ezeze beste barriketa asko egiteko astia be euki eben.
Behin gauerdira ezkero, zer? eta karrrrrraaask! eleizako atea zabaldu zan. Korukook ixilik egozan, sorots, eta argiak isiotukeran ha abade zaharra ikusi ebenean badinotso misinolariari:
-Don Anastasio, aikor ha atzoko abade zaharra, ikusi egiten dau ikusi berorrek?
-Bai, ikusiko ez joat ba! Holakorik!
Gauerdiko abade zahar hori, sakristian sartu zan eta aurreko gauean lez, jantzi mezea emoteko erropok eta tresnok hartuta non datorren altarara. Misinolariak hori fetxoria hori ikustean, orpoetan har barik bajau koruko eskilarok, joan altarara eta esan eutson hari danadalako abadeari:
-Mutil, zerk hakar hi hona altarara honetan tertzio honetan? Ez haz izango Mateo Txistu lakoren bat, ez dok?
-Ba, begitu, -erantzun eutson-, ni ehiztari ona nintzoan eta behin baten mezea emoten egonik, mezerdian hartu naioan nire txakurrek jasotako erbia hilten joateko erabagia eta, jakina, kondenauta geratu nintzoan harik eta ha meza ha emon arte. Bostehun urte egon nok gauero hona altarara etorten, baina mezea erasoteko inor topau ez eta, barriro joan behar izaten joat kanpora.
-Hori baino ez badok, emon eik meza hori neuk erasota eta joan hadi bake-bakean Jaungoikoaren legean!
Emon eban erdi-emonean itxitako meza hori eta bere penitentzia bete ebala ikusirik esan eutson misinolariari:
-Eskerrik asko zeruko ateak zabaltzeagaitik! Gauzak ondo egitea lakorik ez jagok munduan. Agur, ongileak izan eta zahar on egin zaiteziela!
Hau kontu hau entzun dauena hemen daukazue, baina ikusi dauena batek badaki non! Joan eta bertan, beharbada!